AHTren aurkako III. Bizikleta-Martxa desobeditzailea: : Uztailaren 25etik Abuztuaren 1era Castejonetik Gasteizera

fotoMugitu! Mugimendua.- Mugitu! desobedientzia mugimenduak antolatuta, AHTren aurkako III. Bizikleta-Martxa desobeditzailea egingo da, aurtengoan Nafarroan eta Araban barrena. Uztailaren 25ean hasiko da Castejon-en eta 8 eguneko ibilbidean Nafarroako Erribera, Tafalla, Iruñerria, Ollaran, Sakana, Arabako lautada eta Gopegira hurbilduko da, Gasteizen abuztuaren 1ean amaitzeko.  Bizikleta martxan zehar hitzaldiak eta tailerrak, mahainguru eta eztabaidak, antzezlanak, kontzertuak eta protesta ekintzak egingo dira. Halaber, lurraren aldeko borroketan eta jendarte eredua eraldatzeko ekimenetan dabiltzan pertsona zein kolektiboekin elkartzeko eta esperientziak trukatzeko aukera emango du bizikleta martxak.

Herriz herri pedaleatuz, AHTren zentzugabekeriazko egitasmoaren salaketa egingo dugu, lurraren suntsiketa, desberdinkeria soziala eta egun beharrezkoak diren premia ekonomikoen xahuketa ekartzen dituelako. Abiadura Handiko Trenaren egitasmoarekin batera, lurrari erasotzen dioten  beste hainbat proiektu ere ezbaian jarriko dugu, hala nola, Gas Fracking-a, Erraustegiak, Autopista Elektrikoak… finean lurra suntsitzen duen eta dirua bizitza sozialaren erdigunean jartzen duen egungo eredu kapitalista eta jasanezinaren isla direnak. Horren aurrean borrokatu eta jadanik hasita dauden bide berriei ekinen diegu, eraldaketarako bidea desobedientzia izanik.

AHTren kasuan, mito bat erortzen ari da. Porrot egin du proiektu honek, milioiak xahutzen dituena eta oinarrizko beharrizan sozialetara bideratu beharko liratekeen partidak murriztu beharra dakarrena, kalte itzela eraginez gizarte, ekonomia eta ingurumen arloetan. Obrak hasi zirenetik agerian gelditu da AHT ez dela bideragarria eta ez dakarrela inongo onurarik gizartearentzat. Porlanaren politika honek oso ondorio larriak dakartza eta are larriagoak izango dira ez badugu AHTren erokeria geldiarazten: zenbat eta gehiago itxaron proiektu hau geldiarazteko, ezbehar ekologikoa are handiagoa izango da eta galera ekonomikoak eta ondorio sozialak are sakonagoak.

Hori guztiagatik, “LURRAREN ALDE, BIZI-BIZI!” lemapean Txirrindula Martxa desobeditzailean parte hartzera animatzen zaituztegu, AHTko lanak gelditzea exijitzeko eta eraldaketa sozialari begira eraiki daitezkeen eta eraikitzen ari diren bide berrien eztabaidarako; baita antzerki edo kontzertuetan gozatzeko,... espazio askeak sortzeko gunea baita!

EGITARAUA:
Uztailaren 25, larunbata: CASTEJON - MARTZILLA – FALTZES
-11:30. Martxaren hasiera ekitaldia eta irteera: Castejongo Udaletxe plazan.
-12:00. Ebroren ezker ertzean: Castejongo zentral termikoen inguruko solasaldia “Ribera + centrales térmicas no” plataformaren eskutik.
-14:30. Martzilla. Aragoi ibaian bainua eta bazkaria
-18:30. Martzillatik abiatzen gara
-19:30. Faltzes
-22:00. Afaldu ondoren, martxako partaideen arteko aurkezpena jokuen bidez

Igandea 26: FALTZES – ERRIBERRI (OLITE) - TAFALLA
-9:30. Irteera Faltzesetik.
-11:30. Erriberri (Olite)
-12:00. Nafarroako ubideari buruzko hizketaldia: partehartzaileak: EHNEko nekazari bat eta Uraren Fundazioko kide bat.
-14:00. “Las Fuenticas” parajean bazkaria.
-18:00. Erriberritik ateratzen gara.
-18:30. Tafalla
-22:00. Afaldu ondoren hitzaldia: “Zer gertatzen da petroliorekin? Frackingaren testuingurua”. Fracking ez Nafarroako plataformak emanik.

Astelehena 27: TAFALLA – BIURRUN – IRUÑEA
- 9:30. Tafallatik irteera.
-11:00. Ongi etorri Garinoain - Barasoainen
-14:00. Biurrunera iritsi eta ondoren bazkaldu
-17:00. Biurrunetik abiatzen gara
-19:00. Etxabakoitz (Iruñea). Auzo honetan AHTren Iruñeko geltokia egin nahi dute.
-20:00. Jaso ikastola zaharrean afaldu aurretik, AHTren geltoki berriaren inguruko proiektu urbanistikoaren azalpena. Afaldu ondoren, Jazar proiektu artistikoaren aurkezpena

Asteartea 28: IRUÑEA – IRUÑERRIA - ARAZURI
-9:30. Irteera Jazarretik, Iruñerriko auzo zein herrietatik barna joaz: Barañain, Mendebaldea, Donibane, Zabalgunea, Alde zaharra, Burlata eta Uharte.
-13:30. Bainua Uharteko presan eta ondoren bazkaria.
-17:00. Abiatzen gara, Atarrabia, Txantrea, Antsoain, Errotxapea, Sanduzelai eta Orkoien zeharkatuz.
-19:00. Arazuri. Udal igerilekuetan bainua (bainujantzia ezinbestekoa)
-20:00. Afaldu aurretik, goi tentsioaren proiektuari buruzko informazioa “Autopista elektrikorik ez” plataformaren eskutik.

Asteazkena 29: ARAZURI - IRURTZUN- ETXARRI ARANATZ
-9:30. Arazuritik abiatzen gara.
-13:30. Irurtzun. Bazkaria Pikuxar elkartean.
-17:00. Irurtzunetik abian jartzen gara.
-19:00. Etxarri Aranatz
-20:00. Afaldu aurretik, Kultur Etxean mahaingurua: “Merkatu alternatiboa ala alternatiba merkatuari?”. Partehartzaileak: Galdakaoko komunala, Cataluñako kooperatiba integralak, Lakabe eta Errekaleor

Osteguna 30: ETXARRI ARANATZ- (ALTSASU- LANGRAITZ trenez)- GOPEGI
-9:30. Etxarri Aranaztik abiatzen gara.
-11:00. Altsasu. Bazkaldu aurretik, Olaztiko errauskailuaren gaineko solasaldia “3 Mugak batera” plataformak emanik.
-17:18. Altsasuko apeaderotik trena Langraitzeraino.
-18:02. Langraitzera heldu ondoren, txirrindula hartuta berriro, Mendaza, Foronda, eta Apodaka barrena Gopegiruntz abiatzen gara.
-20:30. Gopegi
-22:30. Afaldu ondoren, D’ Capricho, Cubako abeslarien emanaldia.

Ostirala 31: GOPEGI- (MURUA – GORBEIAKO TONTORRA oinez)- GOPEGI
-9:00. Gopegitik abiatzen gara.
-9:30. Murua. Handik oinez, Fracking ez-koekin batera Gorbeiako igoera. Fracking aurkako ekitaldia tontorrean.
-14:30. Bazkaria harrobietan. Ondoren, Zigoitiako jaietan murgilduko gara: antzezlana, kontzertua,...

Abuztuaren 1, larunbata: GOPEGI – URBINA - GASTEIZ
-9:30. Gopegitik irteera.
-11:00. Urbina. Ongi etorri AHTren aurkako monolitoaren aurrean.
-13:00.Gasteiz. Hiriaren barnako ibilbidea.
-14:30. Bazkaria Gaztetxean.
-18:00.Gaztetxetik abiatu hiriaren barna.
-19:30. TREN GELTOKITIK AZKEN KM. OINEZ.
-21:30. Afaria Errekaleorren.
-23:00. Kontzertua

Igandea 2: ERREKALEOR (GASTEIZ)
-10:00. Bizikleta martxaren balorazio batzarra.
-12:00. Errekaleorreko bisitaldi gidatua eta proiektuaren azalpena.

Informazio gehiago:
http://mugitu.blogspot.com/

mugituaht@gmail.com

Tlfnoa: 654480589

Etiquetas: