Hondarribiko Udal Bozeramaileen Batzordearen izenean ostiralean argitaratutako adierazpenari EH Bilduren erantzuna

Gipuzkoako Batzar Nagusiko buruak egindako adierazpenaren inguruan Hondarribiko Udaleko Bozeramaile Batzarraren izenean argitaratutako erantzunari buruz, Hondarribiko EH Bilduk honakoa adierazi nahi du:

Hondarribiko EH Bilduk gezurtatu egiten du erantzun hau Bozeramaileen Batzordearen adierazpena denik, Bilduko bozeramaileari ez baitzaio abisatu Bozeramaileen Batzordea biltzekoa zenik ere; adierazpenaren egilea, izatekotan, bozeramaile batzuen batzordea izango litzateke.

Bide berean, berriro ere gogorki salatzen dugu alkatearearen aldetik eta honenbestez Hondarribiko EAJren aldetik Udaletxean Bilduko zinegotziak baztertzeko etengabeko saiakera eta nabarmendu nahi dugu jarrera hauekin agerian uzten duela demokratikotik eta joko garbitik ezer gutxi daukala Aitor Kerejeta Alkatearen Udala gobernatzeko duen moduak.

Adierazpenari dagokionez, nahiz eta Udal Gobernuko, Hamaikabateko, PSOEko eta PPko ordezkariek batak besteari begiak itxi eta honenbestez errealitatea ikusi nahi ez izan, gainontzeko gipuzkoar gehienontzat nabaria  da  Irun eta Hondarribiko alardeak direla Gipuzkoan jasaten den emakumeen aurkako erasoen irudi argi, masibo eta publikoena, ikusi besterik ez dago urtez urte komunikabideetan auzi honek izaten duen islada.

Hondarribiko EAJri, Hamaikabati, PSOEri eta PPri gogorarazi nahi diegu ostrukarena egiten badute ere, auzi honen ondorioz alardean berdintasunez parte hartu nahi izan duten emakumeek Hondarribian  jasan izan dituzten irain eta eraso fisikoak ugariak izan direla urteetan zehar eta Udalak, lotsagarriki arituz, eraso hauek salatu ez ezik, ez duela ezer egin hauek ekiditeko.

Azkenik, Udal  Gobernuari adierazi nahi diogu Eusko Jaurlaritzako Prospekzio Soziologikoen Kabineteak egindako azterketan plazaratu zen moduan, Hondarribiko gizon eta emakumeek masiboki adierazi dutena, arazo honi konponketa eman behar zaiola dela. Beraz, EH Bilduk Hondarribiko Udal Gobernuari eta bereziki alkateari berriro ere eskatzen diogu ez dezala emakumeen eskubideen urraketak babesten dituzten taldeei bazka ematen jarraitu eta behingoagatik ekin diezaiola alardearen auzi hau konponbidean jartzeari.

Etiquetas: 

Angulaberria.info ez da angulaberria talde editorialaren izenpean ez dagoen iritziez erantzule egiten. Gure desira era guztietariko debate aberasgarriak bultzatzea da.