Auzitegi Nazionalak itzelezko isun bat ordaintzea eskatzen dio AHTren aurkako tartalari bati kartzela saihesteko

Mugitu! Mugimendua.- Dirudienez, AHTren aurka Yolanda Barcina tartakatzeagatik auzipetu zituzten pertsonen aurkako prozesua ez da oraingoz amaitu.

Gogoratuko duzuenez, 2013ko akaberan Mugitu! AHTren aurkako desobedientzia mugimenduko lau kide Auzitegi Nazionalean epaituak izan ziren 5 eta 9 urte bitarteko kartzela eskaerekin. Handik hamar egunera, Fernando Grande Marlasca buru zuen auzitegiak zigor-epaia atera zuen tartalari bakoitzari bina urteko kartzela zigorra eta 900€-ko isuna ezarriz. Laugarren pertsona bat ere zigortua izan zen beharrezko laguntzaile izan zelakoan urtebeteko kartzela zigorra eta 300€-ko isunarekin. Era berean, lau pertsona hauek Yolanda Barcinaren abokatu eta prokuradoreen ordain-sarien kostak (1.234€) ordaintzera zigortu zituzten. Pasa den azaroan Auzitegi Gorenak defentsak jarritako helegitea gaitzetsi egin zuen, honela, Auzitegi Nazionalaren epaia irmo bihurtu zen.

Behin isunak eta epaiketaren kostak ordaindurik, defentsako abokatuek lau auzipetuen zigorren etendura eskatu zuten, hauen kartzelaratzea saihestearren. Etendura hau hiru zigorturendako onartu bazen ere, laugarrenari, Julio Villanuevari, ukatu egin zitzaion, fiskalarendako azken honek zigor aurrekari konputableak zituelako. Berehalako kartzelaratze aginduaren arriskuaren aurrean abokatuek kartzela zigorra isun bategatik ordezkatzeko idazkia aurkeztu zuten.

Apirilaren 28an Fernando Grande Marlascak sinaturiko auto baten bidez, salbuespenezko izaerarekin eskaera hau onartua izan zen, ez baita batere ohikoa urte batetik gorako kartzela zigorrak isunengatik ordezkatzea. Baina ordaindu beharreko diru kopurua izugarri handia da, kartzela zigorraren bikoitza baita -4 urte- eta eguneko 10€ ordaindu beharrekoa, osotara 14.400€-ra helduz. Kopuru itzel honen aurrean abokatuek erreguzko helegitea aurkeztu zuten isuna eguneko 2€-ra murrizteko eskatuz. Eskaera hau errefusatua izan da eta horrenbestez kartzelaldia saihestu ahal izateko  14.400 € ordaindu beharko da ezinbestean.

Mugitu! Mugimendutik eta AHTren aurkako tartalarien sostengu taldetik salatu nahi dugu egoera hau azpiegitura honen aurkaritzaren kontrako milagarren jazarpena dela. Proiektu xahutzaile, ezdeus, txikitzaile eta antisozial hau indarrez inposatu nahi digutela adierazi nahi dugu, bere aurka oldartzen den aurkaritza kriminalizatuz eta jazarriz.

Tartalarien prozesuan zigortzeko borondate garbi bat egon dela gogora dezagun: kriminalizazio saiakera mediatikoa, espainiar Estatutik kanpo jazotako gertaera bat epaitzeko Entzutegi Nazionala bezalako salbuespenezko auzitegi baten erabilera, eta neurrigabeko eta gehiegizko zigor ezarpenak nazioartean kasurik gehienetan ardura penalik ez duen gertaera batendako. Oso adierazgarria da Zigortuen Erregistro Nagusian auzipetuen fitxan, tartakaden ekintza “pertsonen aurkako atentatua talde armatua”(sic) bezala agertzea.

Kartzela kondena hau ez eteteko erabiltzen ari diren zigor aurrekariak Urbinako gertaerengatik direla gogoratu beharrean gaude, Ertzaintzaren basatikeria hutsa izan zirenak, desobedientzia ekimen baketsu eta inofentsibo baten aurka oldartu zena, zortzi pertsona atxilotuz, dozenaka kontusionatu eragin zituena eta herrian eta inguruetan ikara egoera bat zabaldu zuena milaka pertsoni eraginez. Atxilotuetako bat Julio bera izan zen eta epaiketan 7 hilabetera zigortu zuten.

AHTren aurkako mugimenduaren kriminalizazio eta jazarpen errepikakor lazgarri honetan, Julio tartalaria kartzelan bi urtez sartzea saihesteko zuen sostengu ekonomikoa eskatzen dugu. Atzera berriz ere, zuen laguntza eskatzera gatozkizue bai behean agertzen den kontu korrontean diru ekarpen bat eginez, bai uda ondoren zehaztuko ditugun elkartasun ekimenetan parte hartuz.

Desobeditzen jarrai dezagun. AHT gelditzeko unea da.

Sostengu ekonomikoa: 3035.0068.08.0680058591 Basagure taldea (Laboral Kutxa)

Etiquetas: