LAB sindikatuak Maiatzaren 1a Irunen ospatuko du

ArgazkiaAurtengo maiatzaren lehenean Oarso Bidasoako LAB Irunen egongo gara “langileok erabaki Euskal Herriak erabaki dezan” lelopean.

Bertan, krisia iruzur handi bat dela salatuko dugu, iruzur politiko ikaragarria hasieratik. Izan ere, inork ez du ardurarik bereganatu, are gehiago, langileoi egin gaituzte erantzule, aberatsak gero eta aberatsago, eta pobreak gero eta pobreago bilakatuz. Krisiak aurretik eraman du produkzio esparrua espekulazioaren mesedetan. Gainera, egoera gainditzeko saldu dizkiguten aitzakiekin erreforma estrukturala inposatzen ari digute, eredu soziala goitik behera aldatuz. 

Darabilkiten gezurren artean, bereziki bi azpimarratu nahi ditugu: hazkunde ekonomikoa eta erabakitzeko eskubidea. 

Ez da egia krisiaren amaieraren atarian gaudela, ez behintzat enplegua suntsitzen, soldatak erasotzen, babes soziala murrizten, produkzio ehuna eta ekonomia erreal suntsitzen, zerbitzu publikoak pribatizatzen, ... pobrezia eta prekarietatearen gainean ez dago hazkunde ekonomikorik. Bide honetan, hazkundea gutxi batzuen poltsikoetara soilik doa.

Erabakitze eskubideari dagokionean, ezin da “lehengo krisia eta gero erabakitze eskubidea” planteatu, are gutxiago krisia sortu zuten horiei erabakitzen uzten bazaie.

Kapitalaren diktadura honen aurrean, langileon erabakitze eskubidea ezinbestekoa dugu, burujabetza behar soziala baita langileontzat. Egungo egoera larriari buelta emango dion giltza burujabetza ekonomiko, soziala eta politikoa da. Guri dagokigu erabakitzea nola sortu, banatu eta antolatu nahi dugun aberastasuna Euskal Herrian, eta prozesu horretan, langileok izan behar gara protagonista eta bermea.

Horregatik, dei egiten ditugu Oarso-Bidasoako herritarrak, maiatzaren lehenean salaketa eta aldarrikapen hauek bere egiteko eta 12:00tan Iruneko San Juan plazatik aterako den manifestazioan parte hartzeko. Langile borrokaz lortuko dugulako!

Etiquetas: