Bienvenida Emazabel plaza

Hondarribiko EH Bildu.- Martxoaren 8aren karietara, Hondarribiko EH Bilduk ekintza egin du herriko kaleei emakume izenak ere jartzea aldarrikatzeko -gaur egun, bakarra baita-.

Hawaii txiki aurrean dagoen plazari Bienvenida Emazabel hondarribiarraren izena jarriko dio.

Oroimena, ospea edo zenbait arrazoi tarteko, herriek bere nortasuna gorde nahi dute kale-izendegiaren bitartez.

Badira, ordea, beste herri batzuek, erraztasunari begiratuz edo, kale-izendegia zenbakien bidez izendatzen dituztenak; entzunena, Estatu Batuetako New York daukagu -bosgarren etorbidea, bederatzigarrena…-.

Hondarribiak lehenengo iritzia onetsi zuen bere garaian, honela, gaur egun, 118 kale-izen ditugu toponimoenak, pertsonenak, erlijioari atxikitakoak edo herrienak.

Izen horien guztien artean, gehiengoak toponimikoak ditugu, baina badira pertsona desberdinei emandako 25 kale-izen.

Harrigarria dena da, 25 izen horietatik, bakarra dela emakume bati eskainitakoa: Kattalin Erauso Kalea.

Azken urte hauetan, kale berriak ireki dira, eta, gure ustez, iritzi onez, toponimoei eman zaio lehentasuna.

Hala ere, emakumea beti bigarren planoan gelditu da: gordea, ikusezina. Ez da kasualitatea emakume izena daraman kale bakarrak Kattalin Erauso kalea izatea, ospea, batez ere, gizonaren rola  jokatzeagatik lortu baitzuen.

Gure ustez, emakume eta gizonen arteko berdintasunari hainbeste indar ematen zaion garai honetan, hori ere konpondu beharreko gaia da. Horregatik, Martxoaren 8aren karietara, plaza hau oso herrikoia izan zen emakume bati eskaini nahi diogu: Bienvenida Emazabel Susperregiri hain zuzen, eta ekimen xume honetan, haren balioa gogoratu.

Bienvenida Emazabel Susperregi
Hondarribian 1910-04-04an jaioa. Hamahiru anai-arreben artean 8. zen bera, aurreko zazpiak mutilak, ondoren, beste lau anaia eta ahizpa bat gehiago etorriko ziren, denera 13 izan ziren. Ezkondu, eta bi semeren ama izan zen.

Bere eginkizunen artean, besteak beste, hauek egiten zituen:
    Arrantzaleak itsasora joateko deiak
    Hil-deiak herrian zehar zabaldu
    Etxean dotrina eman
    Kofradiako mandatuak
    Barriotxinoko jaiak antolatu
    Kontrabandoa…

Ezin da ukatu emakume langile, alai eta herrikoia zenik.

Hori guztiarengatik, plaza honi Bienvenidaren izena jarri nahi diogu.

Etiquetas: