AHTri beste kolpe bat: Euskal Y-a isolaturik geratuko da, Frantziak konexioa baztertuko duelako

EH Bildu.- Frantziako gobernuak eskatutako txosten batek aurkako iritzia eman du Bordele-Tolosa eta Bordele-Dax tarteak eraikitzearen harira.

Aste batean Euskal Y-ak bi kolpe nabarmen jaso ditu Bruselatik eta Paristik. Azken albisteen ondotik, azpiegitura babesten dutenen argudioak indar gabe geratzen ari dira. Joan zen astean Europako Batzordeak ohartarazi zuen ez ziola inongo babes ekonomikorik emango “bideragarritasun positiboa” frogatu ezean. Ohartarazpen horri Frantziako gobernuak Bordele – Tolosa eta Bordele – Dax lineen inguruan eskatutako txostena gehitu zaio. Txostenaren ondorioen arabera, ez da egoki ikusten eraikitzea, ez baita bideragarria arrazoi ekonomiko, sozial eta ingurumenekoengatik. Horrela, ikerketa egin duen batzordeak “interes publikoaren” izendapena ukatu die.

Jada hainbat aldiz salatu du EH Bilduk Euskal Y-ak ez duela bideragarritasuna ikertzeko txostenik egin, eta Frantziatik datozen azken albisteekin berresten da AHTk ez duela konexiorik izango ez Frantziarekin eta ezta Madrilekin ere. Egoera horren aurrean, EH Bilduren legebiltzarkide Dani Maeztuk salatu du “nahasmen egoera jasanezinean” gaudela. “AHT iruzur baten gainean eraiki da, gezur bat bestearen gainean jarriz. Ustezko denbora murriztea ezer ezean geratu da, Espainiako eta Frantziako konexioak bertan behera, eta merkantzien garraioa ez da bideragarria”, salatu du Maeztuk.

Hala, EH Bilduk azpiegituraren bultzatzaileei eskatu die txosten independente bat egin dezatela Frantziako eredua jarraituz, AHTren kostua eta errentagarritasuna aztertze aldera, obrekin aurrera jarraitu aurretik. “Oraindik garaiz gaude diru publikoaren xahutze erraldoia geratzeko.Erabaki politikoak hartzeko momentua da. Bestela, arduragabekeria honen erantzuleak nortzuk diren jakiteko garaia izango da”, gaineratu du Maeztuk.

Etiquetas: