Hondarribiko Udaleko 2015eko aurrekontuei buruz

Hondarribiko EH Bildu.-  Bihar, hilak 17, Hondarribiko Udaleko aurrekontuak onartzeko Udalbatza egingo da.

Aurkeztutako egitasmoaren aurrean, E.H. Bilduk 16 emendakin partzial aurkeztu ditu. Horien artean, 500.000 euroko partida bat eskatu dugu alokairu soziala bultzatzeko.

Gaur egun, gazteek ikaragarrizko zailtasunak dituzte gurasoengandik emantzipatzeko, dela laneko baldintza eskasengatik, dela herriko alokairuen prezio altuengatik. Bestalde, pairatzen ari garen krisiarekin asko dira etxea galdu edo Hondarribian ordaintzen diren alokairuen prezioak ordaintzeko zailtasunak dituztenak.

Guzti hori nola hala konpontzeko, behar-beharrezkoa ikusten dugu neurriren bat hartzea eta Udalak badu hori bere gain hartzeko gaitasuna.

Lana sustatzeko egindako Hondarribia Abian Planerako EAJk 254.814 euro jarri duen lekuan guk 600.000 eskatzen ditugu. Honen bidez, herriko langabetuen lan merkaturatzea ahalbidetuko duten jarduerak martxan jartzeaz gain, lehen sektorearen (arrantza nahiz nekazaritzaren) sustapenerako esfortzu berezia egitea nahi genuke. Hau da, Hondarribiko produktuen ekoizpena sustatu, bertako enplegua indartzen den bitartean.

Euskararen erabilpenaren inguruan ere, Hondarribiko diagnosi bat egitea ezinbestekotzat jotzen dugu. Bereziki arduratzen gaitu azken urteetan gure herrian sumatzen dugun euskararen erabileraren beherakadak. Generazio berriek eskolan euskara/z ikasi arren, erabilerak ez du gora egin. Horrexegatik azterketa bat egitea beharrezko ikusten dugu, emaitzen arabera dagozkion neurriak hartu ahal izateko.

Azkenik, beste zenbait emendakinen artean, Udalaren ondasunen inbentarioa egiteko ere eskatu dugu. E.H. Bilduk 2012ko otsailean eskaera aurkeztu zion Udalari legeak agintzen duen inbentarioa egiteko. Geroztik, urtero aurrekontuen eztabaidan eskatu izan dugu, baina inoiz ez dute egin.

Etiquetas: 

Angulaberria.info ez da angulaberria talde editorialaren izenpean ez dagoen iritziez erantzule egiten. Gure desira era guztietariko debate aberasgarriak bultzatzea da.