ELA Sindikatua.- Gipuzkoako erresidentzietako eta eguneko zentroetako langileek iraileko bigarren greba eguna dute gaurkoa, irailaren 25a. Hori dela eta, elkarretaratzeak egingo dituzte Irungo eta Errenteriko zahar egoitzetan, enpresei eta Aldundiari honako hau eskatzeko: langileen artean dagoen soldata arrakalarekin amaitzeko, eta lan jardun osoko kontratuak.
Izan ere, ELAk aztertutako datuek agerian utzi dute egun sektorean langile gehien biltzen dituen erizain laguntzaileen kasuan, %25eko soldata arrakala dagoela lan berdina egiten duten erizain laguntzaile publiko edo azpikontratatuen artean, hau da, urtean 10.000 euro baino gehiagokoa.
Arrakala hori are handiagoa da langileen ia erdien kasuan, kontratu partziala izateagatik diferentzia nabarmenagoa baita. Ondorioz, arrakala bikoitza jasaten dute. Horregatik, enpresei eta Aldundiari, eskatzen diete arrakala horrekin amai dezala.
Kontratazioa ere aldatzea gakoa da horretarako, partzialtasuna eta azpikontratazioa baitira soldata arrakaleran aldagai nagusienak. Gogora dezagun 5.000 bat langile biltzen dituen sektore honetan, partzialtasuna %45ekoa dela eta azpikontratazioa %93koa. Kontuan izanda langile gehin-gehienak emakumeak direla, genero arrakalan txapeldun da sektorea, langileen ia erdiak borondatezkoak ez diren kontratu partzialak izaki.
Sindikatuak auzi horiek behin eta berriz mahai gainean jarri baditu ere, ez Aldundiak ez enpresek, ez dute urratsik egin konponbiderako. Horregatik, gaurko elkarretaratzeetan horixe aldarrikatu dute langileek hitzarmen berriaren negoziazioari begira.
Gaurkoaz gain, atzo eta gaur ere greba egunak dira Gipuzkoako erresidentzia eta eguneko zentroetan.
Gaur, irailaren 26ean, Zaintzaldia egingo dute Donostian, alfonbra morea, film laburra eta sari banaketa eta guzti.