Sortu.- Sortuk nazio ekitaldia egingo du irailaren 27an Iruñeko Anaitasuna pabiloian, frankistek Txiki eta Otaegi fusilatu zituztela mende erdia beteko den egun berean. Fusilamendu haiek, diktadura frankistaren aurka borroka egin zuten bi gazte abertzale akabatzeaz gain, Euskal Herriaren askatasun egarria itotzea ere bazuten helburu; ordea, ez zuten lortu. Eta xede bera zuen, handik bi hilabete eskasera, Franco hil eta Juan Carlos I Borboikoa Espainiako estatuburu izendatzeak ere: “guztia lotuta, eta ondo lotuta” uztea.
1975eko gertakari haien memoriak eta orbainek oraindik bizi-bizirik diraute Euskal Herrian. Gure herriaren nazio izaera eta autodeterminazio eskubidea ukatuak dira. Haatik, herri hau altxarazi eta itxaropena ekarri zuen belaunaldi haren askatasun egarria ere bizi-bizirik da. Hala iritsi da guganaino hamarkadaz hamarkada. Euskal Herria askatzera lotu gara milaka herritar, eskuz esku herri hobe bat eraikitzeko ametsera batu.
Beraz, 1975eko urte seinalatu hartatik 50 urte igarota, Euskal Herriak badu zer gogoratua; euskal herritarrok badugu zer oroitua; badugu zer ospatua eta zer aldarrikatua: Euskal Herriaren askatasun grinak bizirik eta indartsu jarraitzen du, milaka lagunek egunero elkarrekin hauspotzen dugu, eta duela mende erdi ondo lotuta utzi nahi izan zuten korapilo hura askatzeko momentua da.
Ospakizun eta aldarri horiekin elkartuko gara ezker abertzaleko hainbat belaunalditako kide andana Sortuk irailaren 27an Iruñeko Anaitasunan 17:30ean egingo duen nazio ekitaldian. Bertan izango gara Irun eta Hondarribiko kideak ere. Hala, Irun eta Hondarribitik elkarrekin joateko autobusa antolatu dugu: 15:00etan abiatuko gara Hondarribiko Sabin Aranako autobus geltokitik eta 15.15ean Irungo Bixeratik. Autobusean izena emateko whatsapp edo Telegram mezua bidali behar da 677187462 zenbakira. Ekitaldira sartzeko ez da sarrerarik eta gonbidapenik behar, eta ez dago izena eman beharrik ere.
Independentziara bidean, Euskal Herria askatzera lotu garenon garaia da!