IRUNGO ASKAPENA PRENTSAURREKOA

IMG_3594.JPGAskapena, Askapeña, Elkartruke eta Herriak Aske eragileak, eta Askapenako 5 kideak absolbituak izan diren honetan, Irungo Askapenatik agerraldi publiko hau egin nahi izan dugu, azken urte luzeetan bizi dugun kriminalizazio kanpainen aurrean burutu dugun salaketan berresteko.

Estatuko, eta estatuari loturiko hedabide nagusiek lau haizeetara zabaldu zuten 2010eko sarekada, eta gaur, bota zituzten akusazio pozoitsu denak irentsi behar dituzten unean, ahaztutzat ematen dute. Estatu inperialistaren propaganda operazio hutsa izan zela berresten dugu. Gaineratu nahi dugu, Auzitegi Nazionala-k, oraingoan internazionalismoaren kontrako auzi honetan aurrera ez egitea erabaki badu ere, guretzat salbuespeneko auzitegi bat izaten jarraitzen duela, eta hartzen duen erabakia dena delako dela, ez duela guretzat inongo zilegitasunik. Ez absoluzioa ematen denean, ezta ere noski gure bizi lagun diren Txanpi eta Emilioren kontrako salbuespen neurriak agintzen dituenean.

Argi dugu, gaur Askapenaren izenean hitz-egin badezakegu, eta gure 5 kideak berriro ere bahituak izateko arriskua ekidin badute, Estatu boteretik egindako kalkulu politiko batengatik dela. Akaso, bai EH tik eta bai munduko txoko ezberdinetatik iritsitako elkartasun eta presioak, errentagarritasun politikoa kendu dio Madrilen egosten ari zen gezur handi eta lotsagarri berri honi.

Hau esanda, ZORIONAK denoi! Oraingoan lortu dugu, Askapena, Askapeña, Elkartruke, Herriak Aske! eta Askapenako 5 militanteak Libre izateko lan egin dugu Irungo sektore ezberdinetatik azken hilabeteetan, eta jarritako helburua erdietsi dugu, bejondeizuela! Batzuetan Garaipen txikiak lortzerik dago, eta datozenean behar den bezala ospatzea komeni delakoan gaude. Zorionak eta Eskerrik asko...

  • Eskerrik asko, askapenaren 28 urte hauetan hitzaldietan, ekitaldietan, brigadetan,... Internazionalismoa elikatu duzuenei

  • Eskerrik asko 2010ko sarekadaren ondoren elkartasuna adierazi diguzuen guztioi

  • Eskerrik asko, eskubide zibil eta politikoen defentsan Herriak Libre dinamikan parte hartu duzuen: Etxerat, Estrella Radiante, Sortu, Eusko Alkartasuna, Nikolas Gerendiain Irungo errepublikarren elkartea, Euskal Herria Bildu, Podemos, Bilgune Feminista, Aralar, Gazte Komunistak, Langile Abertzaleen Batzordeak (LAB), Euskal Langileen Alkartasuna (ELA), Lakaxita, Ikasle Abertzaleak, Gazte Komunisten Kolektiboei eta  Ernai-ko taldeei

  • Eskerrik asko, Irungo alkateak elkartasun mozioa eztabaidatzeko aukera ere ebatsi zigunean, gure sumin berbera adierazi zenutenoi. Beste behin ere, Santano jauna, balea esan eta belea izan.

  • IMG_3599.JPG

    Mila esker pasa den urteko Urriak 3-an, hementxe bertan San Juan Plaza, Estatu espainol inperialistari merezi zuen herri epaia gauzatu zenutenei, eta berau Iruñean berretsi zenutenei.

  • Esker aunitz, AN-ean epaiketa ematen ari zen bitartean arduraturik galdetzen zenutenei...”eta zer gertatuko da Askapenarekin ba?”

  • Eta eskerrak, absoluzio hau gurekin batera poztasunez jaso duzuen guztioi ere Eskerrik asko benetan denoi!

Walter Wendelin, Askapenako kidearen hitzak gure egiten ditugu, eta esaten dugu hau estatu politika errepresiboaren kontra antolatu den herri baten garaipena dela, beraz, zorionak eta eskerrik asko berriz ere.

Bukatzeko, esan nahi dugu, Askapenatik praktika eta kontzientzia internazionalista zabaltzeko borrokatzen jarraituko dugula. Bai Euskal Herrian eta baita Irunen ere. Aurten ere brigadak izango direla, jada hitzaldi pare bat adosturik dagoela eta hementxe gaudela elkartasun internazionalista helburu, elkar-lana bilatzen duen ororentzat. Besterik ez, eskerrik asko eta zorionak denoi,...

Gora munduko herrien borroka!!! Gora Euskal Herri LIBRE eta internazionalista!

Irungo Askapena.

Etiquetas: