Etxez etxeko zerbitzuan lan gatazka

foto

Irungo EH Bildu.-  2014ko apirila, Valoriza enpresa etxez etxeko zerbitzua kudeatzen hasi eta bi hilabetera lan gatazka berri bat loratu da gure hirian. Ongizateko batzorde informatiboan udal teknikariek 5 langilek kaleratze abisua mahai gainean dutela adierazi digute.

2013ko uztailean zerbitzu honetako langileak greba batean murgildu ziren beraien lan baldintzen eta zerbitzuaren aldeko borroka aurrera eramanez. Horren ondorioz, Arquisocial enpresari kontratua ez luzatzea erabaki zuen udal gobernuak, ondorengo kontratazio berria esleituz.

Herri honetan bizitako lan gatazka horretan zehar eta ondorengo kontratazio prozeduran ere EH Bilduk bere kezka adierazi izan du, 2013ko abenduaren 27ko osoko bilkuran zerbitzu honen tasaren aldaketan adierazi bezala. Bertan ere, gure aldarria den kudeaketa zuzena egin genuen, enpresa hau kooperatiba baten bidez edo enpresa publiko bat sortuz kudeatua izan zedila.

Jaso berri dugun albiste hau udal gobernu honek zerbitzu publikoen  kontratazioarekin daraman politikaren beste adibide bat besterik ez da. Ezin ditugu ahaztu OTA-TAO-ko, Kiroldegietako eta aipatutako etxez etxeko zerbitzuko lan gatazkak. Baina haratago doa, udal honek zerbitzu publikoak enpresa pribatuen esku uzten ditu eta uzteko asmoarekin jarraitzen du, aurkeztutako proposamen eta  alternatibari inongo jaramonik egin gabe.

EH Bilduk ez du onartuko langileen lan baldintzak enpresa baten irabazien gainetik jartzea eta horregatik udal gobernuari hurrengoa eskatzen dio;

-Har dezala gai hau lehentasun bezala eta zerbitzu publiko baten arduradun den heinean egin ditzala beharrezko tramiteak.

-Eska diezaiola enpresari 5 langileak ez kaleratzea.

-Jar dadila jada zerbitzu hau zuzenean kudeatzeko proposamen berriak aztertzen. 

Etiquetas: