Agur eta eskerrik asko Asier

Irungo Euskal-Jira.- Duela hilabete, zorigaiztoak bat­batean eraman zuen Asier Martiarena gaztea, irundar prestua eta gure hiriko hainbat arlotan langile nekaezina. Horietan, zalantzarik gabe Euskal Jira nagusitu zen. Antolakuntza batzordeko lehendakari izan da hainbat urtez, bere aita zenaren lekukoa hartuz.

Nork esango zigun Asierrek ere hain goiz utziko gintuela? Antolakuntza batzordean utzi digun hutsunea izugarria da. Jakina, ez  da izango etxean utzi duena baino handiagoa (besarkada handi bat bere neskei), baina gu ere familia txiki bat sentitzen ginen. Hurrengo hilabeteak ez dira batere samurrak izango.

Lerro hauen bidez eskerrak eman nahi dizkizuegu aste hauetan Euskal Jiraren ingurura hurbildu zareten guztioi, lehenik Asierri azken agurra ematera, baina baita batzorde osoari zuen babesa eta gertutasuna azaltzera. Festa eder honek irundarren laguntza duela erakutsi diguzue.

Aurrerantzean inoiz baino beharrezkoagoa izango zaigu laguntza hau. Beraz, Euskal Jiran parte hartzeko prest dagoen edonori, gure batzordean sartzeko gonbita luzatzen diogu, denon artean hutsune handi hau arinduko dugun esperantzan.  Eskerrik asko denoi, bihotz­bihotzez.

Etiquetas: 

 

Angulaberria.info ez da angulaberria talde editorialaren izenpean ez dagoen iritziez erantzule egiten. Gure desira era guztietariko debate aberasgarriak bultzatzea da.