Azaroak 25, emakumeen aurkako biolentzia desagerrarazteko nazioarteko eguna

Hondarribiko EH Bildu.- Datorren azaroak 25, emakumeen aurkako biolentzia desagerrarazteko nazioarteko eguna izaki, emakumeen aurkako biolentzia oro baztertzen dugula ez ezik, biolentziak eragiten dituen eragile oro baztertzen dugula esateko eguna da, aski dela esaten jarraitzeko eguna da. Eta erakunde publikoak, borroka honetan lehentasunezko eragile izango garela berretsiz konpromiso zehatzak hartzeko eguna da. Ez dugu bakea eta normalizazioa lortuko gure herrian, emakume izateagatik biolentzia jasateko aukera bakar bat mantentzen den bitartean.

Horregatik, Hondarribiko EH Bilduko taldeak, erakunde adierazpen proposamena aurkeztu dugu gaur goizean Udaletxean, Udalak bere egin dezan.

Hauek dira zehazki, adierazpenean proposatzen ditugun zortzi puntuak:

  1.- Hondarribiko udal honek, Emakumeen Mundu Martxak onartua duen biolentzia matxistari aurre egiteko protokoloa bere egiten du.

  2.- Hondarribiko udal honek, talde feminista eta emakume taldeekin elkarlanean, Hondarribiarekin lotutako biolentzia matxistei aurre egiteko emerjentziazko plan iraunkorra abian jarriko du, horretarako behar diren bitarteko tekniko zein ekonomikoak aktibatuko dituelarik.

  3.- Hondarribian gerta daitekeen emakumeen aurkako erasoak identifikatzeko, salatzeko, desagerrarazteko eta sortu aurretik aurreikusteko Biolentzia Matxistaren aurkako Behatokia abian jarriko du, emakume eta talde feministekin elkarlanean.

  4.- Udal erakunde honek, izanak izena duenez, eta terminoak argitze aldera, etorkizunean “biolentzia matxista” terminoa erabiltzeari eutsiko dio, dagoeneko hedatua eta zabaldua dagoen kontzeptua baita adituen artean.

  5.- Udal erakunde honek, berdintasun unitatea sortzeko eta baliabide tekniko zein ekonomikoz hornitzeko konpromisoa hartzen du, 2016 urteko aurrekontuak zehazten ari diren une honetan.

  6.- Udal erakunde honek, Gipuzkoako Foru Aldundia eta Eusko Jaurlaritza enplazatzen ditu, emakume eta gizonen arteko berdintasuna lortzeko aurrekontu partidak handitu, berdintasun zuzendaritzak indartu, epaitegietako genero unitateak doitu eta legedia errebisatzeko konpromisoa hartzera.

  7.- Hondarribiako udal honek, enplazamendu zuzena egiten die hezkuntza eragileei lerro kurrikularretan genero berdintasuna landu dezaten.

  8.- Azaroaren 25erako mugimendu feministak deitu dituen mobilizazioekin bat egiten dugu eta bertan parte hartzeko deia egiten diogu jendarte osoari.

Hondarribiko Udalak eskaera hauek bere egin ditzan garrantzitsua iruditzen zaigu, biolentzia matxistei aurre egiteko borrokak Erakunde publiko guztien inplikazioa behar baitu. Baina ezin dugu horretan bakarrik utzi, gu denon inplikazioa ere beharrezkoa da arazo larri honi irtenbidea eman nahi badiogu. Horregatik, azaroaren 25erako mugimendu feministak deitu dituen mobilizazioetan parte hartzeko deialdia ere luzatzen dizugu.

Etiquetas: 

 

Angulaberria.info ez da angulaberria talde editorialaren izenpean ez dagoen iritziez erantzule egiten. Gure desira era guztietariko debate aberasgarriak bultzatzea da.