Euskal Herriko Pentsionisten Mugimendua.- Dakizuenez, EAEn Pentsioak Osatzeko Euskal Sistema sortzeko, EHPMak aurkeztutako Herri Ekimen Legegilearen bigarren fasean gaude. Fase hori urtarrilaren 13an hasi genuen Eusko Legebiltzarrean emandako prentsaurreko baten bidez.
Bi hilabete igaro dira, eta beharrezkotzat jotzen dugu kanpaina honen nondik-norakoak publiko egitea. Gutxieneko pentsioa LGSrekin parekatu nahi dugu, euskal pentsiodunen bizitza hobetzeko eta gizonen eta emakumeen arteko genero-aldea eta -desberdintasuna murrizteko.
Lehenik eta behin, esan behar da ekimen honek erakunde sindikal guztien babesa lortu duela (ELA, LAB, CCOO, UGT, STEILAS, CGT-LKN, ESK, CNT, ETXALDE, EHNE, eta HIRU), eta milaka pertsona ari direla sinadurak biltzen Euskal Autonomia Erkidegoko herri, hiri, landa-eremu, lantegi, unibertsitate, ikasketa-zentro edo udaletan.
Bi hilabete hauetan, hitzaldiak eman ditugu ehunka herritan eta milaka diptiko eta triptiko banatu ditugu gure ekimena ezagutarazteko. Behar bezala homologatutako 1.200 sinadura-orri banatu dira eta, gaur egun, 95.000 sinadura bilduta daude. Eta esan behar dugu sinadura horietako bakoitza izendatutako fede-emaileek edo fede-emaile publikoek, udal-idazkariek, autentifikatzen dutela, edozein hauteskunde-prozesutan ematen diren boto guzti-guztien berme berberarekin eta EAEko Hauteskunde Batzordearen kontrol berarekin. 20.000 euro inguru gastatu ditugu kanpaina honetan, herritarren ekarpenekin finantzatu den kanpainan. Uste dugu, lortu nahi dugun helburuak merezi duela esfortzu ekonomiko bandi hau egitea.
Joan den otsailaren 4an, Bilboko Kafe Antzokian, HELren Batzorde Sustatzaileak laguntza-ekitaldi bat antolatu zuen. Ekitaldi horren protagonista nagusiak esparru desberdinetako 289 pertsona izan ziren: arte eszeniko, arte plastiko, kirola, ekologia, gizarte-mugimendu, bertsolaritza, feminismo, erakunde memorialista, unibertsitate, kazetaritza eta arte bisualetakoak. Babes zabala, zeharkakoa eta plurala da, gure ekimena euskal gizartean lortzen ari den sendotasuna islatzen duena.
Gainera, joan den otsailaren 24an, EHPMko emakume pentsiodunek, Euskadiko ehun talde baino gehiagorekin, talde feministak eta, oro har, emakume taldeak, gutxieneko pentsio duinak lortzeko HELren aldeko ekitaldi bat egin zuten Bilboko Bilborock aretoan. Oso arrakastsua izan zen. Emakume batzuen ahotsa entzuteko aukera egon zen, lan prekarizatuetan aritutakoen ahotsa: etxeko langile batena, baserritar batena, Etxez Etxeko Arreta Zerbitzuko langilearena, kultura sortzaile batena eta supermerkatuko emakume langilearena. Datuen arabera hauek dira, besteak beste, pentsio txikienak dituzten emakumeak. 65.000 emakume pentsiodunek baino gehiagok jaso dezakete lege-proposamen honek ekarriko lukeen onura.
Herri-ekimen honen hedapena eta harrera oso arrakastatsua izaten ari da, eta oso itxaropen handia sortzen ari da euskal gizarte osoan. Eskerrak eman nahi dizkiegu laguntzen ari zaizkigun pertsona eta erakunde guztiei. Espero dugu ekimen honen HIRUGARREN ETA AZKEN FASEAn, Eusko Jaurlaritzarenren TXOSTEN batean oinarrituta Legebiltzarreko OSOKO BILKURA, legebiltzar-talde guztiek tramitatzearen alde bozkatzea. Ez genuke ulertuko hainbesteko ahalegin eta babesaren ondoren Eusko Jaurlaritzak informe negatiboa ematea eta gizarteko sektore ahulenetako baten bizitza hobetuko lukeen ekimena ez onartzea, gizonen eta emakumeen arteko pentsioetan genero-desberdintasuna eta -arrakala murriztea helburu duen ekimen bat izapidetzearen aurka bozkatzea.