“Elkarteen osasunaren isla izango da Angula Berria”

bidasoamedia.info Interneteko zurrunbiloak proiektu askoren garapena erraztu du. Komunikazioan ere, beste garai baten hasiera bultzatu duela esan daiteke eta dirudienaren kontra, ez gara soilik kumunikazio global eta mundialaz ari. Tokiko informazioa ere eraldatzeko bidean jarri du internetek. Duela bost hilabete, hirian gertatzen denaren inguruko informazioa jasotzeko agerkari berria dute eskura irundarrek. Angula Berria du izena, larogeigarren hamarkadan Irunen izandako irrati librearen omenez. Bertan ibili zen ZialdoKA eta Zabaldu Boletina edo Indymedia Euskal Herria bezalako proiektuetan parte hartu ondoren, abentura honetan sartu da buru belarri.

Ezagutzen ez duenarentzat, zer da Angula Berria?

Tokiko informazioa eskaitzen duen webgune bat da. Irundarrak gara eta bertako informazioa ematen dugu. Horretaz gain, proiektu autogestionatu eta kooperatiboa da eta herriko eragile sozialen inplikazioa bilatzen du.

Noiz eta nola sortu zen eta zeintzuk izan ziren lehenengo urratsak?

Duela bost hilabete hasi zen, nire ekimenez gehien bat. Denbora asko daramat mundu honetan eta esperientzia daukat edukien kudeaketan eta web guneen administrazioan. Serbidore bat geneukan, domeinua erosi genuen eta honi ekin genion. Garai batean fanzineak egiten genituen eta hau antzekoa da, baina errazagoa. Lehen idazmakina, papera eta kola erabiltzen genituen eta hedadura txikia zen. Internetek guzti hori asko erraztu du.

Zeintzuk dira internetek eskaintzen dituen abantailak?

Kostuak murriztea eta hedadura batez ere. Gure kasuan, eskulan gasturik ez dugu, borondatezko lana egiten dugulako. Gu ez gara kazetari kontsideratzen, aktibista baizik. Hortaz, urtean ordaintzen dugun bakarra domeinua eta zerbitzaria da. Gaur egun, horrekin webgune informatibo bat sortu dezakezu.

Zein arrazoi edo helburuk bultzatu zuen proiektua?

Gabezia edo behar handi bat ikusi genuen. Hutsune handi bat dago komunikazioaren inguruan. Zuk aktibitate bat antolatzen duzunean, nahi duzuna ahalik eta gehien hedatzea da eta ez dut uste, herrian hori kontuan hartzen denik. Gure helburua erreferentzia gune izatea da, hau da, norbaitek zer gertatzen den jakiteko, gurera jotzea nahi genuke. Baina hori herriko elkarteen parte hartzearen araberakoa izango da. Angula Berria komunikazio erreminta bat da, talde horien deialdi, komunikatu eta prentsa oharren berri eman nahi duena. Utopia bezala, iritzia sortzeko erreminta ere izan nahi genuke.

Zein da komunikazioaren panorama Irunen?

Nik ahul ikusten dut, ez bakarrik Angula Berria moduko proiektuei dagokienean. Adibidez, Irunen jada ez dago tokiko telebistarik, interneten parte izatera pasa da. Irrati konbentzional edo komertziala, SER, beheraldian dago, krisiaren eta diruaren kontuak direla eta. Baina beste arazo bat ere badago. Hedabide horietan ateratzeko ahalegin handiegia egiten dugula uste dut. Egia da hor daudela eta erabili egin behar ditugula, Diario Vascoren hedadura adibidez, ezin delako Angula Berriak izan dezakeenarekin konparatu. Promozio bat egiterako orduan hedabide guztietan presente egon behar zara. Baina batzuek informazioa filtratu eta moztuko dizute, eta beste batzuek ez.

Komunikabidea? Transformaziorako erreminta? Zer da Angula Berria?

Biak direla pentsatzen dut. Komunikabidea da, noski, baina bere asmoa, utopikoa izan daitekeen arren, transformazio erreminta izatea da. Beste hedabideek ematen ez duten informazioa ematea, iritzia sortzea, horiek dira bere helburuak. Bestalde, garrantzitsua da irakurtzen duen jendea dagoela jakitea. Irakurlerik gabe, ahaleginak ez luke interesik edukiko.

Kooperatibismoa eta autogestioa aipatu dituzu. Nola aplikatzen da filosofia hori komunikabide batean?

Momentu honetan ez dago gastu handirik diruari dagokionean. Hortaz, guzti hori arrakastaz hiltzea izango litzateke. Baina ideia enpresa baten edo dirulaguntza batzuen mende ez egotea da. Askatasun hori izatea eta egitura hierarkikorik ez izatea ere bai.

Kontakturik izan al duzue Udalarekin?

Ez da egon, eta ez dut uste egongo denik ere. Ez dut behar hori ikusten. Gu informazioaren zati batetaz arduratzen gara soilik, eta beste zatia, instituzionala, dagoeneko estalia dago, bai irun.org-en eta baita beste hedabide batzuetan ere. Lehen aipatu dudan zulo hori estaltzen ahalegintzen gara eta beste informazio horretarako, mundu guztiak daki nora jo dezakeen.

Zergatik berreskuratu Angula Irratia izan zenaren izena?

Arrazoia da proiektu honetan gauden bi pertsonak bertan ibilitakoak garela. Deitu nostalgia, erreferentzia… Egia da batzuetan galdetu izan didatela ea proiektu hau Angula Irratiaren jarraipena den, baina ez, hura hil egin zen. Jende helduaren artean Angula Irratiaren oroimenak bizirik dirau baina gazteek ez dute haren ibilbidea ezagutzen. Angula Berria haren herentzia baino ez da. Bertan jorratzen ziren ideien jarraipena.

Zein da Angula Berriaren etorkizuna? Zein bide jarraitu nahi zenukete?

Pixka bat gehiago haztearekin gu konforme. Angula Berria Irungo elkarteen osasunaren isla izango da. Hau da, osasun horren arabera, Angulak albiste gehiago edo gutxiago izango ditu, ez dugu informazioa asmatuko. Bestalde, iritzi sorkuntzaren gaia indartu nahi genuke, informazio instituzionalaz, beste ikuspegi batetik hitz egin ahal izateko. Kontua ez da proiektua handiago egitea, helburu horiek betetzea baizik.

Etiquetas: 

Angulaberria.info ez da angulaberria talde editorialaren izenpean ez dagoen iritziez erantzule egiten. Gure desira era guztietariko debate aberasgarriak bultzatzea da.