Irrati libre baten historiatik haratago doan dokumentala
furyak.- Hilaren 12an, igandearekin, Oreretako Niessen aretoan izan zen zer ikusia: hain zuzen ere, Zintzilik Irratiak 27. urteurreneko dokumentala proiektatu zuen bertan.
Proiekzioa hasi aitzin irratiko kide batzuek hartu zuten hitza eta dokumental hau egiteko ideia sortu zenetik emaitza esku artean izan dutenerako bidaia laburbildu ziguten. Euren esanak adituta ("baliabide apalak izan ditugu", "ez genuen sekula lehenago horrelako proiektu bat bideratu"), zerbait xumea espero genezakeen guzti horretatik, irratiaren historiari hertsiki loturiko dokumental bat agian, baina argiak itzali ondoko 80 minutuetan argi eta garbi geratu zitzaigun jaso duten uzta ezin dela xume adjektiboarekin deskribatu.
Irrati bat ez da irla bat, bere hutsean jaio eta pausoak ematen hasten dena, gutxiago irrati libre baten kasuan. Zintzilik irratia ez da irla bat inondik inora, testuinguru jakin batzuen emaitza eta ondoko eboluzioaren isla (eta berriro diot, ez irla) baizik.
Hala bada, ahots ezberdinek osaturiko dokumental honetan Oreretako historia kontatzen zaigu eta hari loturik 80. hamarkadan sorturiko Zintzilik irratiarena, bertako (eta nola ez, Euskal Herri zein mundu mailako) mugimendu sozialen behrren erantzun gisa, DVDaren atzekaldean irakur daitekeen lez, "hedabide ofizialetan ahotsa ez zutenei ahotsa emateko".
Orereta zein inguruetakoak ez bazarete ere, gaur arte Zintzilik irratiaz fixik entzun ez baduzue ere, dokumentala ikusteko aukera baduzue egin dezazuen animatzen zaituztet: bertan kontatzen dena ez baita anekdota hutsa, beste herri, irrati, zein tankerako proiektu askoren kide paralelo bat da, baita agian eredu bat ere.
Ereduaren kontura loturik esan behar dut mitifikazioak ez ditudala gustoko; 90. hamarkadan jaiotako mukizu bat naiz, ez didazue adituko inoiz esaten lehenagoko garaiak hobe izan zirenik. Ordea, haiengandik ikas dezakulako ideia baztertzea ere ez zait oso aukera argia iruditzen. Gazte eta heldu, euskaldun ala ez (euskaraz eta gazteleraz tartekaturik dago audioa, eta era berean azpitituluak ditu), ikusi nahi ez baduzue, hori zeuen erabakia da, baina aitzakiarik ez dut onartuko, beraz...
...hurrengo proiekzioak honako hauek izanen dira:
- Urtarrilaren 16a - Putzuzulo (Zarautz)
- Urtarrilaren 22a - Elebeltz (Lasarte)
- Otsailaren 5a - Hala Bedi taberna (Gasteiz)
- Otsailaren 16a - Bergarako gaztetxea (Bergara)
Bukatzeko, DVDa 10€-tan eros daitekeela jakin ezazue, Zintzilik Irratiaren webgunean aipatzen diren lekuetan, eta bestelako eduki batzuk ere badakartza!
Eta zer esago dizuet bada? Bitartean... rock and roll!
Izan ongi!