ELA-k elkarretaratzeak egingo ditu EUDELek toki administrazioan esparru propioa negoziatzeko duen borondate eza salatzeko

Zerbitzu publikoaren aldeko kontzentrazioa

ELA Sindikatua.- Otsailaren 28an, ELAko langileek elkarretaratzea egingo dituzte Azpeitia, Irun, Lasarte, Asparrena, Etxebarri, Derio eta Santurtziko udaletxeen aurrean.

Urtarrilaren 22an EUDELeko zuzendaritza batzordeak Udalhitzen negoziazio mahaia deitu zuen. Bertara %10etik gorako ordezkaritza duten sindikatuak (ELA, LAB eta CCOO) eta UGT joan ginen.

Mahaia ez zen eratu, 2024ko itxierako ordezkaritza-datuak falta zirelako. Orain, ordezkaritza datuekin badakigu ELAk gehiengo osoa duela, % 50etik gorako ordezkaritza baitu.

Lehen bileran esan genuen bezala, ELAk ezinbesteko ikusten du aurkeztu ditugun premisetan aurrerapausoak ematea mahaia osatu ahal izateko:

  • UDALHITZen sorrerako espiritua berreskuratzea eta bide horretan EUDELeko batzorde eragileak eta bere ordezkari politikoek (EAJ, EH BILDU eta PSE) erabaki zehatzak hartzea.
  • Negoziazio berrirako oinarria 2008-2010ko Udalhitza izatea.
  • Udalhitz udaletan aplikatzeko ordezkaritzari buruzko konpromisoa
  • Akordioa etorkizunean betetzea eta defendatzea.
  • Akordiorako ordezkaritzaren gehiengoak errespetatzea.

Horregatik guztiagatik, ELAk dei egiten die sektoreko langile guztiei otsailaren 28an egingo diren elkarretaratzeetan mobilizatzeko.

Kontzentrazioak eskualde desberdinetan eta EUDELeko zuzendaritza batzordean ordezkatuta dauden alderdi politiko guztietako udalen aurrean egingo dira. Gure eskualdeko kasuan Irungo Udalaren aurrean egingo da otsailaren 28an, ostirala, goizeko 11:30etan.

Mobilizaziorik gabe ez da konpromisorik egongo negoziazio-mahaian adostutako edukien aplikazioa bermatzeko. Eta iada 15 urte pasa dira Udalhitza berritu gabe. Bada garaia sektoreko lan-baldintzak nabarmen hobetzeko, eta ELAk behar den guztia egingo du hala izan dadin.

Etiquetas: