Bitamine Faktoriak 2015eko sorkuntzarako mugaz gaindiko Laguntzen deialdia egin du

Deialdi honen bidez, sortzaile banako eta kolektiboen proiektuak nahiz ekoizpen-gune iraunkorren eta kultur eragile independenteen ekimenak babesten ditu Bitamine Faktoriak, horrela lekuko sorkuntza-ehuna sendotzen eta herritarren artean hedapen handiagoa lortzen lagunduz.

Eskaerak aurkezteko epea 2015ko martxoaren 31n amaitzen da.

Sortzaile banakoen eta/edo kolektiboen obrak, izaera berritzaileko proiektuak eta libre aukeratutako oinarri eta edukiak dituzten jarduerak ekoizteko izango dira laguntzak. Modalitate hori beren jarduera Gipuzkoa eta Lapurdi probintzietan garatzen duten pertsona fisiko edo kolektiboentzat bideratuta dago.

Onuradunak:

Pertsona fisiko banakoak eta pertsona fisikoen taldeak.

Espainiarrak edo Espainian legezko egoitza dutenak; frantziarrak edo Frantzian legezko egoitza dutenak.

20-40 urte bitartekoak.

Laguntzaren xedea:

Obra-ekoizpena ikusizko arteetan, musikan, arte eszenikoetan, literaturan, diseinuan, komikian edo sorkuntzako beste edozein diziplinatan.

Kultur proiektuei ekitea: nazio eta nazioarteko eremuan kultur ekitaldiak eta/edo guneak kudeatzea.

Obra erakustea.

Baldintzak:

Hautatutako proiektuek eskatutako laguntzaren %100 jasoko dute.

Laguntza bakoitzerako zenbateko maximoa 1.000 eurokoa da, BEZ barne.

Laguntza-kopurua hautatutako proiektuen zenbatekoen eta aurrekontu erabilgarriaren araberakoa izango da.

Bi epetan ordainduko da laguntza: %50, aurretik, eta %50, proiektua amaitu ondoren.

Proiektua egiteko epea interesatuak ezarritakoa izango da, eta 2015ko abenduaren 31 izango da azken eguna.

Onuraduna behartuta dago jasotako laguntzaren kargura egindako gastuak justifikatzera, hilabeteko epean, proiektua egiteko epea amaitzen denetik aurrera kontatuta.

Eskaera batean zenbait interesatu agertzen direnean (kolektiboa), egiten diren jarduketak berariaz adierazi den ordezkariarekin egingo dira, edo, bestela, lehenengo agertzen denarekin.

Laguntza ez da erabili behar antolakuntzako edo lokalak mantentzea kudeatzeko langile egonkorren gastuetarako (langile horiek antolakuntzak berez egiten dituen lanak egiteko iraunkortasunez kontratatutako langileak dira, ez proiektu zehatzerako kontratatuak).

Hautatzeko irizpideak:

Kalitatea, ibilbidea, berrikuntza, konektibitatea, parte-hartzea eta mugaz gaindiko izaera dira eskaeretan baloratuko diren irizpide nagusiak.

- Kalitatea: hainbat alderdi kontuan hartuko dira, hala nola, proposamenaren bikaintasuna, koherentzia eta bideragarritasuna, planteatutako egutegiaren eta giza-taldearen arabera.

- Ibilbidea: eskatzailearen esperientzia, ibilbidea eta ezagutza planteatutako jardueraren alorrean, eta kultur testuinguruarekin duen lotura.

- Berrikuntza: proiektuaren izaera berritzailea eta kultur praktika garaikideen garapenari egiten dion ekarpena.

- Konektibitatea: proiektuaren gaitasuna kultur sektore desberdinekin aliantzak ezartzeko: beste instituzio batzuekin, sorkuntzako sektorearekin, kultur elkarte eta erakundeekin (edo bestelakoekin), hezkuntzako instituzioekin, merkataritza-enpresekin; eta kultur lankidetza-sareak sortzea, tokikoak, naziokoak eta nazioartekoak.

- Parte-hartzea: herritarrak sorkuntza garaikiderantz sentsibilizatzeko gaitasuna, elkarrizketa eta trukea bultzatzen duten estrategien edo programen bidez; eta baita sorkuntza parte-hartzailearen izaera ere, beste sortzaile, profesional edo herritar batzuen parte-hartzea behar izatea kontuan hartuta.

- Mugaz gaindiko izaera: proiektuaren mugaz gaindiko helburuak baloratuko dira, bai mugaren bi aldeetan egingo delako bai kolektiboak bi nazionalitateetako artistez edo sortzaileez osatuta daudelako.

Balorazio-batzordeak, egoki iritziz gero, elkarrizketak egin ahal izango ditu eskatzaileekin, laguntza-eskaerari buruzko informazio osagarria jasotzeko.

Laguntza onartzea edo ukatzea.

10 egun balioduneko epean, erabakia argitaratu eta hurrengo egunetik kontatuta, proposamen horretan onuradun agertzen diren eskatzaileek haren onarpena edo ukoa aurkeztu beharko dute.

a) Laguntzaren onuradun proposatutakoa pertsona fisikoa baldin bada eta hari uko egiten badio, ordezkoen zerrendako lehenengoa proposatuko da laguntzaren onuradun izateko.

b) Laguntzaren onuradun proposatutakoa kolektiboa baldin bada, laguntza zati berdinetan banatuko da eskaera aurkezten duten pertsona-kopuruaren artean. Kolektiboko kide bakoitzak emandako diru-laguntzaren zatia onartu beharko du eta berariaz aipatu beharko du kolektiboko kideren batek uko eginez gero onartuko duela aurkeztutako proiektu osoa betetzeko dirutan nahiz arduratan ematen zaion zatia ere. Onartu ahal izango da kolektiboko kideren baten arrazoizko ukoa. Uko hori, nolanahi ere, kolektiboko gainerako kideen alde izango da, eta haren zenbatekoa zati berdinetan banatuko da diru-laguntza onartzen duten kide-kopuruaren artean.

Aurkeztu beharreko dokumentazioa:

DIN A4 paper formatuko euskarrian eta euskarri digitalean, edo euskarri digitalean bakarrik, emailez hona bidalita: arte@bitamine.net

1. PERTSONA FISIKOAK:

- Eskaera sinatua.

- NAN fotokopia, pasaportea edo eskatzailearen nortasuna egiaztatzen duen beste edozein dokumentu.

- Curriculum Vitae

- Egindako lanen dosierra

- Azken bi urteetan egindako jardueren deskribapen laburra.

- Eskatu duen laguntzaren xedeko proiektuaren dosier espezifikoa (eskatutako laguntzaren guztizko aurrekontua eduki behar du, kontu-sailetan banakatuta, eurotan).

- Proiektuaren edo jardueraren memoria osoa, bertan zehaztuz haren helburua, jarduketa-plana, garatzeko faseak, metodologia, ikerketa-ildoak, norentzako zuzenduta dagoen, gauzatzeko komenigarritasunaren edo interesaren justifikazio pertsonala, proiektuan lagunduko duten erakunde publiko edo pribatuak, edo jarduera egiteko babesa eta epeak eskatu dituztenak, haien hasiera- eta amaiera-datak sartuta; gehienez 5 folio.

- Dokumentazio grafikoa edo euskarri digitalean: obra edo jarduera egin berriaren 10/15 argazki.<0}

2. PERTSONA FISIKOEN TALDEA:

- Eskaera sinatua.

- Talde eskatzaileko kide bakoitzaren NAN fotokopia, pasaportea edo nortasuna egiaztatzen duen beste edozein dokumentu.

- Taldeko kide bakoitzaren Curriculum vitae.

- Taldearen Curriculum vitae.

- Egindako lanen dosierra

- Azken bi urteetan egindako jardueren deskribapen laburra.

- Eskatu duen laguntzaren xedeko proiektuaren dosier espezifikoa (eskatutako laguntzaren guztizko aurrekontua eduki behar du, kontu-sailetan banakatuta, eurotan).

- Proiektuaren edo jardueraren memoria osoa, bertan zehaztuz haren helburua, jarduketa-plana, garatzeko faseak, metodologia, ikerketa-ildoak, norentzako zuzenduta dagoen, gauzatzeko komenigarritasunaren edo interesaren justifikazio pertsonala, proiektuan lagunduko duten erakunde publiko edo pribatuak, edo jarduera egiteko babesa eta epeak eskatu dituztenak, haien hasiera- eta amaiera-datak sartuta; gehienez 5 folio.

- Dokumentazio grafikoa edo euskarri digitalean: Obra edo jarduera egin berriaren 10/15 argazki.

Informazio gehiago: komunika@bitamine.net – 0034 605743069

Etiquetas: