BorBor hausnarketa kolektiborako plaza.- Gure kezka Irundik abiatu badugu ere, aintzat hartu behar dugu ultra-eskuinaren gorakada fenomeno globala dela. Horrenbestez, gure hirian eskuin-muturrak izan ditzakeen bilakaerak pentsatzeko, Bidasotik harago joatea ezinbestekoa dugu.
1. Goraldi orokorraz tesi bat: krisiaren erdian, ultra-eskuina gerla-erregimenaren akuilu
Hainbaten ustez, erreakzio eskuindarrak, II. Mundu gerla-ostean, mendebalde kapitalistak antolaturiko zibilizazio-ereduaren krisiarekin du lotura*. Krisi ekologiko eta ekonomiko itzelaren aroa da gurea, eta horrek tentsio sozial eta geopolitikoak areagotzen ditu. Mendebaldeko eliteen hegal batek (Trumpismoak, edota EB-ri loturiko hainbat belatzek, Von der Leyen kasu) honako hausnarketa hau egin du: demokrazia-liberalez gobernaturiko kapitalismoak ezin du, ja, ongizaterik eskaini; eta beraz, eliteek beren pribilegioak mantentzeko behar duten ordena sozial egonkorrik ere ez. Zer egin erregimen kapitalistaren ezintasunen aurrean? Nola blokatu leherketa-sozial popularrak? Zentzu horretan, Joseba Azkarragak (soziologoak, ez politikariak) horrela galdegin zuen duela hamarkada bat:
zer egingo dugu hipermodernook, energiaren eta errekurtsoen kreditua agortu dela nabarmentzen zaigunean: elkartasunez jokatu gure erosotasunak mugatuz, ala munduaren gaineko dominazioa perfekzionatu, gero eta eskasagoak diren baliabideak eskuratze aldera?
Hainbaten ustez, aipatu eliteek bigarren bidearen aldeko hautua egina dute, ezinezkoa baitute kontsentsuz gobernatzea, ja, krisi eta egonezin sozialak handiegiak baitira. Horregatik, demokrazia pribatizatu dute lehenik, erakundeak botere korporatiboaren mesedetara jarriz*, eta orain, gerla-erregimen berri bat ezartzearen alde egin dute*. Interesgarri deritzogu tesi horrek ultra-eskuinaren goraldi orokorrarekin duen lotura.
Izan ere, ezein gerlak bi fronte nagusi ditu: barnekoa eta kanpokoa.
Kanpo frontea geopolitikaren alorrean ari da garatzen: Trump enperadore berri dutela, NATOren bueltako enparauak “proxy” gerla/gatazka ezberdinak sustatzen ari dira, horrekin eragin-eremuak beren alde berrantolatu eta baliabide/merkatuak kontrolatuko dituztelakoan (ikus Ukraina, Sahel, Venezuela, Iran edota palestinarren kontrako genozidioa).
Edonola ere, potentzia batek ezin du gerla-planteamendu bat sustengatu bere populazioa gerla-esfortzurako prestatzen ez badu, hots, aldekoak diziplinatzen eta disidentzia kriminalizatzen ez badu. Eta hemen, eskuin-muturrak funtzio estrategikoa du; izan ere, zenbaiten ustez, haren funtzio politiko nagusia horixe da: jendartearen bilakaera autoritarioa bultzatu, erakundeetatik eta kaletik. Horrela, bi helburu nagusiri egingo lioke eskuin-muturrak ekarpena: 1) Zabaltzen duen ideologiarekin (autoritatea, muturreko nazionalismokeriak, balio kristauen Europaren babesa, ordena, diziplina, natibismoa...) jendearen zentzu komuna aberrien alde borrokatzeko prestatu, eta 2) Krisiaren erantzuleak, eliteak, babestu: ultra-eskuinak azken aurrekoaren eta azkenaren arteko gerla bilatzen du, horretarako arrazakeria baliatuz (baita anti-feminismoa, nazio-zapalkuntza eta txirofobia ere), eta horrek populuaren batasuna eta aterabide emantzipatzaileak behaztopatzen ditu, auzoz auzo, eta egunerokoan.
2. Torre Pacheco: ultra-eskuinaren modus operandia aztertzeko parada
Esan moduan, irakurle, hirugarren artikulu honetan Irundik atera, eta itzulia egingo dugu; bueltan, ikasitakoarekin, gure hiria hobe ulertuko dugulakoan. Hala ere, lasai, hemen ez baitugu bidaia geopolitikorik egingo, gertuago mugituko gara, bizi gaituen Monarkia Espainiarraren lurren hegoaldera, hain zuzen. Agian asmatu duzu, ja, lagun, zein izango den borborkideon geldiunea: Murtziako Torre Pacheco.
Oldarraldi arrazista puri-purian, asko entzun genuen Torre Pachecori buruz; alta, biolentzia une gorenak apalduta, egin al dugu ganorazko irakurketarik? Izan ere, ehiza arrazista hura gorrotagarria bezain gardena izan zen: eskuin-muturraren taktikak agerian geratu ziren.
Datozen lerroetan azteketa hori egiten saiatuko gara. Aurreratuko dizugu, irakurle, honako ondorio honetara iritsiko garela: Torre Pachecon jazo zenak aurrekariak zituen, ez zen elkar-bizitza arazoa izan, gutxiago bertatik bertara sorturiko bizilagunen erantzuna, segurtasun kezka; oso kontrara, Torre Pacheco Espainiako ultra-eskuinaren mugimendu politiko koordinatua izan zen, erakunde, komunikabide eta kaleetatik, biolentzia arrazistaren bidez, ultra-eskuinari mesede egingo dioten markoak ezartzen saiatzeko.
Horregatik, interesgarria da gauzak nola gertatu ziren aztertzea, modus operandiaren ondorioak ateratzea, eta horrekin gure hirian jazotzen ari denari so egitea. Ez dugu demagogia praktikatzeko inongo asmorik, gutxiago alarmismoa. Noski, Irun ez da Torre Pacheco, eta Euskal Herria ez da Murtzia. Edonola ere, jakitun gara gure inguruan ere badela jendilaje faxista, bazterrak nahastu asmoz ari dena, gorroto-ideia bertsuak dituena, eta Ebrotik beherako ultra-eskuinekin konexioak dituena. Horregatik, horien estrategia/taktikak ezagutzea funtsezkoa dugu, Irundik ere, gorrotoari aurre egin, eta eraginkor erantzuteko.
Antifaxistontzako gure aliatuak zaindu eta ezagutzea bezain garrantzitsua delako ultren diskurtso eta mugimenduak aurreratzea. Ezagutu gure lagunak, bai, baina baita etsaiak ere.
3. Torre Pachecotik kronika: ondo prestaturiko oldarraldia
Ez da erraza izan, erregimenaren komunikabideei jarraituta, Torre Pachecon jazo dena ulertzea. Gertakariak azaletik jarraitu dituenak, beharbada, mezu nagusi hau jasoko zuen: “Torre Pachecoko populazioaren %30 etorkinak dira, horrek elkar-bizitza arazoak sortzen ditu, eta 68 urteko agure batek jasan duen jipoia, magrebtar jatorriko gazte talde batek emana, pazientzia gainezkatu duen gertakaria izan da; nazkaturik, herriko bizilagunek eztanda egin dute, eta kaleak hartu dituzte, segurtasunaren alde”. Horixe da ultra-eskuinak hedatu nahi izan duen markoa, eta “seriotzat” ditugun medio askok horrela hedatu dute.
Gertakarien errepaso zorrotzago bat egitearekin, argi ikusiko dugu gauzak oso bestela jazo direla*. Jarraian aintzat hartzeko zenbait gertakari.
Aurrekari zuzenak izan dira
Ultra-eskuinak hainbat entsegu egin ditu, biolentzia askatzeko terrenoa prestatzen aritu da. Alcala de Henaresen, Vox eta hiritar-talde biolentoen koordinazioa baliatuz, uztailaren 4ean eskuinak kaleak hartu ditu: bortxaketa batek sortu duen zauskada baliatu du hiriko adin-txikikoen, gehienak etorkinak, harrera-etxearen itxiera eskatzeko. Ezarri nahi duten pentsamendu-markoa ezaguna zaigu: “etorkin gazteak dira segurtasun arazoa, zeharka, Espainiaren gainbeheraren erantzuleak ere bai; ez ditugu hemen nahi”. Sare sozialetatik, Voxen bueltan diren eragile ugarik hauspotu dute ekimena (Revuelta, Nucleo Nacional), eta gainera, hiriko alkatearen babesa, diskurtsiboa bederen, izan dute: “bai, zentroa itxi egin behar da”, esan du udal-buruak.
Herrialde Katalanetan, Pieran zehazki, adin-txikikoen zentroa eraso du eskuindar talde batek; eta aurrerago, irekitzear zen meskitari su eman diote. Pierako Vox-en bozeramaileak ekintzok txalotu ditu, eta gaineratu: “espainiarrek ezin dute gehiago. Ez hiru, ez 30, ezta 30.000 ere: etxerako itzulera txartela ja!”. Ordurako, Vox-ek posizio ultrenekin egin du bat, eta deportazio masiboen, edo “ber-emigrazioaren” alde lerrokatu da: arduradun nazionalek iragarri dute 8.000.000 migratzaile (!) deportatzeko asmoa dutela, horren motiborik azaldu gabe. Markoa ezartzen saiatzen ari dira: migratzaileen bueltan biolentzia dago (ultrek sortua), elkarbizitza arazoak sortzen dituzte, arazoa dira, eta egiazko espainiarrak mobilizatzea ezinbestekoa da horiek kanporatzeko.
Lapurreta bat kezka “nazional” bilakatu dute
Uztailak 9an, 68 urteko agure batek lapurreta biolentoa nozitu duela salatuko du. Haren esanetan erasotzaileak “atzerriko hizkuntza” egiten zuen, eta esan zuenez, pertsona bakarrak eraso zuen. Sare sozial ultrek, eta ondoren telebista-kate nagusiek, gezurra zabalduko dute, erasoa “magrebtar talde arriskutsu batek” gauzatu duela seinalatuz, eta giroa nabarmen berotuz.
Oldarraldia prestatzen hasi da eskuin-muturra
Abagunea ikusi du ultra-eskuinak eta dena prest duenez, martxan jarri da. Badator “ehiza arrazista” antolatzeko kanpaina, erdi-aro estiloko pogroma nahi dute, Torre Pachecorako oldarraldia prestatzen hasi dira.
Gerora, ekimen-sekuentzia argia izan zela jakin da; hots: 1. Ruben Pulidok (La Gaceta de la Iberosfera medio ultrako kolaboratzaileak), argazki bat zabaldu du sare-sozialetan, non ustezko erasotzaileen aurpegiak agertzen diren (erasoarekin zerikusirik ez duten 5 gazte magrebtarren aurpegiak dira), 2. Torre Pachecoko agureak nozituriko erasoa jasotzen duen ustezko bideoa zabaltzen du Gonzalez Gascak (Vox), baina faltsua da, edo hobe esanda, beste eraso baten bideoa da: Almerian jazo zen, eta ez zuen magrebtar talde batek egin, faxista talde batek baizik, zeinak kale-egoeran zen pertsona bat eraso baitzuten “maricon de mierda” oihuen artean; Dani Estevezek (Desokupa) iruzurra birzabalduko du eta erasorako deiadarra egingo du: “podría ser tu abuelo... ¡vamos a por ellos ya!”, idatziko du sare sozialetan, 3. Ultra-eskuinaren bueltako pertsonaiek, “influencerrek”, lau haizeetara zabaldu dituzte bideo-faltsuak: Pablo Gonzalez Gasca (Vox), Dani Estevez (Desokupa), Roberto Vaquero (Frente Obrerok “remigración ya” idatziko du bere kontuan, bere posizio neonaziak argituz, beste behin), Negreren Estado de Alarma saioa, ... Modu koordinatuan egin dute lan, gezurra hedatuz eta gorrotoa piztuz*, 4. La Sexta moduko kateek “bulo” horiek zabalduko dituzte, gezurra direla jakinda, edo kontrasterik egin gabe, 5. Estatuko talde faxista ezberdinek (tartean “deport them now” eta “Democracia Nacional”) beren oinarriak mobilizatzen hasi dira, Murtziara joateko taldeak antolatu dituzte, eta ostiralean, squadristiek liskarrak abiatu dituzte herrian. Eskuin-muturrak bilatzen zuen egoera hasi da, “elkar-bizitza tentsioek eragindako altxamendu espainiarra”. Torre Pachecoko bizilagun asko, zer esanik ez “magrebtar itxura dutenak”, beldurrak jota dira.
Erakundeen babes koordinatua
Hainbat alderdik gorroto arrazista hauspotu eta babestu dute: 1. Murtziako lehendakariak, J.A. Antelok (PP) esan du baietz, Torre Pachecon segurtasun arazoa dagoela, eta etorkin talde batzuk direla erantzuleak, deportazioen alde egin du (ultra-eskuinaren, muturreko posizioekin bat eginez), Torre Pachecoko alkatea medioetan agertuko da, diskurtso bera babestuko du, kazetariak datuen gainean galdetuko dio, krimenak-migranteak lotzen dituzten datuez, alegia, “ez, ez dut daturik, baina ez ditut behar, egunero ikusten dudanak esaten dit, denok dakiguna”, erantzungo du. Trajez jantzitako ultra bat da alkatea, edo inozo bat, tamalgarria edonola ere. Zirkulua itxi da, aurrez Voxek iragarritako deportazio beharrak zentzua hartzen du “elkar-bizitza arazoen” biolentziaren karietara. Horrela idatzi du Abascalek gertakarien harira: “¡Urgen deportaciones masivas y dimisiones inmediatas!” Eta lotura eginez esango du: “En los últimos 15 días hemos conocido violaciones salvajes, apuñalamientos, agresiones cobardes y la paz perturbada en las fiestas, las piscinas y las calles. Es urgente volver a defender nuestra frontera y expulsar a los que han venido a destruir nuestra seguridad, convivencia y economía".
Komunikabide nagusien miseria
Hedabide nagusiek, La Sextak esaterako, ultra-eskuinaren buloari hedapena ematen jarraitu du; errepikatuz, erasoa magrebtar talde batek egina dela, Domingok, erasoa nozitu duen agureak, pertsona bakarra dela esan badu ere. Antzera, medio handiek, ez sare sozialek bakarrik, ultra-eskuinaren bulo nagusiak zabalduko dituzte, atmosfera arrazakeriaz pozoituz, eta “patriota espainiar gehiago” Murtziarantz abiatzeko piztuz.
Bitartean, polizia, ultren jomugan direnak babestu beharrean, Cartagenan da, grebalariak jazartzen
Ultra-eskuinaren deialdia publikoa da, lau haizeetara zabaldu da Torre Pachecon oldartzeko asmoa, eta agerian utzi dute zein den haien asmoa: Murtziako herrian pertsona arrazializatuen kontrako biolentzia zabaltzea. Hala eta guztiz ere, Monarkiaren segurtasun indarrek ez dute segurtasun dispositiborik antolatu ageriko mehatxuari aurre egiteko; bitartean, Murtzian bertan, Cartagenan, Navantiako grebalarien protestak blokatzeko gobernuak 200 polizia jarri ditu.
Horri esker, faxistek nahieran eraso dute jendea Torre Pachecon, ez etorkina, gutxiago “irregularra”, “magrebtar itxurako jendea” baizik izan dute jo-mugan; baita haien negozioak ere. Hainbat bideoetan, faxisten eta poliziaren arteko harreman lagunkoia ikusi daiteke. Horietako batean polizia batek honela esaten die banda faxistei: “ya sabeis como trabajo yo, no les paso ni una a ellos (magrebtarrez ari da)”; beste batean, ultra-eskuindar talde batek Kebab jatetxe bat erasotzen ari da, kanpoaldean munizipalen autoa begira den bitartean.
Segurtasunaren aldeko herritar a-politiko eta zintzoek “moro de mierda” eta “viva Franco”
Torre Pachecon “segurtasunaren aldeko” kontzentrazioa antolatu du hiritar talde batek, ustez garbia, ustez asmo onekoa. Kontzentrazioa hasi eta gutxira, bertan den itxura magrebtarreko gazte baten kontra egin dute manifestariek, “moro de mierda” oihuen artean. Zenbait pertsona kristalezko botilak hausten hasi da, gaztea akabatu asmoz; gaztea ez da etorkina, aita euskalduna eta ama marokoarra ditu, eta Monarkiaren lurretan jaio da; baina horrek ez du axola, ja, kontua ez baita etorkina izatea, edo paperak izatea, arazoa arrazakeria da. Iskanbilan “viva Franco!” entzun da, etenik gabe; arazoa espainolismo nostalgikoa ere bada.
Auzia ez dira paperak, arrazakeria baizik
Ultra-eskuinak bere pogrom arrazistarekin jarraituko du egun batzuez, migranteen auzoak izango ditu jomugan, izua eta segurtasun eza gailenduko da bertakoen artean, eta itxura magrebtarra duen oro izango da arrazisten begi-puntuaren xedean: “hemen 90. hamarkadatik ditugu nekazari etorkin asko, horiek dira gure agro-ekonomia altxa dutenak, eta faxistek erasotzen dituztenak ez dira etorkinak, haien seme-alabak baizik, hots, espainiarrak”, argitu du Murtziako Podemoseko militante batek. Beste behin, arazoa ez dira etorkinak, ezta irregularrak ere, Espainiaren benetako gaitza ultra-eskuindar arrazistak dira.
Hiritar-patruilak antolatzeko asmoz abiatu dira zenbait, erridikulu itzela egin dute
Bitartean, estatuko sare faxistek deialdia indartzen jarraituko dute, eta mobilizazio berriak antolatzen saiatuko dira, baina Torre Pachecon babesa urria denez gero, poliki-poliki indarra galduko dute. Astearterako mobilizazioa deitu dute ultrek, Dani Estevezek esan du bertan izango dela, hiritar-patruilak antolatu eta bizilagunei beren buruak nola defendatu erakusteko. Desokuparen eta Torre Pachecoko ultren aburuz, ere, hiritar-patruila ei da segurtasuna eta patria salbatzeko forma. Gobernuak ez du baimenik emango, eta polizia apur batekin, ultrek ridikulu itzela egingo dute telebisten aurrean.
Pogrom arrazistaren amaiera da, ultrek puztu nahi izan duten talkak indarra galdu du, oldarraldiaren agortzea da.
4. Ultren taktikaz, lehen ondorio batzuk
Guretzat, azterketa labur horren ondorioa argia da: Torre Pachecoko biolentziak ez du aurretiazko elkar-bizitza arazo batean jatorria; kontrara, ultra-eskuinak modu metodiko eta koordinatuan prestaturiko mugimendu politikoa izan da, zeinak estatu mailako sare, influencer, erakunde, alderdi eta hedabideak uztartu dituen.
Zertarako? Bizi dugun krisi egoerak sortzen duen amorru soziala, goikoen kontra baino, beheragokoen kontra bideratzeko; gorrotoa hedatuz elkar-bizitza apurtzeko, egoera soziala gaiztotu eta irtenbide autoritarioen beharra, hots, ultra-eskuinaren agenda, zentzudun bilakatzeko.
Voxek esan zuen migratzaileak ez zirela integratzen, arazoa zirela, deportatu beharra zegoela, eta egun gutxira egundoko iskanbila eskuinak gobernatzen duen Murtzian... kasualitatea? Ez dugu uste. Gisa honetako ekintzekin, ultrek “espainiar gerlariak” mobilizatu nahi dituzte, aberri natibista baten aldeko borrokara batu daitezen; agenda autoritarioaren aldeko baldintzak erakundeetatik zein kaletik sor daitezen.
Torre Pachecon ikusi dugu, inon baino argiago, segurtasunaren kontzeptuaren erabilera manipulatua (gertakari isolatu bati estatu-mailako garrantzia eman zaio, eta ondoren ez da segurtasun bermerik izan faxisten erasoak nozitu dituztentzako), eta nola, alarma egoera hori kolektibo jakin baten kontra egiteko bideratzen den, gazte magrebtarrak bereziki. Nazkagarria da, eta baita kezkagarria ere; ez baita baztertzekoa Torre Pachecon jazorikoa beste nonbait eta beste sektoreen kontra gertatzerik.
Izan ere, funtsean, ultra-eskuina, Espainian, ez da magrebtarren kontrako mugimendu arrazista soilik, harago, erreakzio mugimendu nostalgikoa da, eta haren jo-mugan dira independentismoak, feminismoak, hizkuntza gutxituak, ekologistak... Espainiako Monarkian, eskuin-muturra, ustezko Espainia zuri, ordenatu, batu eta handi baten aldeko oldarraldi baztertzailea da, beraz. Hala eta guztiz ere, garbizaleen arrangurarako, penintsulan askotariko jendea bizi da egun; eta beraz, distopia natibista hori biolentzia dosi itzelez litzateke gauzagarria, ez beste inola. Indarkeria horrek har dezakeen formetako bat ikusi dugu Murtzian, instituzionala ez ezik, aurrez aurrekoa konbinatzen duena.
Horrenbestez, modus operandi hori, etorkizunean, bestelako sektore sozialen kontra jaurtitzeko tentaldia izango du ultra-eskuinak, etorkinen kontrakoa, sektore politikoki ahula dena, ondo ateratzen bazaio. Horrenbestez, antiarrazakeria da, gaur eta hemen, antifaxismoaren lehen borroka lerroetako bat. Herri honetan, tamalez, badakigu zerbait talde paramilitarren jokamoldeaz, baita jendartea demokrata/biolento zatiketa inozoan pozoitzeko saiakerez ere.
Edonola ere, eskuin-muturrekoek zer, non eta zenbat lortuko duten beste kontu bat da; ez baitago esaterik, eta jende askok majo sufritu duen arren, Torre Pacheco arrakasta politikoa izan denik ultrentzako. Gainera, haien asmoak gero eta argiagoak, orduan eta sendoago ari da antifaxismoa antolatzen. Bestalde, ultra-eskuinaren estrategiak zenbat eta gehiago ezagutu, orduan eta posizio hobean izango gara antifaxistok aurre egiteko. Arinago antzemango ditugu haien ekinbideak, nola zuzenak (biolentzia)baita zeharkakoak ere (gorrotoa eta arrazakeria sustatzeko, bulo, foro, talde eta difusio-kanalak, esaterako).
Sun Tzu zaharra zuzen da: batailaren aurrean gure burua soilik ezagutzen badugu, talkan irabazita ere, asko galduko dugu bidean. Hain zuzen, ultra-eskuinaren kontrako borroka ezin dugu termino defentsiboetan pentsatu, hari aurre eginez, elkartasuna, berdintasuna, maitasuna, antolaketa edota borroka moduko indar emantzipatzaileak erein beharrean gara, gaurko eta biharko mundu baten ernamuinak. Horretarako ezagutu behar ditugu, sakon, jendilaje honen asmo eta metodoak.
Torre Pachecoko gertakariak aztertuta, ultra-eskuinaren taktikari buruzko ondorio sakonagoak ontzea falta dugu, beraz. Baita horiek Irunen bizi dugun egoerarekin harremanetan jartzea ere.
Hori izango da hurrengo artikuluaren helburua, irakurle.
Angulaberria.info ez da angulaberria talde editorialaren izenpean ez dagoen iritziez erantzule egiten. Gure desira era guztietariko debate aberasgarriak bultzatzea da.