Kronika: AHTren aurkako kalejira Donostian

Mugitu! Mugimendua.- Mugitu! Mugimenduak deituta, hamarnaka lagunek AHTren aurkako protesta-kalejira egin zuten ostegunean Donostian Jaurlaritzak Miramar jauregian ospatu ohi duen urteko lehen gobernu-kontseiluaren aurrean azpiegitura xahutzaile eta txikitzaile horrekiko arbuioa adieratzeko. Goizeko 11etan bulebarreko kioskotik abiatu zen protesta-martxa, “AHT-MARRAZO” handi bat eraman zutelarik Miramarrera, Urkullu lehendakaria gainean jarrita, era honetan AHTren egitasmo erraldoiaren logika depredatzailea irudikatu eta baliabideen xahuketa nahiz lurraldeen suntsiketa salatzeko.  Kontxan zebilen jende ugarik irriparrez hartu du protesta, manifestariek pankartak jarri dituzte hondartzako barandillan eta esku-orri ugari banatu dira. Miramarrera helduta, Ertzainek jauregira sartzea eragotzi zuten, eta ordu laurden batez bertan segitu zuten protestan AHTren aurkako ohiu eta kantuak eginez.

Osteguneko protestarekin, AHTa baliabide publikoen eta lurraldearen egitasmo depredatzailea dela salatu dugu . Obrak hasi zirenetik, zazpi urte igaro direnean, kalte atzeraezinak eragin dituzte “Euskal Y”-aren trazaduaren kilometro askotan, eta gutxiengo baten mesedetan patrikak betetzen jarraitzen dute porlanezko egitasmo erraldoiaren ezarpenarekin. Horrenbestez, lurraldea hondatu, gastu sozialak murriztu eta jendartearen bizi-baldintza kaskarrak okertu dira, herritarren gehiengoak behar eta nahi ez duen AHTren inposizioaren ondorioz.

Horrez gain, AHTak sortu duen zorpetze publikoa ezkutatzen ari da Jaurlaritza, obraren etengabeko gain-kostuak eta ustelkeria kasuak bezalaxe: horren lekuko, porlana egiteko legezkanpoko hainbat instalazio jartzearren udaletxeak presionatu ditu, Basaurin alperrik eraiki duten biaduktoaren aferaren aurrean ezikusiarena egiten du, eta AHTrako oraindik egiteke dauden gastu itzelen inguruan ilunkeria nabarmena erakusten du.

Hori denagatik, AHTren logika depredatzailea salatzeko, Urkullu lehendakaria gainean jarrita duen AHT-MARRAZO handi bat eraman genuen Miramarrera. Eta AHTren aurkako borrokari eta desobedientziari bultzada berri bat emateko aldarria zabaldu nahi dugu bidenebar, lurraren defentsan nahiz gizarte eredu berri baten alde. 

Etiquetas: