Bor-Bor Hausnarketa kolektiborako plaza.- Eta horren guztiaren aurrean zein izan da, orain arte, erakundeen erantzuna? Maiatzean, kazetariek Cristina Laborda Alkateari galdetu zioten hiritar-patruilei buruz, hura mutu; gero, udaltzain-buruari, hura ere isilik; eta azkenean, ertzaintza-buruak, Andoni Urdangarinek, eman zuen erantzuna: “pertsona batzuk txaleko batekin paseatzen ari direlako ez gara larrituko”. Erantzun kezkagarria, edonola ere.
Diskurtso baztertzailearen goratze une honetan, zer eta Irungo Udalak komunikazio iruzurti bat egin du. Bertan, bizilagun gutxi batzuen kexei men eginez Zubia gizarteratze zentroaren kontra egin du. Bidenabar esan, Zubia, Udalaren ardurapeko zentroa da eta bi dira arduradun politiko nagusiak: ongizate saileko arduraduna, Iosu Iguiñiz Echeveste (PNV) eta Cristina Laborda Albolea alkatea (PSE-EE). Horiek, ardura publikoaz aritu beharrean, orro baztertzaileekin egin dute bat, ultra-eskuineko zurrumurruarekin. Horrela, migratzaile-txiroen kontrako kriminalizazio kanpaina hauspotu dute. Ultra-eskuinaren markoa erosi du Udalak Zubiari dagokionez eta igorritako mezu ofizialean honako ideia hauek finkatzen lagundu du:
- Irunek beste udalerriek baina “karga” handiagoa du etorkinak jasotzeari dagokionez. Ezaguna zaigu argudioa, ezta?
- Zubia ez da bazterketa egoerak hobetzeko mekanismoa, “arazo” bat da eta kendu egin behar da. Nahiz eta arazoak, izatekotan, ez diren Zubiako erabiltzaileekin, haren zerbitzutik kanpo geratzen direnekin baizik, hots: arazoa, hortaz, Zubiaren falta da. Edo bestela esanda, baliabiderik ez dutenek ez dutela lo-lekurik ezta egunean zehar jateko aukerarik ere. Zentzuzkoa da pentsatzea, beraz, baldintza horietan bizitzetik eratortzen direla arazoak. Udalak ez du zentzu bera maneiatzen, antza.
- Irungo Udalak, ahalko balu, kendu egingo luke, baina hiriak 60.000 biztanle dituenez, “behartua dago” horrelako zentro bat izatera.
- Zubiaren lana estali nahi du. Zubiari esker, pertsona askok bizimodua berreskuratu du. Zubiari esker jende askok jaten du egunero (nondik lortuko lukete janaria, bestela?) eta aterpen baten pean egiten du lo (non egingo lukete lo, bestela?). Gainera, gizarteratze programak egiten dituzte pertsonekin, eta baita harremanak egiteko ekimen andana ere: BAT atletismo taldearekin edo Auzo Elkarteekin, esate baterako. Hori dena horrela da, baina Udalak, eskuin-muturreko zurrumurruari men egin eta nahiago du hori dena ezkutatu eta Zubia defendatu beharrean, hura kriminalizatu. Baina galdegin iezaiozu zeure buruari, irakurle: Zubia ez balego, bertan diren erabiltzaileak non egongo lirateke? Udalak uste du, antza, lurrundu egingo liratekeela.
Hamaika adibide gehitu genitzake hemen. Udalak ez du deus ere esan talde naziek Lakaxita eraso dutenean, ezta GKS-ren lokalean lehergailu txikia jaurti dutenean ere. Era berean, isilik izan da gure kaleak III. Reicha eta nazismoa goratzen duten pegatinez bete direnean edota Kateako frontoia gorroto-mezuz pintatu dutenean. Korronte horiek Irunen elkarbizitza hautsi eta gorrotoa zabaltzera bideratuak daude; horrek, ultra-eskuinari plaza egokiagoa sortuko diolakoan. Irungo Udalak, bere gobernu, teknikari eta baita oposizioak ere, badu horren aurrean ardura publikoaz jokatzeko betebeharra. Alta, kontrakoa egiten ari da, izan ere, agerian dagoenaren aurrean isilik denean, jarrera xenofoboak zilegi direla komunikatzen du eta ultra-eskuina gure hirian zabaltzeko lurrak ongarritzen ditu.
Bada garaia, arduradun publiko guztiek, Udal Gobernu, teknikari, oposizio eta baita bestelako erakunde publiko guztiek ere (Udaltzaingoa, Zerbitzu Sozialei loturiko erakundeak, Ertzaintza...) auzi honekin arduraz jokatu dezaten. Eta arduraz jokatzea ez da, gure aburuz, Udaletxearen murruen atzean ezkutatzea, hiriaren gertakariei sorgor egotea. Ez da, ultra-eskuina moduko auzi konplexua, segurtasun-batzorde edota plenoetan lantzea bakarrik. Ezta ere, Udaltzaingoarekin edo Ertzaintzarekin egin beharreko lanketa soila. Ez. Hasteko, hirian diren mugimendu anti-faxistak oztopatzeari utzi behar dio, hori horrela gertatzen ari baita. Bestetik, ultra-eskuinari bataila kulturalean irabazi behar zaio, haren proposamenak onartezinak direla esan behar da. Gure hiria ez dela hori, eta horrenbestez, irundar xumeari heldulekuak, kultural eta diskurtsiboak, eman behar zaizkio bere posizio anti-faxista garatu dezan; argi uler dezan zer dagoen segurtasuna-arrazakeria lotzen dituzten posizioen atzean. Zer pentsatuko du, bada, irundar xumeak gertatzen ari denaren aurrean Irungo Udalak ezer esaten ez badu? Normala dela, zer bestela?
Jakina, irungo elkartegintzak, auzo elkarteek, herri-mugimenduak... erantzukizunez jokatu behar du eta horretan ari da: antolatzen, ultra-eskuinari murrua jartzeko. Baina Irungo Udalak ardura publikoz jokatu behar du, diskurtso anti-arrazista bat garatuz, eta publikoki gauzak azalduz, pedagogiaz, gertaerei duten garrantzia emanez.
Bestela, sortu daitezkeen gorroto-egoeren konplize izaten amaituko dute erakundeek.
Angulaberria.info ez da angulaberria talde editorialaren izenpean ez dagoen iritziez erantzule egiten. Gure desira era guztietariko debate aberasgarriak bultzatzea da.