Bidasoa eskualdean garapen iraunkorrean inbertitzeko 5 milioi euro jasotzea espero dute eskualdeko 6 entitatek

Bidasoa bizirik.- Bidasoa eskualdeko entitate ezberdinek 7 proiektu aurkeztu dituzte POCTEFA 2014-2020 deialdira (ESPAINIA-FRANTZIA-ANDORRA Lurraldeen Arteko Kooperazio Programa). Europako mugaz gaindiko kooperazio programa da, hiru herrialdeen arteko lurraldean garapen iraunkorra sustatzeko sortua. Mugaz gaindiko kooperazio proiektuak kofinantzatzen ditu, Pirinioen bi aldeetako aktoreek diseinatutakoak eta kudeatuak baldin badira. Sektore publikoari eta pribatuari zuzenduta daude laguntzak: organismo publikoak, enpresak, garapen agentziak, elkarteak, fundazioak, komertzio ganberak, ikasketa zentroak edo bestelako taldeak.

Bidasoa Bizirik-ek, Irungo Udalak, Hondarribiko Udalak, Txinzerrek, Bidasoa-Txingudi Mugaz Gaindiko Partzuergoak eta Mondragon Unibertsitateak 7 proiektu aurkeztu dituzte POCTEFA 2014-2020 deialdian. 29.663.430 euroko aurrekontua dute guztira. Horietatik, 5 milioi eskualdean exekutatuko dira zuzenean. Kopuru horren %65, Europatik iritsiko da.

Proiektuak onartzen baldin badituzte, lurraldearentzat interesgarriak diren arloak landu ahal izango dira: enpresak, inbestigazioa eta formazioa, mugikortasuna, sormena, ondarea eta ingurugiroaren hobekuntza. Ondorengo gaietan sakonduko dute: mugaz gaindiko lurraldea espezializazio azkarraren estrategiarekin lotzea, unibertsitatea-organizazioak-pertsonak kooperazioa transferentzia teknologiko ereduetarako, bizikletaren erabilera, mugaz gaindiko ondarearen balorea azpimarratzea eta mugaz gaindiko ur arroak modu koordinatuan kudeatzea.

Aurkeztu dituzten 7 proiektuak lotzen dituen ildoa da proposatutako ekintzen zati bat Bidasoa eskualdean garatuko dutela.

CONNECT Innovation bai!: lurraldeko enpresak 4.industria iraultzaren trenera igo araztea du helburu, ekintzailetza sortzailearen eta berritzailearen kultura sor dadin, eta hiritarrek prozesu horretan parte har dezaten. Bidasoa Bizirik da proiektuaren gidaria, eta Irungo Udalak eta Mondragon Unibertsitateak parte hartzen dute (MU ENPRESAGINTZA S.COOP.).
3KNOW: Unibertsitatea-Organizazioak(enpresak)-Pertsonak(ikasleak) kooperazioaren promozioa du helburu. Alde batetik, teknologiaren transferentzia ereduak eta berrikuntzaren kudeaketa garatzeko, eta bestetik, Ikerketa Garapena eta Berrikuntza arloko babes teknologien garapenerako oinarrizko ikerketa errazteko. MIK S.COOP. (Mondragon Innovation & Knowledge) da gidaria, eta Bidasoa Bizirik garapen agentziak parte hartzen du.

IBILBIDE BEREZIAK, hiri sortzaileen sarea: Helburua da bitartekoak, ideiak, gaitasunak eta baliabideak jartzea, bazkide bakoitza lurralde sortzaile batean bihur dadin, eta kultura turismoa indartu dezan. Ideia da espazio publikoan egindako artea ekonomia lokalaren eta kultura turismoaren eragiletzat hartzea, industria sortzailearen bidez.

EDERBIDEA: Proiektuak bizikletaren erabilera sustatzen du, garraiobide jasangarri moduan. POCTEFA 2007-2013 Circuldouce proiektuaren jarraipena da. Bizikleta pistak gaitzeko eta horien promoziorako ekintzak indartzen ditu. Parte hartzen duten entitateetako teknikariei, ikasleei, langileei eta bestelako hartzaileei zuzendutako sentsibilizatze kanpainak aurreikusten dituzte. Irungo Udalak parte hartzen du.

TRANSPAT: mugaz gaindiko helmuga turistikoa sortzea, ondare komunaren balorizazioa eta hiru hirietako biztanleen eta profesionalen arteko hurbiltzea proposatzen ditu. Mugaz Gaindiko Partzuergoak bazkide moduan parte hartzen du, eta Erdi Aroko Hiri eta Hiribilduen Sareak jarduera batzuetako aditu moduan.

CREACITY: Hondarribia-Baiona-Iruñea mugaz gaindiko hiri lurraldeko ondare gotortuaren balorizazioari lotutako eskaintza turistiko erakargarria garatzea du helburu. Hondarribiko Udalak parte hartzen du.

H2OGurea: mugaz gaindiko arroen ikuspegi orokorra eraikitzea da helburu nagusia, uraren kudeaketari dagozkion Europako zuzentarauen helburuak betetzeko.

Etiquetas: