
Euskal Wikilarien Kultura Elkarteak.- Podcasta Euskal Herriko museoetako objektuen bidez gure iraganaren pasarteak kontatzen dituen proiektuaren baitan sortu da eta bereziki haurrei zuzendutako komiki bat ere izango du bidelagun.
Euskal Wikilarien Kultura Elkarteak (EWKE) “Euskal Herriko historia 100 objektutan” egitasmoaren baitako podcasta aurkeztu du, hamar euskal idazleren laguntzaz eta Berriarekin elkarlanean. Asteartero argitaratuko den podcast honen bidez “Euskal Herriko historia 100 objektutan” proiektuan bildutako objektuen istorioak kontatu nahi ditugu, letra larriz idazten den Historiatik pixka bat aldendu eta hurbilagokoak egiten zaizkigun kontakizunak sortu asmoz.
Podcastaren gidoiak hamar idazlek sortu dituzte: Harkaitz Cano, Aintzane Usandizaga, Iñigo Aranbarri, Garbiñe Ubeda, Joseba Sarrionandia, Danele Sarriugarte, Eneko Bidegain, Cira Crespo, Eneko Barberena eta Amets Aranguren. Objektu bakoitzaren bizitza eta esanahia kontatuko dituzte, historian izan duten erabilera eta balioari hurbilagoko ukitu bat gehituz.
Intza Alkainek jarri dio ahotsa atal bakoitzari, eta ekoizpena Berriarekin elkarlanean gauzatu da.
Azaroaren 4ko lehen atalean Cira Cresporen eskutik joango gara Barrikako kostara, Aranbaltzako lurra zulatzeko makila ezagutzera. Paleolito garaiko egurrezko makil batek zer kontatu ahal digu gure historiari buruz? Nola iritsi ote da gaur eguneraino? Istorioa osorik entzun nahi duenak Berriaren webgunean du horretarako aukera, eta baita ehunobjektu.eus loturan ere.
100 objektuak
Nahi duenak ehunobjektu.eus webgunean topa dezake “Euskal Herriko historia 100 objektutan” proiektuari buruzko informazio guztia. Besteak beste, proiektuaren edukiak hainbat euskarritan izango dira eskuragarri: idazleek sortutako testu literarioak, Wikipediako artikuluak, Txikipediako bertsio egokituak eta Wikimedia Commonsen objektu bakoitzaren irudi galeria bat.
Esan bezala, EWKEk 2024-2027 egitasmoaren baitan jarri zuen martxan proiektu hau, euskarazko ezagutza librea zabaltzen jarraitzeko asmoz eta gure ondare historikoa ikusgarri egiteko helburuarekin. Zerrenda hau osatzerakoan museoak eta bestelako GLAM (Galeriak, Liburutegiak, Artxiboak, Museoak) erakundeak izan ditugu bidelagun. Egitasmoa munduko beste herrialde batzuetan garatutako proiektu arrakastatsuetan oinarritzen da. Euskal Herrian lehen aldiz egingo den ekimen honek gure museoetako bildumak ardatz hartzen ditu, historian zeharreko 100 objekturen bidez herriaren ibilbidea eta iruditeria ezagutarazteko.
Gaztetxoentzako komikia ere bai
Podcast hau ez da berritasun bakarra; Euskal Herriaren historia gaztetxoengana gerturatzeko asmoz objektu bakoitzarekin landutako komiki bat ere argitaratuko dugu.
Bihar hasita asteazkenero, Eñaut Aiartzaguenarekin batera sortutako “Ikasi Otsorekin” komikiek bezperako podcastean aipatutako objektua ekarriko dute marrazki eta kolorez jantzita. Txikipediako erabiltzaileentzat lehendik ere ezaguna den Otso pertsonaiak 100 objektu hauek modu grafiko, erakargarri eta ulergarrian azalduko dizkie haur eta gazteel.
Komiki hauek gure ondare eta historiara gerturatzeko leiho bat izatea da asmoa eta hauek ere eskuragarri egongo dira ehunobjektu.eus webgunean eta baita Txikipedia eta Euskarazko Wikipediaren sare sozialetan ere (@Txikipedia eta @euwikipedia Mastodonen, edo Euskarazko Wikipediaren Telegrameko kanalean).
