“Gazteontzako lan eskubideen gida” berritu dugu

Manifestapena

LAB eta Ernai.- Ohar honen bidez, LAB sindikatuaren eta Ernai Gazte Antolakundearen artean osatutako gazteontzako lan eskubideen gidaren berri eman nahi dizuegu. 2014an atera genuen lehen aldiz elkarlanean gida, eta oraingoan egungo egoera sozioekonomikora egokitu eta zuzendu egin dugu.

Pandemiak gazteon egoera drastikoki okertu du. Esaterako, 16.196 gazte langabe daude egun Hego Euskal Herrian. Gainera, Araba, Bizkaia, Gipuzkoa eta Nafarroan emantzipatzeko batazbesteko adina 30 urtekoa da. lkasturte hau bereziki zaila izan da ikasleentzat. Eta ezin dugu aipatu gabe utzi konfinamenduek eta haren ondorengo egoerak zein ondorio psiko-sozial izan dituen gugan: depresio eta suizidio tasek gora egin dute, harremantzeko zailtasunak izaten ari gara...

Hala eta guztiz ere, gazteon egoera ez da ausazkoa: egiturazko errealitate bati erantzuten dio. Gazteok eskulan merkea gara, merkantzia erraza. Gazte langileon esplotazioa emankorra da: esperientzia ezaren izenean edo, praktika kontratu amaigabeei esker gure eskulanaz are gehiago aprobetxatzen dira. Ezin dugu beraz prekarietatea elementu koiuntural gisa kokatu, gazteprekarietatea estrukturala da.

Hala, gazte prekaritatea agendan kokatzeko, eta gazteon interesak nahiz klase interesak borrokatzeko dugun beharrak Ernai eta LABen arteko aliantza birpentsatzera eta egokitzera eraman gaitu. Euskal langile klasea osatzen dugun gazte, jatorri anitzetako langile, langabetu, ikasle, emakumeok... denok gaude kapitalaren ofentsiba berri honen jopuntuan eta denok batera borrokatzeko tresnak behar ditugu.

Horietako tresna bat izan nahi du ondorengo gidak, baita Bizilan.eus atarian bildutako eduki lagungarriak ere. Gazteriak enpleguetarako sarbidean kontuan izan beharreko hainbat gako eta eduki azaltzen ditu gidak, baita ohikoak diren iruzurrak identifikatzen lagundu ere. Kapitalismoak Covid19ak eragindako krisi sozio-sanitarioa gazteon prekarizazioan sakontzeko nola baliatu duen ere azaltzen du eta azkenik, gazteek sindikatuarekin harremanetan jarri nahi izanez gero nora jo biltzen du gidak.

Deskargatu gida

Etiquetas: