
EH Bildu.- Irungo PSEk eta EAJk Txenpereneako proiektuaren baitan egindako azken adierazpenen aurrean, EH Bildutik Udal Gobernuari arduraz jokatzea exijitzen diogu, eta proiektu honen atzean dauden kirol talde eta herritarrekiko errespetu handiagoa erakustea.
Plaiaundiko pisten lekualdatzea gure eskualdeko zor historikoetako bat da, Irungo PSEk eta EAJk azken urteotan egindako adierazpen eta iragarkietatik harago bete gabe jarraitzen duena. Hamarkadetako blokeoaren ondoren 2025. urtean, martxoan, EH Bilduren ekimenez, Gipuzkoako Batzar Nagusietan sei hilabeteko epean lekualdaketan ardura duten erakundeen konpromisoak zehaztuko zirela onartu zen.
Epe hori igarota, zehaztapen horien gaineko berririk ez ezik, PSE eta EAJren arteko eztabaida publiko berri bat ikusi behar izan dugu egun hauetan; erakunde guztietan koalizioan gobernatzen badute ere, Irungo Sozialistek eta jeltzaleek elkarri leporatu diote proiektua geldirik egotea, eta beste behin, proiektu garrantzitsuetan aurrera egiteko duten ezintasuna erakutsi dute.
Horren aurrean, EH Bildutik:
Irungo Udal Gobernuari egungo egoera zein den argitu dezala exijitzen diogu eta proiektuak aurrera egitearen ezintasuna non dagoen modu garbi eta publiko batean azaldu dezala, hori bideratu eta behingoz hitzetatik ekintzetara pasa daitezen.
