Iratxeren bi lagun.- Historikoa izan da, Monarkia Espainiarreko epaitegi batek honako ebazpena onartu du: “Existe, por lo tanto, la evidencia más allá de cualquier duda de que, durante su detención, Iratxe Sorzabal fue sometida a la aplicación de electrodos por parte de aquellos funcionarios que la custodiaban a fin de obligarle a declarar, lo que supone una evidente vulneración de sus derechos fundamentales”.
Hori gutxi balitz bezala, sententziak honakoa aitortu du: “La pericial realizada en el acto del juicio es nítida: las lesiones dérmicas se producen por la aplicación de electrodos, excluyendo de forma tajante otras posibles etiologías, y ello en base a la biopsia que se le practicó al ser reconocida durante su detención en el Hospital San Carlos”. Bestela esanda, 2001 urtean atxilo hartu ondotik, Guardia Zibilak Iratxe TORTURATU egin zuen, inpunitate osoz gainera.
Iratxek lehen unetik kontatu zion Euskal Herriari gertaturikoa, 2001eko Martxoan atxilotu zuten, eta urrirako haren azal torturatuaren argazkiak bolo-bolo zebiltzan. Askatu bezala, Iratxek ihes egin zuen, berriz atzeman ez zezaten. Erbestean, Belgikan zela, konpromiso militanteak bultzaturik, Eneko Bidegain kazetariari aitortu zizkion Madrilgo ziegetan nozituriko tormentuak: “hiltzeko beldurrik al nuen? Nik hil egin nahi nuen”. 2015ean atxilotu zuten berriz ere Iratxe, Baigorrin, Euskal Herrian agertoki politiko berri baten alde ari zela.
Ordutik aurrera, hamaika aldiz salatu ditu Iratxek bost egun luze horietan sufriturikoa. 2022ko epaiketan, jazarpen lazgarriak deskribatu zituen: “elektrodoekin jo ninduten makinaren pilak agortu arte”. “Hil egin nahi duzu, baina ezin duzu”, torturatzaile profesionalen esku izan zen euskal militantea. Epaiketa bakoitzean, gizakiak nozitu dezakeen tormenturik handiena nola bizitu zuen kontatu behar izan du Iratxek. Mina eman arren, irundarrak tormentuak zehaztu ditu, behin eta berriz, berriz gerta ez dadin, militantea delako. Aldi bakoitzean behartu dute TORTURA egun horiek berriz bizitzera, eta etengabe, euskaldunon egiari sorgor bizi den epaitegien mespretxuarekin egin du talka.
Euskal Herritarrok bagenekien Iratxe torturatu egin zutela, euskal militantea izateagatik; epaileek ere bai, ziurrenik. Eta hala eta guztiz ere, Benito Morentinek azterketa-txosten bat egin behar izan zuen agerikoa frogatzeko, eta Pierre Duterte frantsesak beste bat. Biek ondorioztatu zuten Iratxe TORTURATU egin zutela; epaitegi ezberdinek aipatu txostenak alboratu zituzten. “Zertarako eskatu didate txosten bat gero inolako kasurik egingo ez badiote?” harritu zen Duterte. Xalo samarra da frantziarra, eta ez daki, Frantziako eta Espainiako auzitegiak ez zirela egiaren bila antolatu, euskal militantearen kontra mendekua gauzatzeko baizik. Ohiko legez, sententzia hasi baino lehen idatzia zen, prozedura dena zilegitasun irudi bat eraikitzeko espektakulua baino ez zen, baita hamarnaka funtzionariori ogibidea bermatzeko manera ere. Eta epaitegiek agerikoa ukatu arren, euskal herritarrok bagenekien Espainian TORTURA ohiko praktika izan dela: atxilotua birrintzeko, informazioa lortzeko, independentismoan beldurra zabaltzeko, eta oro har, euskal erresistentzia suntsitzeko erabili du Monarkia Espainiarrak TORTURA. Herritar xumeak bazekien, gehiago edo gutxiago axola ere, Iratxe ere TORTURATUA izan zela, beste askoren moduan. Iratxek irakatsi zigun, baita mugimendu feministak ere, euskaldun moduan ez ezik, Guardia Zibilak emakume bezala jazarri zuela irundarra8. 2025eko maiatzaren 8an, ororentzat agerikoa zen hori berretsi du epaitegiak, eta ez da gutxi.
Mende laurdena igaro da TORTURA egun horietatik, apenas bi egun epaia ezagutu dugunetik; eta gu, bi irundar, Zaballako espetxera goaz, Iratxerekin bisita dugu-eta. Bi lagun gara, gutako batek hamaika espetxe bisitatu behar izan ditu dagoneko, bestearentzat lehen aldia da. Urduri gaude, ailegatu gara Arabako espetxera, itxarongela nagusian dezente gara, hiru multzo nabarmentzen dira kartzelako sarreran: euskaldunak, ijitoak eta latinoamerikarrak. Zelatari harroek ez dute euskara zipitzik egiten, arrotzak zaizkigu, inguratzen gaituen atmosfera moduan. Haien begiradapean gainditu ditugu sarbideko kontrolak. Itxarongela eta moduluak banatzen dituen patioa zeharkatu dugu gero, ziega-leiho batetik “gora euskal presoak, nos tienen aqui chapados”, oihu egin du gatibu batek, guk “gora!” oihukatu dugu; besterik ez, hemen ezin dugu askoz gehiago egin. Eraikin berri batera eraman gaituzte, bisak ezkerrera eta gu eskuinera, hor dira kabina madarikatu horiek. 40 minutuak albait gehien probestu asmoz, matxurarik gabeko bat hautatu dugu, zenbaitek gaizki baitu telefonilloa, hainbatek matxuratua bozgorailua. Han eseri bezala aztoratu zaigu barrena, urdailetik hasi eta gorputz osora zabaltzen zaigu urduritasuna. Nerbioso gaude, Iratxe aurki etorriko delako, bera barruan delako eta gu kanpoan, berrogei minutu baino ez direlako, kabina inkomunikaziorako egina dagoelako, eta historikoa delako, Iratxek lortu du: TORTURATUA izan dela aitortu diote, bere borrokak ebazpena irabazi dio salbuespenezko epaitegiari. Badatoz!
