Gipuzkoako aberastasunaren gaineko zerga: isiluneak eta argudioak

Hush!Isidro Esnaola Herrero. Gipuzkoako Foru Aldundiako Zerbitzuetako eta Zerga Heziketako zuzendari nagusia.- Harrigarri samarra izan zen Gipuzkoan aberastasunaren eta fortuna handien gaineko zerga aurkeztean eztabaida apala egotea. Orain, ordea, deigarria da zerga horren inguruan espantuka hasi izana. Gainera, uholdeka datoz imintzioak:. isilune luze baten ondorioz, adierazpen eta baieztapen kritikoen andana dator; batzuek, gainera, erabat mespretxatzen dute zerga hori. Ikusirik zer ordenatan etorri diren adierazpenak, bultzada politiko bati jarraitzen diotela dirudi.

Adierazpen horiek bultzada politikoa izan edo ez, egia da aberastasunaren gaineko zergaren aurka egiteko erabiltzen diren argudioak behin eta berriz errepikatzen direla, nahiz eta ez dirudien argudioak oso sendoak direnik. Baina hori ere ez da garrantzizkoa, baldin eta Thomas-ek teorema ezagun hartan aldarrikatu zuena lortzea bilatzen bada: «Baldin eta pertsonek egoerak errealtzat hartzen badituzte, horien ondorioak errealak dira».  
 
Arrazoi pragmatikoak

Haien argudioak zer datutan oinarritu ez dutenez, errealitate hori –zergadunek Gipuzkoatik alde egitea– sortzeko erabiltzen duten baliabide nagusia da aitorpenak pertsona jakin batzuei egoztea, azken horiek errealak izan edo ez. Hori horrela, auzitan jarri nahi denez aberastasunaren gaineko zergak zergadunen partaidetza enpresarialak pertsonen ondarearen zati baten moduan kontabilizatzea, nahiz eta geroago partaidetza horiek %75eko hobaria izan, honelako testigantzak erabiltzen dituzte: «Jakin izan banu, irabaziak etxe bat erosteko erabiliko nuen, enpresan berriro inbertitu beharrean. Orain, berrinbertsioa egiteagatik zigortua naiz». Hori horrela, kasu honetan, baldin eta pertsona horrek etxe batean inbertituko bazuen, zerga kalkulatzeko orduan, etxearen balio osoa konputatu beharko zuen, batere murrizpenik gabe; eta, bere enpresan inbertitu duenez, bakarrik inbertsio hipotetiko horren %25 konputatuko da eta, hori edozein ikuspuntutik begiratuta, murrizpen handia da eta, gainera, enpresetan inbertitzeko pizgarri bat.

Bestetik, oso bitxia da ez konturatzea zer desberdintasun sortzen duen, batetik, enpresa bat edukitzeak eta zerga kalkulatzean haren balioa ez kontabilizatzeak eta, bestetik, ordea, sozietate anonimo batean (adibidez, trenak egiten dituen batean) inbertitua duen kapital berdina duen beste pertsona batek bere inbertsioaren %100 zergan kontabilizatu behar izateak.  Zergatik pertsona batek inbertsioa kontuan hartu behar du eta besteak, ez? Ez al dute sortzen bi inbertsioek aberastasuna eta enplegua? Ez al dute arriskatzen bi pertsonek beren kapitala? Egia da, enpresa familiarraren kasuan, handiagoak direla inbertsioa egiteko dedikazioa eta inbertsiogileak bere gain hartzen duen arriskua. Egoera horretan, arrazoizkoa dirudi enpresa familiarraren berezitasun horrek nolabaiteko hobaria izatea. Horregatik, lehendabizikoaren partaidetzak %75eko hobaria izan du, bigarrenari dagokionez.

Zigortzea da zigor bat jartzea, eta zergak ez dira zigorra, baizik eta, beren ahalmen ekonomikoaren arabera, pertsonek guztion onari ekarpen bat egiteko bitarteko bat.

Gizarteratu nahi duten bigarren beldur handia da inbertsioak galtzea eta enpresak lurraldetik kanpora eramatea. Egia esateko, ez da erraza ulertzea zergatik. Beste ogasun publiko batzuetako ondarearen gaineko zergaren modu berdinean, aberastasunaren gaineko zerga aberastasun osoaren gainean ezartzen da, «...kontuan hartu gabe zer lurraldetan kokatuta dagoen». Egoera horretan, zentzurik al du esateak enpresak edo inbertsioak beste leku batera eramango direla? Aberastasunaren gaineko zergaren ikuspuntutik, berdin hartuko da kontuan inbertsioak hemen eginez gero edo munduko beste leku batean eginez gero.

Ausarkeriaz aireratzen diren arrazoi horiek faltsuak dira, argi eta garbi. Azalpen ulergarri bakarra da argudio horiek behin eta berriz erabiltzen dituzten pertsonak ez direla benetan jabetzen zer esaten ari diren, haien aurreiritzi ideologikoen gatibu direlako, gure inguruaren koloreetako bat bakarrik hautematen uzten dieten koloredun betaurrekoak erabiliko balituzte bezala. Beste kasu batean, pentsatu beharko genuke zorroztasun txikiko ariketa bat dela, aurrez pentsatutako ideietatik aurrez erabakitako ondorioetara doana.

