Aski Da-.- Irungo jaiak bukatu berritan, eta jaien aurretik Udalarekin hasitako bartu emanen lehen kapitulu bati amaiera eman zitzaiola iritzita, Aski Da! kolektiboa osatzen dugunok beharrezkoa ikusi dugu hartu eman horien balorazio publikoa egitea. Baina, horretarako, lehenik ,komenigarria iruditzen zaigu azken hilabeteetako hartu eman horien errepasoa egitea.
Guztia 2024 ko abenduaren 4ko Gabonetako argiak pizteko ekitaldiarekin hasi zen: Udalak ekitaldi hura erdara hutsez egin izanak "Aski da! Irunen ere euskaraz bizi nahi dugu" izenburupeko manifestua plazaratzea ekarri zuen, lrungo 35 kolektibok sustatua (auzo eta guraso elkarteak, kultur eta kirol taldeak...). Gerora, gehiago ere batu ziren, guztira 40 taldez osatutako kolektibora, handik aurrera Aski Da! kolektiboa gisa ezaguna.
Horren harira, Irungo Udalak publikoki barkamena eskatu zuen, eta baikorki baloratu genuen keinu hori. Baina manifestu hura izenpetu genuenok argi dugu, keinu zehatzetatik harago, hizkuntza politikak eguneratzeko beharra dagoela Irunen eia borondate politiko berri baten abiapuntu izan daitekeen elkarlanerako gonbidapena luzatu genion Udalari.
Hala, otsailaren 12an elkartu ginen lehen aldiz Udaleko arduradunekin, eta bertan argi adierazi genituen gure eskaerak: udal ordenantza lehenbailehen betetzen hastea, eta datozen bost urteetarako Hizkuntza Plana (AROA izenekoa) eragileokin batera osatzea.
Zoritxarrez, ez bata, ez bestea ezin izan zituzten bete: lehena, ordenantza betearazteak denbora eskatuko zuela aitortu zutelako, eta bigarrena, ordurako Hizkuntza Plan bat osatua zegoelako.
Hala ere, Aski Da-!n ez genuen amore eman, eta bilera gehiago egin genituen elkarlanerako bideak bilatzeko asmoz; eta azkenean, zirrikitu bat aurkitu genuen: batetik, ordenantza aztertu eta era progresiboan betearazten hasteko konpromisoa, eta bestetik, eginda zegoen Hizkuntza Plan berriaren moldaketarako “prozesu parte-hartzaile” bat.
Gure eskaerak guztiz asetzen ez bazituen ere, eta jakinda “prozesu parte-hartzailea” ez zela guztiz hala, mugatua eta partziala zelako, gaiari modu eraikitzailean heltzea erabaki genuen, eta Euskara Zerbitzuak antolatutako saioetan parte hartu genuen maiatzaren 12tik ekainaren 16a bitarte.
Azkenean, hasierako alde bietako mesfidantzak eta desadostasunak gaindituz, uste dugu, bai geu, bai Euskara Zerbitzuko arduradunak, gai izan garela modu eraikitzailean jardun, adostasunak bilatu eta Hizkuntza Plan hobe eta osatuago bat egikaritzeko. Era berean, honekin erakutsi dugu, borondatea izanez gero, gauzak herritarrokin batera egitea aberasgarria eta mesedegarria dela denontzat.
Jakina ,hau ez da ezeren bukaera; orain plana martxan jartzea dagokio Udalari. Jakitun gara ez dela erronka makala, baina gauzak aurrera txukun eramateko borondatea egonez gero, Euskara Zerbitzuko arduradunek badakite Aski Da! kolektiboak beti izango duela eskua luzatuta laguntzeko prest. Hori bai, era berean, ez dugu ahaztu behar oraindik ere Udalaren jardunean, sarriegitan ,betiko inertziek jarraitzen dutela, euskara baztertuz edota zokoratuz: urrutira joan gabe, San Pedro eta San Martzial jaietan haurrei zuzendutako zenbait ekitalditan edota alkateak berak irundar orori zuzendutako jaien irekiera ekitaldiko hitzartzea ditugu borondate eza horren adibide. Orain Euskara Zerbitzuari dagokio jokabide horiei heltzea eta ¡nertziei buelta ematen hastea, irundar guztion hizkuntza eskubideak betearazteko. Gu erne egongo gara.
Laburbilduz, Aski Da! kolektiboan baikor baina zuhurtziaz hartzen dugu hilabete hauetan ekindako bidea, eta espero dugu gauzak egiteko modu berri baten hasiera izatea.