Irungo 33 kirol kluben eskaintza bildu du Pareanek, neska eta emakumee! hiriko kirol aukerak hurbiltzeko

Guia Kirola Partekatuz 2026-2027

Parean elkartea.- Parean elkarteak Kirola Partekatuz 2026-2027 gida aurkeztu du, Irungo kirol klubek neska eta emakumeentzat duten eskaintza bildu eta ikusgarri egiteko. Gidak 33 kluben informazioa jasotzen du, baita emakumeen parte-hartzea sustatzeko praktika onak ere. Urriaren 18an egingo den Igande Sasoi ekimena aukera izango da eskaintza horren zati bat gertutik ezagutzeko.

Parean elkarteak Kirola Partekatuz 2026-2027 e Irungo kirol kluben eskaintza neska eta emakumeentzako gida argitaratu du. Baliabide honen helburua da Irungo neska eta emakumeei hirian dituzten kirol aukeren inguruko informazioa modu erraz eta bateratuan eskaintzea eta, aldi berean, emakumeen kirol-praktika eta parte-hartzea sustatzea.

Gidak Irungo 33 kirol kluben eskaintza biltzen du, askotariko kirol modalitateak ezagutzeko aukera eskainiz. Klub bakoitzaren inguruko informazio praktikoa jasotzen da: zein adinetara zuzentzen den eskaintza, nesken taldeak edo talde mistoak dauden, zer jarduera eskaintzen diren eta klubarekin harremanetan jartzeko informazioa, besteak beste.

Kirola aukeratzeko aukera gehiago, estereotipo gutxiago.

Gidaren helburua ez da soilik Irunen dagoen kirol eskaintza zerrendatzea. Parean elkartearen asmoa da neska eta emakumeek eskura dituzten aukera guztiak ezagutzea eta genero-estereotipoek kirola aukeratzeko orduan duten eragina murriztea.

Horregatik, gida honek tresna praktikoa izan nahi du kirola egin nahi duten emakume, neska eta nerabeentzat eta haien familientzat. Kirol berriak ezagutzeko, klubekin zuzenean harremanetan jartzeko eta bakoitzaren interesetara egokitzen den jarduera aurkitzeko abiapuntua eskaintzen du.

Era berean, gidaren amaieran kirol eremuan berdintasuna sustatzeko praktika onak jaso dira. Atal horren bidez, klubek neska eta emakumeen parte-hartzea handitzeko, haien presentzia eta ikusgarritasuna indartzeko eta kirol ingurune berdinzaleagoak eraikitzeko baliagarriak izan daitezkeen hainbat gako eta adibide eskaintzen dira.

Horrela, gida ez dago soilik kirola egin nahi duten neska eta emakumeei zuzenduta; Irungo kirol klubentzat ere tresna izan nahi du, beren jarduna genero ikuspegitik aztertzeko eta berdintasunaren aldeko urrats berriak emateko.

Kirola Par(t)ekatuz 2026-2027 gida.

Urriaren 18an, Igande Sasoi

Gidaren aurkezpenarekin batera, Parean elkarteak gogorarazi nahi du urriaren 18an Igande Sasoi egingo dela Irunen.

Jardunaldia aukera paregabea izango da hiriko kirol eskaintza kalera ateratzeko eta herritarrei, bereziki neska eta emakumeei, hainbat kirol eta klub gertutik ezagutzeko aukera eskaintzeko.

Parean elkarteak neska, emakume eta familiak animatu nahi ditu urriaren 18an parte hartzera, kirol ezberdinak ezagutzera eta probatzera eta, batez ere, orain arte agian kontuan hartu ez dituzten kirol jardueretara hurbiltzera.

Etiquetas: