8.916 donostiarrek sinatu dute Metroaren “pasantea” gelditzeko eta herri galdeketa bat egiteko eskaera

“Satorralaia” bizilagunen mugimenduak 8.916 donostiarren sinadura entregatu ditu gaur Gipuzkoako Diputazioan, Donostiako Metro “pasantea”ren edo igarobidearen auzian herri galdeketa bat egin dadin eskatzeko. Sinadura horiek, halaber, Eusko Jaurlaritzari zuzenduko dizkiogu, egitasmo hori geldiaraztea eta Donostiak behar duen garraio ereduaren inguruan erabaki prozesu partehartzaile bat irekitzea eskatzeko.

Bizilagunen mugimendu honek hasieratik salatu duenez, Donostiako Metro “pasantea”ren egitasmoaren inguruan herritarrok nozitu ditugun informazio falta eta partehartzeko biderik eza nabariak izan dira. Egin ditugun batzarretan etengabea izan da, ordea, desadostasun zabala pizten duen egitasmo honen inguruko erabakietan eta Donostiak behar duen garraio-ereduari buruzko eztabaidan herritarrek partehartzeko eskaera.

Hori dela eta, Satorralaiak sinadura bilketa bat egitea erabaki genuen, hain zuzen ere Metroaren igarobidea sustatzen duten edota finanantzeko asmoa duten erakundeei proiektu hori gelditzeko eta auzi honetan partehartze publikoa bultzatzearren herri galdeketa bat egin dezaten eskatzeko. Eusko Jaurlaritzak prozesu partehartzaile bat abian jartzeko inolako asmorik ez duela ikusita --harekin biltzeko egin genion eskaerari ez dio gutxieneko erantzunik eman ere--,  lehenengo Udaletxera jo genuen herri galdeketa bat egiteko egon daitezkeen bideak aztertzeko asmoz: izan ere, 2015 urtean Udalbatzak aho batez onarturiko herri-kontsulten arautegiaz baliatzea egokia zirudien, kontuan hartuta Metroaren igarobidearen proiektuak hiriari bete-betean eragiten diola. Alabaina, Udalak berehala ezkezkoa eman zion aukera honi, Metroaren aferan inongo eskumenik ez duela argudiatuz.   

Orduan, gure eskaera Gipuzkoako Foru Aldundira bideratzea erabaki genuen, hain zuzen ere Metroaren lanak finantzatzeko asmoa duen erakunde bat izaki, Herritarren Partaidetzarako 1/2010 foru-arauan oinarriturik Donostian herri galdeketa bat egin dezan eskatzeko, herritarrek azpiegitura honen inguruan duten iritzia ezagutzeko. Bete beharreko baldintza gisa, diputazioko Herritarren Partaidetzarako Zerbitzuak 3.150 sinadura aukezteko eskatu zigun, hau da, udalerrian erroldaturiko adin nagusiko biztanleen %2ak gutxienez eskaera hori izenpetzea. Gaur 8.916 donostiarren sinadurak entregatu ditugu, gure eskaerari bide emateko. Sinadura horiek maiatzaz geroztik bildu ditugu, honako hiru eskakizun hauekin:
     - Donostiako Metro pasantearen edo igarobidearen proiektua gelditzea.

     - Eusko Jaurlaritzari, Donostiak behar duen garraio-ereduaren inguruan prozesu partehartzaile bat ireki dezan eskatzea.

     - Gipuzkoako Diputazioari, Metroaren lanak finantzatzeko diru-laguntzak emateko asmoa duela eta, egitasmo horren inguruan herritarrek duten iritzia ezagutzeko Donostian herri-galdeketa bat egin dezan eskatzea, 01/2010 foru-arauan oinarritik.

Horrenbestez, Donostian Metro pasantearen egitasmoari buruz herri-galdeketa bat egiteko izapideak abian jar ditzala eskatzen dio Satorralaia bizilagunen mugimenduak Diputazioari, eta  galdeketa horren emaitzak ezagutu bitartean obra hori finantzatezko erabakia bertan behera utz dezala.

Satorralaiak ostiralean Gipuzkoako Merkataritza Ganberan egingo den ekitaldi instituzionala salatu eta elkarretaratzea deitzen du
Satorralaiak salatu egiten du datorren ostiralean Gipuzkoako Merkataritza Ganberan Donostiako Metro-pasantearen bultzatzaileak bilduko dituen erakundeen arteko ekitaldi propagandistikoa. Hori dela eta, Metro-pasantea gelditzeko herritarren aldarrikapena bertara eramateko elkarretaratzea deitzen dugu, goizeko 10etan Merkataritza Ganberan (Tolosa Etorbideko 75 zenbakian dago hori, Ibaetako Campus-eko filosofia fakultaearen parean).

Bestalde, Satorralaiak Donostiako Metroaren afera azalduko du datorren uztailak 15-17 asteburuan Baionan “Behar gabeko Proiektu Erraldoi eta Inposatuen aurkako Europako Foroak” (GPII) egingo duen topaketan (informazioa: www.forum-gpii.com). Foro honetan herrialde ezberdinetako mugimenduak elkartzen dira eta Baionako topaketa dela eta Euskal Herrira etorri diren Alemaniako STUTTGART XXI bizilagunen mugimenduko kideekin Donostian hitzaldia antolatu dugu, uztailak 19 asteartean KOLDO MITXELENA Kulturgunean. Hitzaldia arratsaldeko 7etan izango da.

Metroa gelditzeko “Satorralaia” Donostiako bizilagunen mugimendua

Etiquetas: