«Zubia» lekualdatzeko iragarpenaren harira

Centro Zubia

Uxue Kerexeta eta Paul Estonba. Bidasoako Kontseilu Sozialistako kideak eta Larreaundiko bizilagunak.- Kezkagarria da oso azken asteotan Irunen azaleratu den joera erreakzionarioa. Segurtasunaren aitzakiapean eta bizilagunen izenean sare sozialetatik diskurtso arrazistak hedatzen aritu ostean, pasa den apirilaren 26an elkarretaratzea deitu zuten San Juanen.

Egitasmo «neutral», «hiritar» eta «apolitiko» moduan aurkezten ahalegindu badira ere, talde ultraeskuindarren mesedetara jarduten duten norbanakoek sortu eta hauspotu duten ekimena izan da. Lotura politiko oro ukatu badute ere, haien sare sozialetatik ez dute ezkutatu VOX edo Desokupa bezalako talde faxistekiko atxikimendua. Era berean, haien egitasmoek izaera arrazistarik ez dutela badiote ere, begi-bistakoa da etorkinen kriminalizaziorako etengabeko kanpainan ari direla lanean, eta sarritan erabiltzen dituzte haien aurkako irain eta adierazpen deshumanizatzaileak. Alabaina, eta haien nahien aurka, apirilaren 26ko elkarretaratzeak ez zuen babes sozialik izan eta porrot egin zuen. Are gehiago, haien diskurtso arrazista eta erreakzionarioaren aurkako erantzun irmoarekin egin zuten topo.

Azken egunotako berritasuna, Zubia Integrazio Zentroa jopuntuan jarri duen kanpaina izan da. Integrazio Zentroaren asmo-txarreko irudi partzial eta magnifikatua aurkezten ahalegindu dira, Larreaundi eta Mosku auzoko bizilagunon izenean gainera. Honen aurrean eta, Espainiako kate ezagun batean Zubiaren aurkako erreportaje sentsazionalista eta gezurtia bota den egun berean, Irungo Udalak oharra atera du Zubia lekualdatzeko asmoa duela eta kamera gehiago jarriko dituela esanez. Berriro ere, miseria gordinena jasaten dutenak daude jopuntuan, eta horiek babestu eta presioak salatu beharrean, mezu erreakzionarioei eta haien bozgorailuak diren komunikabide intoxikatzaileei men egitea erabaki du udalak.

Arazoaren muina desplazatzen du, auzia kokalekuan jarriz, gizartearen zati batek oinarrizko beharrak asetzeko dituen zailtasunen kausei eta erredunei erreparatu beharrean. Horrek, ideologia eta posizionamendu politiko autoritarioei bide uzten die eta etorkinekiko nahiz gizarteko sektore txiroenekiko estigmatizazioari bide ematen die. Udalarengandik gehiago espero ez dugun neurrian, herritarrei egiten diegu dei beste aldera ez begiratzeko, eta diskurtso atzerakoiak gezurtatzearen, mobilizazio arrazistei aurre egitearen, eta batez ere, honen guztiaren aurka antolatzearen erronka erraldoiari ekiteko.

Etiquetas: 

 

Angulaberria.info ez da angulaberria talde editorialaren izenpean ez dagoen iritziez erantzule egiten. Gure desira era guztietariko debate aberasgarriak bultzatzea da.