Goian aipatutako argudio pragmatikoekin batera, batzuetan bukaerako arrazoibide bat eransten da: zertarako mantendu behar da Gipuzkoan bildutako zerga guztien %1 baino pixka bat gehiago biltzen duen zerga bat? Jendaurrean lelo hau zabaltzen dute: a zer gogoa bazterrak nahasteko! Horrek garamatza gaia beste modu batean planteatzera eta gure buruari galdetzera: zergatik hainbeste zalaparta, zergaren eragina hutsala bada? Ekarpen txiki bat delako, baina bitarteko ekonomiko handiagoak dituzten zergadunek eginak. Ekarpen txiki horrek balio du, besteak beste, krisi garai honetan gastu sozialari eusteko. Gainera, gizartera gehien itzultzen duen ekarpena da, aberastasunaren ikuspuntutik begiratuta, hala adierazi baitzen aurreko foru gobernuak EHUri agindutako txosten batean.
 
Balorazio iritziak

Gipuzkoako aberastasunaren gaineko zergaren aurka, ahalik eta bide gehienak erabiltzen dira. Horrela, argudioen artean, balorazio iritziak ematen dira.  Besteak beste, «zerga horrek zigortu egiten du» moduko baieztapenak egiten dira. Zigortzea da zigor bat jartzea, eta zergak ez dira zigorra, baizik eta, beren ahalmen ekonomikoaren arabera, pertsonek guztion onari ekarpen bat egiteko bitarteko bat. Gai horrekin jarraituta, gehien errepikatzen diren beste balorazio batzuk tankera honetakoak dira: «inbertsioa estimulurik gabe utziko du» edo «enpresariek jazarrita ikusten dute beren burua». Pertsona bakoitzak bere moduan bizitzen ditu bere inguruneak eragiten dizkion sentsazioak, baina ez dago inolako arrazoirik inork bere burua jazarrita sentitzeko, arauak argiak badira eta pertsona guztiei berdin aplikatzen bazaizkie. Zalantzarik gabe, ezin da jazarpenaz hitz egin.

Haien argudioak zer datutan oinarritu ez dutenez, errealitate hori –zergadunek Gipuzkoatik alde egitea– sortzeko erabiltzen duten baliabide nagusia da aitorpenak pertsona jakin batzuei egoztea, azken horiek errealak izan edo ez

Nolanahi ere, zerga berri honi esker, zergadunen ekarpena modu nabarmenago batean bat etorriko da aberastasunarekin eta ez, ordea, beste zirkunstantzia batzuekin. Izan ere, zirkunstantzia horiek ahalbideratzen zuten modu leungarri batean esan ohi den «plangintza fiskal oldarkorra», alegia, zerga ordainketatik ihes egitea eta, kasuen batean, zuzenean zerga iruzurra egitea. Horrenbestez, balorazio iritzi horiek mesede txikia egiten diote zergari buruzko balorazio lasai bati.

Agintaritzaren argudioa

Aberastasunaren gaineko zergaren aurkako tesiak sendotzeko erabiltzen ari den azken baliabidea agintaritzaren argudioa da. Oso zabaldutzat ematen duten egoera bat (zergadunek Gipuzkoatik ihes egitea) berresteko batere daturik gabe, hedabide gutxi batzuek, abokatu bulegoren batek eta patronalak konpromisoan jartzen dute beren hitza eta, hortaz, beren sinesgarritasuna, fikziozko errealitate bat sortzeko ahalegin horretan. Ez hainbeste errealitatea beren asmoetarako egokitzen dutelako, baizik eta pertzepzio hori zabaltzeak izango lituzkeen efektuengatik, alegia, laburbilduta: Foru Gobernua ahultzeagatik.

Nolanahi ere, zerga berri honi esker, zergadunen ekarpena modu nabarmenago batean bat etorriko da aberastasunarekin eta ez, ordea, beste zirkunstantzia batzuekin

Baliteke pertsona batzuek argudioa benetan sinistea, baina askoz demokratikoagoa da sustatzea  kontrastatu daitezkeen datuei buruzko eztabaida eta izaera objektiboagoa duten arrazoiak. Horrenbestez, ikusirik Gipuzkoako aberastasunaren eta fortuna handien gaineko zergak interes handia piztu duela, eta gaiari buruzko eztabaida bultzatzeko asmoz, Ogasun eta Finantza Departamentuak udako ikastaro bat antolatu du, EHUrekin, Oxfam Intermon-ekin eta Rosa Luxemburg Fundation-ekin elkarlanean. Ikastaro horretan, aipatutako gaiak aztergai izango dira, bai eta austeritate eta murrizketa garai hauetan aberastasuna tributatzearekin lotutako beste batzuk ere. Horiek horrela, gaia interesgarria zaien guztiei gonbitea luzatzen diegu bertan parte hartzeko, eta are gehiago une honetan, ikastaroaren matrikula oraindik irekita baitago.

Aterata: http://www.gipuzkoa.eus

Ikusi Ondasunaren gaineko Zergako estatistikak eta dirutza handiak (Ondarea)

Etiquetas: 

 

Angulaberria.info ez da angulaberria talde editorialaren izenpean ez dagoen iritziez erantzule egiten. Gure desira era guztietariko debate aberasgarriak bultzatzea da.