#AgurSantano Game Over!!

fotoAgur Santano.- Historikoki herriak, pertsonez osaturiko herriak, injustizien aurrean altxatu izan dira. Ez da, beraz, ezer berria. Herriaren haserrea sortzen duenak, herria bera topatu du aurrean nahikoa dela esanez.

Hau gertatu da Irunen. Orain eta beste hainbatetan. Baina oraingoan indar gehiagoz dator errebindikazioa, ilusioz eta esperantzaz jantzia, gauzak behingoz aldatu behar direnaren sinesmen geldiezinarekin.

Hor kokatzen da GAME OVER dinamikaren hasiera. Irundarren haserre eta nekearen bozgorailu gisara sortzen den dinamika. Herritarren gehiengoaren kritika eta iritzia bideratzeko tresna. Gure aburuz, Irunek bizi duen egoera ikusita ezinbesteko dinamika.

Irunen PSOEren agintaldiak luze jo du, luzeegi. 32 urte daramatza udaletxearen gidaritzan eta soberazko arrazoiak daude aski da!! esateko.

Santanoren taldeak, duela 32 urte PSOEk etengabe errepikatzen zituen “cambio” eta “pueblo” hitzen erabateko politika desberdinak ezarri ditu Irunen. Metamorfosi lotsagarri batean, klientelismoan, iruzurrean eta autoritarismoan oinarritutako politikak inposatu ditu. Adibideak mila dira eta ondorioak ere mila. Mila eta latzak. Langabezia tasarik altuena herrialdean, herriko komertzioaren gainbehera izugarria, etxe-kaleratzeak, murrizketak, prekarietatea, herritarren parte-hartze eza, eskubide urraketak etabar luze bat. Azken finean, etorkizun beltza irundarrontzat.

Baina udaleko agintariei, Santano eta bere taldeari, ez zaie kritika gustatzen. Horregatik beldurraren bitartez moztu nahi izan dute dinamika herritar hau, ekintza judizialak erabiliko dituztenaren mehatxuarekin. Beraien esanetan Santanoren aurpegia pankarta eta pegatinetan agertzea iraina eta onartu ezin daitekeen eraso basatiak dira. Beraien hitzak “amenazas y coacciones” izan dira hain zuzen. Markesinetan agertzen diren Santanoren argazki erraldoiak ze dira orduan? Biolentzia bisuala?

Agerikoa da min eman diela dinamika honek. Egiak min ematen duela diote eta gure kritikak egia besterik ez dira. Beraiek estali nahi dituzten egiak. Galtzaile txarren antzera dabiltza, zauritutako animaliak bailiran

azken haginkadak ematen. Bide zuzenetik goaz orduan. Ez gaituzte izutuko. Ez gara geldirik egongo.

Gure dinamikak helburu garbi bat dauka, indarrean dagoen erregimenarekin amaitzea, beste Irun erabat desberdina egin daitekeenaren esperantzarekin. Horretarako sekulako aukera dugu maiatzaren 24ean. Botoen bidez Santano eta konpainia kendu ditzakegu hauteskunde hauetan. Orain da momentua!!! Urduri dabiltza. Oso urduri. Inoiz ez bezala galtzekotan daudela ikusten dute. Probestu dezagun aukera!!! Kendu ditzagun behingoz!!

Partida bukatzear dago. Beraiek ezarri dituzte joko arauak beti, baina horrek ez ditu oraingoan salbatuko. Partida bukatzear dago eta guk dauzkagu kartarik onenak. Partida bukatzear dago, ez zaie denborarik gelditzen. Partida bukatzear dago. Igandean, partida guk amaituko dugu!!!

GAME OVER SANTANO GAME OVER!!!!

Etiquetas: 

 

Angulaberria.info ez da angulaberria talde editorialaren izenpean ez dagoen iritziez erantzule egiten. Gure desira era guztietariko debate aberasgarriak bultzatzea da.