Araba, Bizkaia eta Gipuzkoako Kaleratzeak STOP Elkarteek premiazko agerraldia eskatu dute Gasteizko Legebiltzarrean

foto
ETXEBIZITZAREN EUSKAL LEGEA EDUZKIZ HUSTUA IZATEN ARI DELA-ETA, OINARRIZKO EDUKIAK EXIJITU DITUZTE

Aste honetan, Araba, Bizkaia eta Gipuzkoako Kaleratzeak Stop elkarteok premiazko agerraldia eskatu dugu Gasteizko Legebiltzarreko Enplegu, Gizarte Politika eta Etxebizitza Batzordean, Etxebizitzaren Euskal Legearen ponentzian egiten ari diren urratsekin arduratuta, uste baitugu lege honek jaso behar dituen oinarrizko edukiak urardotzen ari direla.

Banketxeek, Vitalquiler bezalako sozietateek eta Alokabide bezalako erakunde publikoek egiten dituzten kaleratzeen zorigaitzak milaka familiengan sortzen dituen eragin psikologiko eta ekonomikoak ekiditeko aurrera eramaten dugun salaketa sozialaren bitartez, azpimarratu nahi dugu botere publikoek kaleratzeen ondorioak arintzeaz gain hauek ekiditeko lan egin behar dutela.

Etxebizitzaren Euskal Legea oinarrizkotzat jotzen dugu hainbat kontutan, eta horien gainean ditugun argudioak Gasteizko Legebiltzarrean defendatu nahi ditugu. Gai horien artean daude ondoko hauek:

  • Etxebizitza eskubidea Administrazioa eta Justizia Epaitegien aurrean exijitu ahal den eskubide subjektibo, unibertsal eta eraginkor bezala aitortzea ezinbesteko eta premiazkoa da, eta legeak ezinbestean jaso behar du.Etxebizitzak bete behar duen zeregin sozialak eta gure erkidegoan gai honetan bizi dugun larrialdia dela-eta, gaur egun euskal autonomia erkidegoan alokairu sozialera bideratu daitezkeen 40.000 etxebizitza hutsekin neurriak hartzea derrigorrezkoa da. Garrantzia handia du, hortaz, etxebizitza hutsaren kontzeptua finkatzea, eta beste kontuen artean uste dugu modu honetan sailkatuak izan behar dutela sei hilabeteko tartean hutsik dauden etxebizitzak, eta ez bi urteko tartean, ponentziak gaur egun jasotzen duen moduan.

  • Modu berean, eta etxebizitza hutsen inguruan, oinarrizko deritzogu pertsona fisikoen eta pertsona juridikoen artean desberdintzea, bereziki finantza-entitateak, inmobiliariak eta inbertsio-funtsak. Eta ezinbestekotzat jotzen dugu erabilera-desjabetze eta nahitaezko alokairuko neurriak ezartzea, bereziki exekuzio hipotekarioen ondorioz desjabeturiko etxebizitzen gainean.

  • Alokairurako etxebizitza publikoen parkea, gaur egun 6.000 etxebizitza dituena, Europar Batasuneko bataz besteko mailaraino hezi dadin, babes ofizialeko etxebizitza guzti-guztiak alokairura bideratzea aitzakiarik gabe hartu beharreko neurria da gure ustez.

  • Beste neurri garrantzitsu batzuk honako hauek lirateke: eroslehentasun edo tanteo-eskubidea gauzatzea, babesturiko etxebizitzak funts-putreei saltzea debekatzea edota kudeatze publikoko etxebizitzetatik kaleratzeak debekatzea arrazoia diru-sarrera eskasiarengatik alokairua ez ordaintzea baldin bada. Guzti horien bitartez gaur egun Etxebiden izena emanda dauden 50.000 eskatzaileei erantzuna eman ahal izango dien alokairu sozialeko etxebizitza parkea gauzatzea da helburua. Eta modu honetan etxebizitza, Europako Eskubideen Gutunean jasota dagoen moduan, oinarrizko eskubide bat izateko bidean aurrera egitea, espekulazio eta negozio izan beharrean.

Etiquetas: