Lur Funtsaren Web-gune berria abian jarri du Aldundiak, nekazaritza lurrak lanerako alokatu edo eskaintzako

imágen

Gipuzkoako nekazaritza lurren funtsak bere Web-gune berria abian izango du bihartik aurrera. Bertan Nekazaritza Lurren Funtsaren inguruko informazio guztia jaso ahal izango da. Baita eskaerak egiteko edo lurrak eskaintzeko behar diren formulario edo dokumentu guztiak ere. Web-gune berri honetara Nekazaritza eta Landa garapeneko foru zuzendaritzak duen orritik sar daiteke: nekagip.net,  edo zuzenean helbide hau erabiliz: nekagip.net/nekazaritzalurrenfuntsa

Nekazaritzarako egokiak diren lurrak aldi baterako lagatzeko merkatua dinamizatu nahi du Aldundiak eta, Lurren Funtsaren bitartez, nekazaritzarako finka erabilgarriak interesatuta dauden pertsonen eskura jarriko dira. Aldundiak nekazaritza lurren bitartekaritza lanak egingo ditu.

Entitate publikoek zein partikularrek beren borondatez landa finken erabilera eta aprobetxamendua denboraldi jakin baterako lagatzea bideratuko du, beste pertsona batek kudeatu eta administratu ditzan lur horiek. Hori guztia, erabiltzen ez diren nekazaritza lur erabilgarriak mobilizatzeko, ustiategi berriak martxan jartzeko eta dauden ustiategien zabalkuntza sustatzeko.

Gestioak

Web-gune berri honek, nekazaritzarako lurren bila dabilen edonork behar duen informazio guztia bilduko du: eskaintzen diren lurren kokapena, neurriak, baldintzak eta abar. Bertan izango dira, gainera, betebeharreko dokumentuak, gero bakoitzari dagokion lurralde bulegora eraman beharko direnak.

Bestalde, Web-gune honetan aurki daiteke laga nahi diren lurrak bideratzeko informazio guztia.

Urrullo

Lurren Funtsak lehen urratsak eman ditu jada eta Aldundiaren jabegoa den Lezoko Urrullo izeneko baserrian bost ustialeku eskaintzen ditu beste hainbat nekazarientzat. Proiektuak eremu handi baten aprobetxamendua aurreikusten du (5,5 Ha),  Hektarea bana izango duten bost baratza prestatzeko. Ura eta bidea, hau da, gutxienezko azpiegiturak izango dituzte sail guztiak. Lezoko Urrullo baserriaren lurretan bost baratza ekologiko errentagarri sortuko dira, beste hainbat nekazarientzat. Eskaerak egiteko epea irekita dago, eta ekainaren 18a bitarte zabalik egongo da.

Etiquetas: