Merkataritza Librearen Hitzarmenak; ez dira lege naturalak

Cheap food, high wage -ogia merke eta soldata altuak-. 1848an, hauek ziren sustatzaile sutsuen hitzetan Ingalaterra eta Frantziaren artean zerealeak eta beste lehengai batzuen truke askearen hitzarmenak ekarriko zituen onurak; langileen onarpena lortu ahal izateko. Gaur egun, ia 170 urte beranduago, merkatu internazionala gobernatzen duten merkataritza librearen hitzarmenen kopuruak goranzko joera hartu du. ALCA, TTP, NAFTA…, dira adibiderik esanguratsuenak munduko ekonomian duten indarra medio, nahiz eta azkenaldian TTIP eta CETA izan gehien entzun direnak. Azken bi hauek Europear Batasunak negoziaturiko merkatu merkataritza librearen hitzarmenak dira, Estatu Batuekin eta Canadarekin hurrenez hurren. Munduko Merkataritza Erakunde-ko (MME) datuen arabera, gaur egun 302 hitzarmen iada martxan daude eta beste 39 negoziatuak izaten ari dira. Hitzarmen hauen onurak, hala nola Barne Produktu Gordinaren igoera, lanpostu berrien sorrera, soldaten igoera,…, hitz batean garapena, ez dira 1848-ko zerealen merkatu askeko adibidean aldarrikaturiko onuretatik asko aldentzen.

Modu honetan deskribaturik eta hitzarmen libreak bezala izendatu ondoren –nor egon liteke askatasunaren aurka- gutxi batzuk besterik ez lukete zalantzan jarriko hitzarmenak gizarteari ekarriko lizkiokeen onurak. Dena den, hitzarmen hauek berezkoak ematen duten herri kontestazio kementsuak dakartzate beraiekin. Nekazariek, abeltzainek, sindikalistek, epailek,… demokraziaren aurkako erasotzat jo dituzte hitzarmen hauek.

Modu bilateralean edota herrialdeka egiten diren merkataritza librearen hitzarmen hauek duten helburu nagusia akordioa sinatzen duten estatuen arteko merkataritzaren erregulazioa da, merkataritza fluxuaren igoera eta garapen ekonomikoaren sustapena bultzatze asmoz. Hori lortu ahal izateko, merkatu askeko guneen artean ondasunen zirkulazioa, zerbitzuena edota inbertsioena modu mugagabean bultzatu eta bermatzen dituzten arauak jartzea beharrezkoa da. MME osatzen duten 164 estatuetako edonork, MME berak markaturiko arau zehatzak bete behar ditu, paradoxikoki kontrola bermatzeko.  

MME-k, neoliberalismoaren politika ekonomikoak “ustezko demokrazia” baten bidez zehaztuak izateko sortu zenak, Abenduaren 10etik 13ra bitartean Buenos Airesen (Argentinan) egingo du elkarteratzea. Oraingo honetan, aurretik aipaturiko neurriak finkatzeaz gain, propietate intelektualaren inguruko eskubideak, patenteak edo merkatu elektronikoaren inguruko neurriak ere negoziatuko dira. Azken puntu honen inguruan, elkarrizketaren xedeak estatuei merkatu elektronikoa erregulatzeko eskubidea galaraztea edota datuen transakziorako zerga berriak jartzea dira. Adibide honek guztia azaleratzen du; MME-ren negoziazio bilera bakoitzean, herriaren burujabetzatik geratzen den apurrak zartada haundi bat jasaten du bere burujabetza hori kontrol ekonomikotik kanpo dagoen organizazio inaternazionalari uztean.

Ez da erraza, are gutxiago OMC-tik neurri ekonomikoak lege naturalen pare ezartzen direnean (grabitate indarraren legea edota termodinakaren legeak bezala), baina alternatibak egon badaude. Garapena eta merkataritza galarazi gabe, baina herrien arteko elkartasuna oinarri harturik, ingurumena errespetatuz eta azken finean gizartearen gehiengo bati onura ekarriko liokeen alternatibak. Gizartearen gehiengoa, bere interesen defentsan protagonista izatea helburu izango duten merkataritza hitzarmenak hain zuzen ere.

Europa guztian hedatu diren murrizketak osasungintzan, hezkuntzan edo ikerkuntzan eta jasan ditugun historian zehar lorturiko eskubideen atzerakada, ez dira kasualitate hutsak, hitzarmenetan inplementatzen diren liberalizazio politika hauen ondorio baizik. Beraz, logikoa ematen du azken hiru hamarkadetako ekonomiaren liberalizazioaren aldeko joerari orain aurkako norantza eman nahi izatea. Guzti honek esfortzua eta konpromisua ditu oinarri. Pixkanaka-pixkanaka sare alternatiboa eta solidarioa josten joatea, bai tokian tokiko baita modu globalean ere logika kapitalistatik at dauden proposamenekin, guztiok amesten ditugun gizarte justuago horiek eraikitzeko asmoz.

Ander Pobo
Gipuzkoako TTIP / CETAren aurkako kanpainako kidea

Etiquetas: 

 

Angulaberria.info ez da angulaberria talde editorialaren izenpean ez dagoen iritziez erantzule egiten. Gure desira era guztietariko debate aberasgarriak bultzatzea da.