Abotsanitz.- Oraingoan Terrazen ordenantzarekin atera zaigu EAJ-PNV, “prozesu parte-hartzailea baino inposaketa izan dela, 45 ordu eman diegula ordenantza aztertzeko, lan-bilerarik ez azalpenik ez direla eman edota proposamenaren kontra jende asko dagoela” bezalako gezurrekin.
Eta beraz, azken aldian honelako baieztapenak kontrastatu eta demostratzen ari garenez, hemen ere ez gara atzean geratuko:
“Parte-hartze prozesu asko... beraien egia inposatzeko”
Prozesua ez denean egiten, inposaketa egiten delako. Prozesua egiten denean, aurretiaz inposaturik dagoelako. Kasu honetan ere, eragile, ostalaritzako sektore edota bizilagunekin elkartu gara, guztien iradokizun, kexu eta ekarpenak jaso eta ordenantza guztion iritziak kontuan har ditzan.
“45 ordu eman dizkigute terrazei buruzko ordenantza aztertzeko.”
Ez da egia. Gaia ez da berria, EAJ ezagun da honen inguruan, beraiek izan baitziren duela urte batzuk zirriborroa izan, kaxoian sartu eta ahanzturan nahita utzi zutenak. Baina PNVren gezurra kontrastatzeko, 2024ko urriaren 17ko eta 2025eko otsailaren 20ko Hiri eta Lurralde antolamenduko batzordean jorratu da gala.
2025eko urtarrilaren 15ean ordenantza idazteko aurretiazko kontsulta publikoa egin zen. Otsailak 20ko batzorde egun horretan, ordenantzaren nondik-norakoak jasotzen zituen dokumentu zirriborroa publiko egin zitzaien. Eta azkenik, 2025eko martxoaren 12an, ordenantzaren laburtzen zuen dokumentu bat ere herritarren eskura jarri zen. Hau guztia, weborrian duzue eskuragarri, edozeinek kontrastea egin nahi izango balu.
"Prozesuan zehar, lan-bilerarik ez, azalpenik ez.”
Zur eta lur geratzen gara baieztapen honekin.
Ordenantza baten izapidetze arruntak eskatzen duena baino partehartze zabalagoa egin dugu, lanbilera asko deituz. Ordenantzak zuzenenean eragiten dien kolektiboekin aritu da udala lanean: Ostalariak, ezgaitasun egoeran dauden pertsonak, bizilagunak eta udaleko teknikariak. 2024ko azaroaren 14ean, Jostaldi pilotalekuan, kolektibo bakoitzarekin entzute saioak burutu ziren, oraindik dokumenturik ez zegoenean. Ondoren, lehenengo zirriborroaren aurkezpena egin zen kolektibo berdinekin, bakoitzarekin 2025eko martxoaren 26ean. Bi saio hauetatik gatazkatsuenak ziren arloak identifikatu eta hirugarren topaketa bat burutu zen hauek lantzeko. Azken honetan, kolektibo guztiak elkarrekin artu ziren lanean, eta oso aberasgarria izan zen. Saio guzti hauetatik jasotakoarekin zirriborroari aldaketa batzuk egin zaizkio eta bori da hasierako onespenera eramaten dena. Aipatu beharra dugu, bilera hauetan, EAJ-PNVko kideak ere bertan egon zirela, beraz lanbilera edota azalpenik egon ez dela esatea, gezur hutsa.
“Proposamenaren kontra, jende asko.”
PNVren ostalaritzako terrazen kudeaketa ezaren ondorioz, Hondarribia, inoiz iritsi behar ez zen puntura iritsita zegoen eta horrek kolektibo ezberdinen jarrera arteko distantzia ia salba ezina egiten zuen: Ahoz emandako baimenek eta banaka itxitako negoziazioak sektorearen baitan ezinegona sortzen zituen; kale okupazioagatik egiten zen kobrantza oso modu arbitrarioan egiten zen eta sektorearen baitan haserreak (handiak) sortu. Bizilagun askoren atsedena oztopatu eta bizi kalitatean eragin ezkorrak sortzen zituen... Udal gobernuak ausardiaz jokatu du, prozesu konplexua izango zela jakinda ere prozesuan aurrera eginez, sektorearen eta auzotarren bizitzaren arteko oreka bilatuz.
Eskandalo eta gezur-sorta guzti hau zergatik? Bada gaur, osteguna hilak 22, Batzordera eraman delako Terrazen ordenantzaren behin-behineko onarpena eta nolabait, EAJ-PNVk bere kontrako bozka zuritzeko.
Duda sartzen zaigu, ea oraindik ere, EAJ-PNVkoek prozedura ikasi ez duten, jakinda oraindik ere jendaurrean berriz jartzeko eta alegazioak egiteko epea oraindik pasa ez denean.
Izan ere, fondoa kritikatzeko argumenturik ez dagoenean normalean formetara jotzen dute ezinbestean. Eta hitz potolo guztien artean “inposaketa” hitza aukeratu dute eta ez da kasualitatea; oso kontzienteki aukeratutako hitza da gobernu oso bat deslegitimizatze aldera, deslegitimizazioa maila eta gai guztietan. Adi egon daitezela herritarrak “inposaketa” hitza askotan entzungo bait dute uda honetan eta baita aurrerantzean ere, propaganda merke moduan.
Ez gara perfektuak izango, noski, baina gu ean gaude egiten ari garenarekin. PNV dago urduri, ikusten ari direlako, haiek gai izan ez dren afera asko urrera eramaten ari garela (Terrazen ordenantza, Santiago edota Arrantzale Auzoko berhiritartzeak, Etxebizitza politikan aurrerapausoak etab.)