Bizkor eseri dira preso denak, bakoitza bere kabinan, begira geratu gatzaizkio, bera guri ere bai, txinpartaz beteriko begirada du, eseri bezala hartu du telefonilloa, “zorionak denoi!”, esan digu. Alajaina, hark eman behar zorionak guri! Aitortza herri oso baten garaipena dela esan digu, espetxetik eta kaletik borrokatu dugun denona, denok, beti jakin izan dugun hori aitortu zedin: HEMEN TORTURATZEN DA. Gogorra izan da, oso, etengabe epailearen begirada mespretxagarriaren aurrean erraietako minak biluztea, baina Iratxe militante politikoa da, eta horregatik egin du, aukera izan duen plaza denetan, epaitegi guztietan, egoera latzenean ere. Eta horregatik, azkenean, egiak bere bidea egin du topatu duen zirrikitutik, denon artean ireki dugun arrakalatik isuri da. Iratxek sententzia irakurri du, nola ez, berak ere historikoa dela dio, nola jasotzen den, fondoa eta forma. Tentuz ari zaigu, bere egoerari begira zer aldatuko duen ikusteke dago, baina gauza bat argia da: Euskal Herrian 5.657 pertsonek, gutxienez, nozitu dute TORTURA haien azalean, eta gaur, haien hitza irmoagoa da atzo baino, ukaezina9. Epaitegien aitortza torturatuen duintasunaren aldeko garaipena izan da; Estatuaren ezintasunaren froga ere bai. Gaur, nekez esango du inork TORTURA euskal erresistenteen asmakeria izan denik. “Zenbat borroka...”, aipatzen dugu, kristalaren alde batetik bestera, mobilizazio, ekimen, zaintza edota kanpaina adibidez bete genitzake berrogei minutuak.
Baina Iratxek ez du hori nahi, bera ez baita iraganeko militantea, orainaldikoa baino, eta Irungo kontuen berri-gosez dago. Lakaxita, ekonomia eraldatzailea, Mosku, Hazia, pentsionistak, migrazioak, ezker abertzalea, EhBildu, auzoak, formazioa, mugimendu feminista... denaren berri jakin nahi du, horren parte izan nahi du-eta; espetxeak isolatzeko eginak dira, eta helburu hori lortzen dute baldin eta kanpokoak barruan daudenez ahazten bagara, kaleko saltsen berriak kartzelara igortzen ez baditugu. Iratxek asko eman digu, eta gauza bakarra eskatu: bidali herriko informazioa, otoi. Harekin konprometitu gara: guk egingo dugu, eta ingurukoei esango, haiek ere informazioa bidali dezaten; aldizkariak, gutunak, liburuak, berriak... edozer da balekoa espetxeari zirrikitua egiteko, Iratxe guretik gertuago ekartzeko.
Txirrinaren hots neurtu eta gupidagabea. Iragan dira 40 minutuak, amaitzear da bisita. Albait gehien luzatu dugu hizketaldia. Txirrin madarikatuak ameskeriatik atera gaitu, une batez beste nonbaiten ginela sinistu baitugu, auskalo non, baina kabina honetatik urrun. Azken begiradaz konpromisoak berretsi ditugu, “kaleko zurrumurrua ekarriko dugu Zaballara, egon ziur”. “Agur Iratxe, eta mila esker, zurea da garaipena!”. Hunkituta atera gara, suminduta ere bai, baita poztasun apur batekin ere: Iratxe indarrez beterik ikusi dugu, gogotsu eta erabat buruargi.
Kotxean igota GPSa piztu dugu, bi orduan etxean izango gara. Igaro dira Murtzia II edo Puerto de Santa Mariako garaiak, eta eskerrak. Dispertsioaren politika ankerra gainditu dugu, presoak gertuago ditugu orain, fisikoki; baina lehen adina urrun daude bisitatzen ez baditugu, idazten ez badiegu, herriko informazio partekatzen ez badugu; egundo, militante-kideak direla ahazten badugu.
Arrankatu dugu motorra eta abiatu gara Irunerantz. Aparkalekutik atera baino lehen honakoa apuntatu dut agendan:
“Iratxeri idatzi, Iratxeri Irungo materialak, aldizkariak, eta testuak bidali. Helbidea: CP Araba· Zaballa Portillo San Miguel, 1. N-1, km. 340. 01230, Langraitz (Araba). Adi! Ez ahantzi remitentea!”
Angulaberria.info ez da angulaberria talde editorialaren izenpean ez dagoen iritziez erantzule egiten. Gure desira era guztietariko debate aberasgarriak bultzatzea da.