.eus domeinua

.eus : zergatik eta zertarako
Internetek, kultura-aniztasuna mailarik gorenean kokatzen du eta, kultura-aniztasun horren baitan, gaur egun euskarak eta euskal kulturak Interneteko aterpe teknologiko propioa izan dezakete: .EUS domeinua, 'Euskara eta Euskal Kulturaren Komunitatea'-ren [ EEKK ] Interneteko izena.

Ikur hori euskara eta euskal kultura sustatzeko tresna izango da eta, hori horrela, .EUS domeinua mundu mailako hizkuntza normalkuntzarako tresnatzat ulertzen dugu: .EUS domeinuak, Interneteko espazio birtualean, euskara beste hizkuntzen mailan kokatzen baitu. Are gehiago, .EUS domeinuak euskara lehen mailako hizkuntza bihurtzen du Interneten, mundu mailako aitorpena eskainiko baitio eta hura sustatzeko bitarteko eraginkor bihurtuko baita.

Era berean, .EUS domeinuak Internetek berezkoa duen aniztasuna sendotu, hedatu eta egiazkoagoa bilakatzen du, izan ere, hizkuntza eta kulturen komunitateek beren domeinu propioa izateak kultura-aniztasuna sarean ere kokatzen duelako. Biak ala biak, beraz, bai Interneteko Euskararen eta Euskal Kulturaren Komunitatea eta baita Internet tresna gisa ere, onuradunak dira hizkuntzari eta kulturari loturiko domeinuez ari garenean.

Noiztik irekita dago .eus domeinuak erregistratzeko aukera?
.eus domeinuak erregistratzeko aukera 2014ko martxoa-apirilean ireki zen. Gerturatu ahala, data zehatzagoak emango ditugu. PuntuEus Fundazioak irekiko du erregistratzeko eta erreserbarako epea eta, hortaz, zenbait webgunetan erreserbatzeko aukera ematen den arren, PuntuEus Fundazioaren bitartez egiten ez diren erreserbek ez dute balioko.

Edozein domeinu-izen eska daiteke?
Printzipioz bai, baina ICANNek berak muga edo salbuespen batzuk markatzen ditu (NBEk ofizialki onartzen dituen herrialdeak, beste zenbait lurralde, 3 hizki baino gutxiagoko domeinu-izenak eta beste zenbait) PuntuEus Fundazioak bere aldetik, izen batzuk gordeko ditu (udalen domeinuak, adibidez, udalarentzat erreserbatzeko helburuarekin) . Beraz, erregistratu nahi den domeinua salbuespenen zerrendan badago, ezingo da erregistratu. Azentuak, dieresiak eta ñ ere onartuko dira domeinu-izenetan (nabigatzaileek ere onartzen dituzte) eta ñabardura.eus erregistratzen duenak, automatikoki eta doan, nabardura.eus ere erregistratuko du eta eta domeinu bakarra balira bezala funtzionatuko dute.

Nork erregistra dezake .eus domeinu bat?
Edonork eska dezake .eus domeinu bat, .com edo .org bezala. Izan partikularra edo erakunde/enpresa/elkartea, izan hemengoa edo hangoa. .eus domeinu bat erregistratzeko ez da eskatzailea nor den begiratuko, webgunea baizik .

Zein dira .eus domeinu bat eskatzeko baldintzak?
Ez dago .eus domeinu bat eskatzeko baldintzarik. Edonork eska dezake.

Zein dira .eus domeinu bat erabiltzeko baldintzak?
Batetik, webgunearen edukien zati bat euskaraz egotea, nahiz eta beste hizkuntza batzuetan ere egon daitekeen, noski. Bestetik, euskarazko edukirik ez dagoen kasuetan, euskal kulturarekin loturiko edukiak izan beharko dute.

Nola ziurtatuko da baldintzak betetzen direla?
Aldizka, baldintzak betetzen direla ziurtatzeko azterketak egingo dira. Baldintzak betetzen ez direnean, domeinuaren titularrari posta elektronikoz jakinaraziko zaio. Epe jakin baten baitan erantzunik jasoko ez bagenu eta baldintzak betetzen ez badira, domeinuaren erabilera etengo da.

.eus domeinu bat eskatzen badut, aurrez dudan .com edo bestelako domeinua galdu egiten dut?
Ez, domeinuak euren artean bateragarriak dira eta nahi adina egon daitezke indarrean domeinu-izen berdinerako. DNSa konfiguratu behar da horretarako.

Nork kudeatzen du .eus domeinua?
.eus domeinua PuntuEus Fundazioak kudeatzen du, zeina irabazi-asmorik gabeko entitate pribatua den eta irekia dagoen interesa duten pertsona eta entitateetara.

Zenbat balio du .eus domeinu batek?
.eus domeinuen prezioa erregistradoreek jarriko dute, eskaintzen dituzten zerbitzuen arabera. Hau da, erregistradore ezberdinek prezio ezberdinean eskain dezakete. Gainera, kontutan hartu behar da prezioak beste zerbitzu batuk ere barnebil ditzakeela (.eus posta elektronikoa, DNSen kudeaketa, web espazioa, laguntza eta abar). Edozein kasutan, .eus domeinuen azken prezioa erregistradoreek finkatzen dute. Promozio bereziak ere egon daitezke, prezio bereziekin. Ondo begiratu eta erabaki.

Informazio gehiago jasotzeko
Idatzi info@puntueus.org helbidera.

Etiquetas: