Bai, Madrilera goaz datorren abenduaren 18an, orduan bukatuko baita gazteen aurkako epaiketa politiko lotsagarria. Madrilera goaz, Euskal Herriak dagoeneko errugabetu dituen 28 gazteen bila, nola ez, baina, batez ere, Entzutegi Nazionalaren aurrean, “KONPONBIDEA BAI, EPAIKETARIK EZ” ozenki aldarrikatzera eta Justiziari bestelako bide bat hartzeko garaia iritsi zaiola entzun araztea. Gauzak horrela, Euskal Herrian zehar LIBRE Dinamikan murgilduta gauden herri taldeak eta ELEAK Mugimenduak bateraturik, dei egiten diegu euskal herritar guztiei gurekin Madrilerako bidaia egin dezaten horretarako antolatuko ditugun autobusetan.
Izan ere, tortura eta tortura… Torturaren testigantza lazgarriak izan dira Madrilgo Entzutegi Nazionaletik Euskal Herrira iritsi diren 28 gazteen aurkako epaiketaren oihartzun ia bakarrak: poltsa, ariketa nekagarri amai ezinak, kolpeak, mehatxuak, eraso psikologikoak eta sexualak, lotarako aukerarik ez, atsedenik ez, testuak buruz ikasi eta errepikatu behar, bakardadea… Eta orain, torturaz lorturiko deklarazioetan oinarriturik 28 gazte independentista espetxeratu nahi ditu Madrilek.
Eta Ferrnando Grande-Marlasca epaileak bere bulegoan euskal gazte guzti hauek pasatzen ikusi zituenean eta, zenbait kasutan, baita hauen torturaren testigantzak entzun ere, ez zuen deus egin. Alferrikakoa izan zen, ez zuen ikerketarik zabaldu eta gazteak berdin-berdin espetxeratu zituen. Gauzak horrela, duela urte batzuk bezala, badirudi Estatu espainolean torturatzailearen aldeko inpunitate juridiko eta politiko osoa oraindik indarrean dagoela. Demokrazia ustela da Estatu espainolarena.
Eta euskal jendarteak, Euskal Herriko gehiengo politikoak, sindikalak eta baita mugimendu sozial anitzek ere, ondo dakite euskal gazteak ez direla gezurretan aritu Madrilen. Euskal Herrian denok dakigu gazte hauek ez dutela politikaz kanpoko deliturik egin eta guztiok dakigu torturatu dituztela bere kideen inkulpazio eta beraien autoinkulpazio bilatzeko.
Horregatik guztiarengatik, Euskal jendarteak ez du horrelako epaiketa politikorik nahi. Euskal herritarrek nahi dutena, gatazkari konponbide politikoa ematea da. Eta horixe da Madrilen epaiketaren lehen egunean euskal gazteak erakutsitako karteletan aldarrikatu zutena: KONPONBIDEA BAI, EPAIKETARIK EZ! Eta horixe aldarrikatzeko osatu zen ere Loiolan AskeGune berria, ETA HORIXE ESATERA GOAZ MADRILGO ENTZUTEGI NAZIONALERA: KONPONBIDEARI BAI, EPAIKETARIK EZ. Eta, bestetik, aurreko gazteen aurkako sarekadan 40 auziperatuak LIBRE geratu ziren bezalaxe, oraingo 28akereLIBRE geratu behar direla esatera goaz Madrilera.
Euskal herritarrak behar bezala babesteko indarrik ez duten euskal instituzioetako arduradun nagusia den PNVek epaiketa hauek ez dituela onartzen esaten du, baina ondoren, Madrilen aurrean zutitu eta DESOBEDIENTZIARI ekin beharrean, OBEDIENTEZIARI eusten dio eta euskal herritarron nahiari muzin eginez, Ertzantzaren “Beltzak” bidaltzen ditu Donostiarta, Ondarroara, Loiolara... PNVk jakin behar du Euskal Herriaren nahiaren aurka Madrilekin KOLABORAZIO LANETAN ARITZEA ez dela herri honek nahi duena. Aste honetan bertan, Segurakoen aurkako beste makro-sumarioa 2015eko urtarrilaren 12an hasiko dela jakin da. Beste 35 euskal militante politiko epaitu eta espetxeratu nahi dituzte.. Ez al du uste PNVek NAHIKOA DA elkarrekin esateko garaian iritsi dela?
Tira, alfer alferrik dabiltza. Gatazka politikoaren aurrean Madrilek azaltzen duen jarrera itxiak eta PNVren jarrera OBEDIENTEEK, Euskal Herrian gero eta DESOBEDIENTE gehiago sortzen dituzte. Gero eta gehiago gara independentziaren aldeko prozesua ezinbestean DESOBEDIENTZIAren bidetik garatu beharko dugula pentsatzen dugunok. Elkartasunetik, konpromisora pasatzen hasi ginen. Orain, konpromisotik desobedientziara pasatzen hasi gara. Horrek LIBRE egingo gaituelako.
Herritarron adierazpenean esaten den moduan, “azken denboran emandako urratsek eta abiatutako prozesu demokratikoak, konfrontazioa eremu politiko hutsera mugatuko duen etorkizunera eraman gaitzan nahi dugu”. NON DAGO DELITUA HORRETAN?
Datorren abenduaren 18an, denok Madrilera!
EUSKAL HERRIAN ZEHAR LIBRE DINAMIKAN MURGILDUTAKOA HERRI TALDEAK eta ELEAK MUGIMENDUA.
- Egutegia
- Logeatu iruzkinak post-eatzeko
- 1840 irakurketak
- Castellano