Dakizuenez, irrati elkarte bat da Antxeta irratia. Irrati komunutario bat. Hori dela eta, funtzio sozial bat badu bere baitan. Eta funtzioak aipatuz, bizikidetzarena da hoietako bat. Euskal Herrian pairatu diren bortizkeria asko asko bizi izan baitira Bidasoa eskualde honetan. Irrati gisa beraz, gure ekarpena egin nahi dugu bidea eraikitzeko
Nazioarte mailako hainbat gatazka politiko aipatzen ditugu egunerokoan gure programazioan, eta mahain inguru zein hitzaldiak ere antolatu ditugu berriki, Kolonbiaren inguruan, Irunen eta Hondarribian. Donostian aldiz, gatazka egoeran dauden hainbat herriren errealitearen berri emateko foro bat antolatu genuen joan den azaro amaieran, Mundu Bat GKErekin batera. Hauek aitzin, 2013.urtean hizkuntza gutxituen inguruko bi foro antolatu genituen, herri Maputxeen inguruan eta Ipar Irladan gaelikoak bizi duen egoeraren inguruan. Ahotsak mugimenduarekin ere, mahain inguru bat antolatu genuen 2011.urtean.
Beraz gaur aurkeztuko ditugun jardunaldiak, Antxeta Irratiak eginiko apustu baten emaitza dira. Informatzeaz gain, hedabide bezala, herri honek beharrezkoak dituen aldaketen aktore zein eragile ere izan behar dugula uste baitugu.
Hilabeteak daramatzagu, gure herriko gatazka politikoari begira, herri mailan zer egin dezakegun pentsatzen. Aieteko Adierazpena izenpetu orduko, argi ukan baitugu, goiz ala berandu une hau helduko zela.
Gogoeta askoren ostean, Bidasoa eremuan, Irun, Hendaia, Biriatu eta Hondarribia kontutan harturik, eztabaidarako gune batzuk antolatzea erabaki dugu, Lokarrirekin elkarlanean. Biharko egunari begira, etorkizuna elkar entzunez eta ekinez, bizi zein eraikitzen has gaitezen. Euskal Herriko gatazka politikoaren harira, oraindik ere esateko asko dagoela uste baitugu. Nazio eraikuntza, tokian tokian egiten dela iruditzen zaigu, eta herritar oro dela horren motore. Hala gure asmoa, lekukotzak eskaintzea da, jendeari hitza ematea, “Bidasoan elkarbizitzen” hasi gaitezen. Norbera bere eremutik, bere bizipen eta esperientziekin eta aurrera begira. Iraganeko gertakariak, etorkizunean errepika ez daitezen.
Eztabaidak antolatzen hasi orduko ohartu ginen, asko direla gure eskualde honetan gertatutakoak. Eta gehienak ez direla aipatu ere egiten. Memoria edo memoriak kolektiboak eraikitzen ari garen garai honetan, belaunaldi berriekiko transmisio lan handia egin behar dela iruditzen zaigu, eta dudarik gabe irratia bada horretarako tresna ere.
Orotara hiru dira antolaturiko eztabaidak.
Otsailaren 5ean izango da lehena, Hondarribiako Itsas Etxean, arratsaldeko 19:00etan.
Hauek dira parte hartzaileak :
- Belen Zabala, Josu Zabala zenaren hilobak hartuko du parte. 1976an, irailaren 8an hil zuen Josu Zabala Guardia Zibilak.
- Cristina Sagarzazu, ETAk 1996.urteko martxoaren 4an, erahil zuen Montxo Doral Ertzainaren alarguna.
- Jose Miguel Gomez Elosegui, Francisco Javier Gomez Elosegi Martutene espetxeko psikologoa zenaren anaia da. 1997.urtean erahil zuen ETAk
- Fermin Urtizberea, Hondarribian zinegotzi zela, bahitu egin zuen GANE (Grupo Antiterrorista Nacional Español) taldeak. 1988.urtean. Hiru egunez ukan zuten bahitua. Tortura gogorrak jasan zituen besteak beste.
Morederatzailea, Lokarriko Aitziber Blanco izango da.
Otsailaren 12an izango da bigarrena. Hau ere arratsaldeko 19:00etan Hendaiako Antoine d´Abbadie Aretoan.
Hona parte hartzaileak
- Joserra Trebiño Apaiza.
- Juanra Rojo, preso politiko ohia
- Jokin Etxebarria, iheslari politiko ohia
- Miren Illarreta abokatua
Moderatzaileak Ellande Boutin eta Goizeder Taberna izango dira.
Otsailaren 19an izango da azkena, hemen bertan, Ficoban, arratsaldeok 19:00etan
- Jose Antonio Santano Irungo alkatea
- Aitor Kerejeta Hondarribiako alkatea
- Kotte Ecenarro Hendaiako alkatea
Moderatzaileak Martxelo Otamendi eta Aitziber Zapirain
Hainbat gauza azpimarratu nahiko genituzke, garrantzitsuak iruditzen baitzaizkigu:
Alde batetik, parte hartzaile orok, bere hizkuntzan hitz egiteko aukera izanen du eta bereziki publikoak itzulpena jasoko du frantsesera, gaztelerara eta euskarara. Eta hau hitzordu guztietan.
Bigarrenik eta batez ere, benetan eskertu parte hartzera ausartu direnei. Zauri askok zabalik
segitzen baitute oraindik ere, eta jakin badakigu indar berezi bat egiten dutela beren esperientzia, bizipen, sentsazio eta iritziak jende aurrean kontatzearekin. Beraz benetan milesker.
Eta bukatzeko, eskerrak eman nahi dizkiet Santano, Ezenarro eta Kerejetari, eskualdeok hiru alkateei, guztia gauzatu dadin bide lagun izan baitira. Baita Ficoba ere.
Horrez gain, publikoari parte hartzeko aukera emanen zaio. Txartelak banatuak izango dira eta galderak idatziz helaraziko zaizkio moderatzaileari. Jendea animatu nahi dugu hitzaldietara etorri daitezen parte hartzera, eta bereziki entzutera. Komunikazioaren parte garrantzitsu bat entzumena baita. Entzuten jakitea. Antxeta irrati bezala, garrantzia handia ematen diogu azken honi. Entzuten jakiteari esker, ikasten baita hitz egiten, komunikatzen. Eta hori da gure bete beharra
komunikatzea. Kasu honetan beraz, “Bidasoan Elkabizitza” jardunaldiekin, bizikidetzaren ildoa lantzen hasi nahi dugu. Elkar entzunez, eta elkar biziz.
“Bidasoan elkarbizitza”
Lehenengo eta behin Lokarriren izenean Antxeta irratiko arduradunei eskerrak eman nahi dizkiegu Jardunaldi hauek antolatu izanagatik eta lanketa horretan gurekin harremanetan jartzeagatik. Lokarrik halako ekimenen baliogarritasuna eta egokitasunaren uste zintzoa du. Urte luzeetan gure gizarteak pairatu dituen indarkeria, giza eskubideen urraketen eta inkomunikazioaren ondoren, bakea eta bizikidetza eraikitzea helburu partekatua izan behar du eta lanketa horrek gizarte eragile eta eragile político guztien elkarlana eta konpromisoa behar ditu.
Elkarbizitzaz asko hitz egiten da eta honen inguruan gaizki ulertu, kezka eta bildur asko sortzen dira. Lokarrrien ustetan Elkarrzibitza sustatzeak, desberdinak izanik elkarrekin errespetuz eta giza duintasunez bizitzen ikastea suposatzen du. Gizarte anitza gara eta elkarrekin bizi behar dugu, helburu hau lortzeko iraganean gertatutako guzti horretatik ikasteko asko dugu, pairatu eta egun pairatzen dugun sufrimendua errepikatu ez dadin. Gizarte bezala, erronka konplexua, baina eskuragarria dugu esku artean eta erronka honi aurre egiteko ezinbestekoak dira topaguneak eta elkarrziketa esparru anitzak sortzea. Elkarri entzun, ulertu eta errekonozitzeko. Horrela soilik, orain arte gugandik horren hurrun ikusi eta sentitu dugun “bestea”rengana hurbiltzeko aukera izan dezagun, bestearen bizipenengatik ukituak izan gaitezen. Guzti honek emeki emeki, jarrera aldaketa prozesu baten murgilduko gaitu.
Datozen asteetan Bidasoako eskualdean Antxetaren eskutik antolaturiko Jardunaldi hauek helburu hori dute eta horrexegatik guretzat ohorea da antolaketan laguntzaile aritzea. Lehenengo eguneko mahai inguruan, gizarte honetan modu bortitzean eta zuzenean indarkeria pairatu duten pertsonak izango ditugu gurekin. Jabetzen gara, ez dela samurra ezesagunen aurrean norberak sufritu eta bizitutakoa partekatzea eta behar bada ez dago pertsona ororen esku, baina gurekin eseriko diren lau pertsonek pausu hori eman dute eta horrexegatik bihotzez eskertuak gaude. Gertakizun bortitz baten atzean dagoen pertsona, familia eta sufrimendu historioa ezagutzeko aukerak, bizitutako gatazka bortitzari aurpegia eta ahotsa jartzea suposatzen dute. Zenbaki eta hedabideetako hoztasuna eta distantzia hausteko aukera ematen digu eta gizatasuna azalarazten da. Batzen gaituen hori agertzen da, hau da, giza duintasuna eta hor topagune bat sortzen da.
Gizarte eta eragile bezala, urtetan pairatutako sufrimendua eta egun pairatzen diren sufrimendu egoerak ezagutzeko eskubidea eta beharra dugu. Etorkizuneko bizikidetza eraikitzerakoan danon parte hartzea beharrezkoa izango dela jabetuz eta iraganeko akatsak errepika ez ditzagun. Jardunaldi hauek, etorkizuneko beste urrats batzuen lehenengoa izan dadila espero dugu.
- Egutegia
- Logeatu iruzkinak post-eatzeko
- 1895 irakurketak
- Castellano