Osasun BidasoA Herri Plataforma.- Udako etenaldiaren ondoren, OSASUN BIDASOAk herritarren mobilizazioekin jarraitzeko asmoa du, galdutako osasun-zerbitzuak berreskuratu arte.
Joan den larunbatean, milaka herritarrek Bidasoaldean Osakidetzak eskaintzen duen osasun-arretaren kudeaketarekiko desadostasuna adierazi zuten. Aurretik, Bidasoa Ospitaleko Larrialdi Zerbitzuko eta Irungo PACeko profesionalek ere idatziz salatu zuten larrialdi-arretaren egoera larria.
OSASUN BIDASOAk eskerrak eman nahi dizkie herritar guztiei jasotako babesagatik, Irungo festen bezperan eta bero handia egin arren mobilizazioan parte hartu baitzuten. Halaber, osasun-profesional ugari, eskualdeko alkateak eta udaletan ordezkaritza duten alderdi politiko gehienetako ordezkariak bertaratu ziren.
OSASUN BIDASOAk Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailari neurri zehatzak hartzea eskatzen dio, hitz hutsak eta bete gabeko promesak alde batera utzita. Bidasoaldeko eta Bortzirietako herritarrek argi eta garbi eskatzen dute kalitatezko eta hurbileko osasun-arreta berreskuratzea.
Egungo arazoei irtenbidea emateko eta Bidasoaldeko osasun-arreta hobetzeko, OSASUN BIDASOAren ustez ezinbestekoa da Osakidetzak orain arteko politikak aldatzea eta osasun-arretaren kudeaketan norabidea aldatzea.
Datorren irailean urtebete beteko da OSASUN BIDASOAko ordezkariek Pedro Morrondo doktorearekin, Bidasoa ESIko gerente izendatu berriarekin, bilera egin zutenetik. Orduan pazientzia eta ulermena eskatu zitzaizkien herritarrei. Denbora igaro da, baina iragarritako hobekuntzak ez dira bete.
OSASUN BIDASOAren iritziz, egungo arazoei erantzun egokia emateko beharrezkoa da Bidasoa ESIko zuzendaritza asistentziala berritzea. Egungo zuzendari medikoak, Mª Eugenia Alkizak, eta erizaintzako zuzendariak, Miren Lasak, 13 urte baino gehiago daramatzate euren karguetan.
Gauzak ez direnean behar bezala funtzionatzen, eta arazoek urteetan irauten dutenean, arduradunak berritzea ezinbestekoa izaten da egoera iraultzeko.

