Ekainak 26 torturaren biktimaren nazioarteko eguna

Aurtengo Torturaren Biktimen Laguntzarako Nazioarteko Egunean (NBEko Batzar Orokorrak ekainaren 26a aldarrikatu zuena 1997ko abenduan) TORTURAREN AURKAKO TALDEA, GIZA ESKUBIDEEN BEHATOKIA eta EGIARI ZOR FUNDAZIOAK, Euskal Herriko torturaren errealitatearen salaketan eta bere biktima guztientzako justizia eta erreparazioaren aldarrikapenean gure konpromisoa berrestera gatoz.
    

Azken urteetako balantzea eginez datu positiboa atera dezakegu: 2001 eta 2010 urte bitartean urtero 65 tortura salaketako media izatetik, eta 2001-2003 urteetan soilik guztira 311 salaketa egonda, hamarkada berri honetako lehen 3 urte hauetan tortura salaketak urtez urte jaisten joan dira, 2011n 18 kasutara, 2012an 2ra eta 2013an salaketarik ez izateraino. Emaitza hauek atxiloketa inkomunikatuen kopuruarekin zuzeneko harremana dutela baiezta dezakegu. Atxiloketa inkomunikatu berri baten atzetik gehienetan tortura-alegazioa dator. Hala ikusi ahal izan dugu berriz ere azken hilabetean Tomás Madinaren kasuan, bere atxiloaldi inkomunikatuaren ondoren jasotako salaketarekin.
    
Hala ere, gero eta nabarmenagoa da inkomunikazioaren arbuiatzea, ez soilik gizarte zibilaren aldetik baizik eta gero eta gehiago dira azken aldian salbuespen neurri honen kontra esparru juridikotik entzuten diren ahotsak, unibertsitate-irakasleak, Auzitegi Nazionaleko eta baita espainiar Auzitegi Goreneko magistratuak adibide. Haren isla da Auzitegi Nazionalak berriki ebatzi duen epaia, besteak beste ez dituelako kontutan hartu inkomunikazio garaian egindako deklarazioak, modu librean eman ez izateagatik. Horrela, Prozedura Kriminalaren Legeko 520.bis artikuluaren indargabetzea eskatzeko garaia da, honek baimentzen baitu tortura inpunitatez aplikatzeko esparru klandestino hori.
       
Aldiz, torturaren kontrako jarrera orokor honen aurrean, salaketa hauek ikertu behar dituzten auzitegi arruntak oraindik orain ez dira aurrera pausu bat ematera ausartzen, torturaren ageriko zantzuak egon arren sistematikoki artxibatzen dituzte, eta horrek tortura baimendu eta praktikatzen dutenen zigorgabetasuna dakar. Zentzu honetan auzitegi arrunten jarrera honekin  torturaren biktimei eragiten ari zaien bidegabekeria salatu behar dugu. Era berean bere bezeroek Ertzantzaren aldetik jasandako torturak publikoki salatzeagatik Alfonso Zenon abokatua zigortu izana salatu behar dugu. Kasu honetan aurrera egin zuen salaketa bakarra hau izan zen, bere bezeroek torturak jasateagatik tarteratu zituztenak artxibatuz.

Torturaren biktimekiko elkartasunezko nazioarteko egunean errealitate honen kontrako jarrera tinkoa ager dezatela eskatzen diegu botere publikoei, eta diskriminazio honekin amai dadila torturaren biktimei zor zaien Aitortza, Justizia eta Erreparazioa emanez.

Etiquetas: