Donostian Metroaren Pasantearen egitasmoa atzera botatzea eskatzeko Itsasertzetako Zerbitzuan hainbat alegazio egin dira

Satorralaia bizilagunen mugimenduak prentsaurrekoa eman zuten Donostian, Metroaren Pasantearen obrak burutzeko helburuarekin Kontxako hondartzan herri jabariko itsas-lurrak okupatzeko Eusko Jaurlaritzak egindako eskaera dela eta, azken egunotan Itsasertzetako Zerbitzu Probintzialean aurkeztu diren alegazioen berri emateko. Bizilagunen mugimendu honek sustaturik egunotan hainbat alegazio aurkeztu dira Gipuzkoako Itsasertzetako Ordezkaritzan, hain zuzen ere Metroaren Pasantea eraikitzeko Eusko Jaurlaritzak Kontxako itsas-lur jabaria erabili ahal izateko egin dion eskaria atzera bota dezan eskatzeko. Jaurlaritzaren eskari hori joan den irailaren 7az geroztik informazio publikoan egon da 20 eguneko epean. Hori dela eta, hamarnaka bizilagunek alegazioak bateratuta egin dituzte aste honetan, eta beste batzuek nork berea aurkeztu dute, proiektuan erreparaturiko lege-hausteak eta egitasmoaren bultzatzaileak agertu duen dokumentazioan antzemandako irregulartasunak direla medio Eusko Jaurlaritzari baimen hori uka diezaiotela eskatuz.

Alegazio guztietan agertzen den puntuetako bat da 2012ko martxoko data daraman Ingurumen-Inpaktu Adierazpenaren baliogabetasuna, iraungita dagoelako, 21/2013 Legeak agintzen duenez lau urteko balioa besterik ez zuelako hark. Gainera, Ingurumen-Inpaktuaren Txostenean aztertu zen jatorrizko egitasmoarekin alderatuta, eraikuntza proiektuak aldaketa garrantzitsuak izan ditu, hala nola azpiegitura Kontxako hondartzaren azpitik igarotzea: izan ere,  Itsasertzetako Zerbitzuan informazio publikoan egon den txostenaren eta obra-proiektuaren arabera, garraio azpiegitura hori “Kontxako itsasertzeko zorupean 360 metroko luzeran eta 35 metroko sakoneran” eraikitzea aurrikusten dela salatzen dugu. Honi dagokionean, Euskal Trenbide Sareak (ETS) “Kontxako hondartzan herri jabariko itsas-lurrak ezinbestean okupatu beharra”ri buruz egiten dituen baieztapenak gezurtatu egiten dira alegazioetan, Ingurumen-Inpaktuaren Txostenean aztertu zen hastapeneko proiektua itsasertzaren paraleloan marraztu baitzen, Kontxako hondartzan itsaso eta lehorraren arteko jabetza publikoa hartu gabe. Ildo honetan, ETS-ek Itsasertzetako Zerbitzura igorritako informazioa manipulatu egin duela salatzen da gainera bizilagun batek aurkeztu duen alegazioan, hain zuzen ere, existitzen ez den alternatiba bat asmatu duelako ETS-ek, era honetan 2010 urteko Ikerketa Informatiboaren Erreferentziazko Egitasmoan jasotako Erdialde-Kontxako geltokiaren kokapenak eta trazaduak Kontxako itsas-lurrak ez inbaditzea ahalbidetzen zuela Itsasertzetako Zerbitzuari ezkutatzeko asmoz.     

Itsas-lur jabariko ingurumenaren babesa arautzen dute 21/2013 Legeak, abenduaren 9koak, eta Kosta Legaren Erregelamenduak, hau da 876/2014 Errege Dekretuak, urte horretako urriaren 11ko Estatuko Buletin Ofizialean argitaratu zenak. Jaurlaritzaren txostenak, ordea, ez ditu aintzakotzat hartzen arau horietan jasota dauden eta era askotako gorabeherak ekiditea helburu duten neurriak (adibidez, isurketak, behera etortzeak edota itsas-ingurumenaren aldaketa konponezinak). Horietako bat da, kasu, ibilbide berriak Kontxako hondartzaren azpian aurreikusten duen hustubide-putzua, nora kanporatuko den argitzen ez dena. Halaber, Gipuzkoako lurraldea lurrikara-arriskua dutenen arte dago, 2004ko irailaren 17ko gobernu-ebazpenaren arabera; egitasmoan ez da inolako neurririk aurreikusten arrisku hori ekiditeko.

Hori denagatik, Satorralaia bizilagunen mugimenduak eskatzen du EZ dadila onartu Metroaren Pasantea eraikitzeko helburuarekin Eusko Jaurlaritzak Kontxako hondartzan herri jabariko itsas-lurrak okupatzeko egin duen eskaria. Gure ustez, gainera, proiektu hori hiriarentzat erabat behar gabekoa da, eta bere osotasunean jartzen dugu beraz zalantzan.

Etiquetas: