Berdintasuna eta tradizioa berriro batu dira desfile berean
Alarde Parekidearen Junta.- Beste behin, Alarde parekidearen desfileak frogatu du berdintasuna eta tradizioa eskutik helduta joan daitezkeela. Aurten ere egun ahaztezina izan da, non hamalau konpainia eta unitatek (aurten Meakako konpainia batu zaie) dena eman duten, jaia, topaketa eta emozioa zailtasun ororen gainetik nagusitu daitezen.
Atzean geratu dira emakumeak iraintzea, seinalatzea edo eraso egitea normaltzat hartzen ziren garaiak, inolako gaitzespen politiko edo sozialik gabe, hainbesteraino ezen herritar gehienak zilegi zela pentsatzera iritsi baitziren. 29 urte geroago, errespetua zabaltzen ari da. Intrantsigenteen eta bazterkeria beren nortasun-ezaugarri dutenen denbora, beraz, gero eta laburragoa da, gero eta gutxiago dira jarraitzen diotenak.
Bide luzeko lasterketa hau irabazten ari gara, eta horrela erakusten dute adibide askok eta askok irundarren artean. Gure Alardea handitzen jarraitzen du, partaide gehiago biltzen, konpainiak gehitzen, eta zer esanik ez espaloietatik ikusten gaituztenen artean; hots, gizartean gero eta onartuagoak gara. Halaber, gero eta gehiago dira Alarde baztertzailea utzi eta gurera datozen gizonezkoak, berdintasuna defendatzera eta inor ez baztertzera. Gero eta zailago da azaltzea zer dela-eta parte har dezakeen jai batean anaiak edo aitak, eta ez, emakume izate hutsagatik arrebak edo amak.
Eskerrik asko Alarde bikain honetan parte hartu duten guzti-guztiei, bai eta, babesa eta maitasuna eskainiz beroaren berotan kiskalita espaloietan eutsi diotenei ere. ESKERRIK ASKO!
Eskerrik asko, baita ere, gizon-emakume nekaezin askori, batzordeetan banatuta umil eta apal urte osoan lan egiten baitute ekainaren 30ean Alarde bat gauzatu dezagun.
Aurten agintari askok erreleboa pasako diete beste hainbeste berriri. Agintarien errotazioa gure ezaugarrietako bat da, Alardeari bizitasuna, aniztasuna eta indarra emateko oinarrizkoa delakoan baikaude. Eskerrik asko, bada, aurten zeuen lana bukatu duzuen agintari guztiei; eskerrik asko zuen adoreagatik, suhartasunarengatik eta ongi egindako lanarengatik. Zuen gogoak eta lanak egin dute posible denok gozatzen duguna.
Azkenik, berriro diogu jarraituko dugula eskatzen Udalari antolatzeko Alardea, pertsona guztiek bertan tokia izan dezaten. Alkateak ezin du esan bakoitzak bere gustuko jaia ospa dezakeela gustukoen duen moduan, zeren eta Alarde bakarra baitago emakumeei berdintasunez parte hartzea ahalbidetzen diena, eta hori hola da batzuek borondate osoz, eta Gipuzkoako Foru Aldundiaren eta Emakunderen diru-laguntzaz, ahaleginak eta bi egiten dituztelako Alarde parekidea antolatzen. Eginbehar hori, aldiz, erakundearena da, Udalarena, berari baitagokio herriko emakumeek topatzen dituzten oztopoak berdintzeko zeregina; besteak beste, ekainaren 30ean Alardean gizonezkoekin batera desfilatu ahal izateko.
Gora Irun!! Gora San Martzial!!