Gorputzak, lurrak eta komunitateak: Elikadura feminista baten alde

Labore

Labore Txingudi elkartea.- Urriaren 16an, Elikaduraren Munduko Eguna ospatutzen da. Urriaren 15ean, Landa Eremuko Emakumeen Nazioarteko Eguna izan zen. Bi data bauek bata bestearen ondoan egotea ez da kasualitatea: elikadura sistemaren oinarrian emakumeen lana, jakintza eta zaintza daude, eta haien ahotsa eta eskubideak erdigunean jartzea ezinbestekoa da justizia sozial eta ekologikoa lortzeko.

Landa eremuko emakumeek gure elikadura burujabetzaren zutabeak dira: nekazaritzan, artisau ekoizpenean, zaintzan eta komunitatearen sostenguan. Haien lanari esker mantentzen dira tokiko ekoizpena, bioaniztasuna eta belaunaldien arteko jakintza. Hala ere, emakume askok oraindik ez dute behar duten aitortza, erabaki-guneetan lekua, ezta lan-baldintza duinik ere.

Elikadura ez da soilik merkatuaren edo kontsumoaren auzia: eskubidea da, eta ondorioz, komunitatearen ardura. Elikadura sistema bidezkoago, jasangarriago eta feminista baten alde egiteko, beharrezkoa da emakumeen rola aitortzea eta haien lidergoa indartzea, landa eremuan zein hirietan.

Ekofeminismotik begiratuta, elikadura eta zaintza uztartzen dituen ikuspegi integrala proposatzen dugu: lurra, gorputzak eta komunitatea erdigunean jarriko dituen eredu baten alde.

Horretarako, tokiko ekoizpenaren eta kontsumo arduratsuaren aldeko sareak sendotzea, eta emakume ekoizleen ahalduntzea funtsezkoa da.

Bidasoako emakume ekoizle guztiak omendu nahi ditugu: eguneroko lanarekin gure mahaiak elikatzen dituztenak, tokiko ekonomiari bizitza ematen diotenak eta elikadura burujabetzaren aldeko komunitate bizi baten oinarria direnak. Haien jakintza, ausardia eta elkartasuna dira gure eskualdeko agroekologia eta jasangarritasunaren bihotza.

Haiek gogoan, dei egiten diegu herritarrei tokiko ekoizleei babesa ematera, kontsumo kontzientea sustatzera eta elikadura bidezko, osasungarri eta solidario baten aldeko urratsak elkarrekin egitera.

Etiquetas: