Gipuzkoako Mercacalzados enpresako langileek greba mugagabearekin jarraitzen dute, zazpi hilabete baino gehiagoko borrokaren ostean

Erakusleihoa grebaren kartelez beteta

ELA Sindikatua.- ELA sindikatutik publikoki salatu nahi dugu Mercacalzadosek Donostiako denda greba mugagabearen testuinguruan ixteko hartu berri duen erabakia. Justifikatu gabeko neurri bat izateaz gain zazpi hilabete baino gehiago enpresa-hitzarmen duin baten alde borrokan daramaten langileak presionatu edota zigortzeko helburua betetzen du. Neurri honekin, hiru langile kaleratuak izan dira eta beste bati lekuz aldatzen diote; hauetatik bi, grebalariak zirelarik.

Itxiera hau, enpresak Gipuzkoan dituen zortzi dendetako bati eragiten diona, grebalarien aurkako eraso zuzena izateaz gain, Mercacalzadosek gatazkari benetako konponbideak eskaintzeko duen interesaren erakusle ere bada. Langileek lan-baldintza duinak eta bidezko hitzarmena eskatzeko hasi zuten greba, baina orain arte enpresak ez du modu serio eta arduratsuan negoziatzeko asmorik erakutsi.

Zailtasunak zailtasun, argi utzi nahi dugu ez dugula gure borroka etengo, eta aurrera jarraituko dugu grebarekin, langileen eskubideak errespetatuko dituen eta guztiontzako etorkizun duina bermatuko duen konponbidea lortu arte.

ELAk Mercacalzados-i eskatzen diogu bere jarrera immobilista alde batera uzteko eta gatazka hau modu justuan konpontzeko proposamen zehatzak eskaintzeko. Aldi berean, datorren asteko ostegunean, urtarrilak 23, langileei babesa adierazteko egingo dugun kontzentraziorako deia egiten dugu, 12:30etan izango da Donostiako Katalunia plazan.

Etiquetas: