Partehartzea eta lorpenak Katea auzoan

LandetxaKajero103Katea auzoan azken aldian izan diren lorpen eta aurrera pausuen balantzea egiten dugu Landetxa Auzo Elkarteko kideok. Auzotarren parte hartze zabalena sustatu nahian, eta udalarekin eta beste erakundeekin  ahal den hartu eman errazena izaten saiatzen gara.

Hona hemen gure auzorako eta auzotarren ongizatearen onurarako izan diren.

Araba eta Behe Nafarroa kaleetatik Elatzeta Ikastetxerako oinezkoen sarbidearen egokitzapena. Duela hilabete batzuk egina. Aurrekontu partehartzaileetan babestua eta auzotarrekin, Elatzeta Ikastetxe eta bertako Guraso Elkartearekin prozesu partehartzaile baten bidez eta udalarekin elkarrizketan garatua izan da. Ikasleentzat eta auzotarrentzat orokorrean, hobekuntza handia suposatu du orain ikastetxera modu seguruan joateko aukera dugulako.

Olakineta eta Mendiolako landa bideen konponketak. Aurrekontu partehartzaileetan babestua. Bi faseetan garatua. Bideak egoera latzean zeuden. Hobekuntza nabarmena izan da.  

Olaberriarantzko errepidean, Zelai Buru baserritik Mendiolako bidegurutzeraino, oinezkoentzat sarbide segurua. Gipuzkoako Foru Aldundiarekin negoziatua, auzotarren eta udalaren partehartzearekin burutu da. Une honetan gauzatzen ari dira. Oinezkoentzat oso toki arriskutsua da ez baitago espaloi eta  bazterbiderik.  Hobekuntza nabarmena suposatzen du, ez bertan bizi diren bizilagunentzat bakarrik, baita bertara eta ingurura ibiltzera edo Olakinetako putzura joaten diren auzotar guztientzat ere.

Arbiun plazako gune estalia, frontoi ingurua. Udalarekin izandako prozesu luze baten ondoren eta auzotarren partehartzearekin gune horretan hobekuntza nabarmena ekarriko duen obra egitea lortu da. Auzo Elkartearen ustez ez dago amaiturik, euria egiten duenean busti egiten baita. Iritzi hori udalak jakin badaki eta horregatik, alde batean estalki bat jartzeko kontratazio berri bat adostu du. Gai garrantzitsua da. Eguraldiaren menpe egon gabe, ekintzak garatzeko toki estalia baita gure auzoak hasieratik egindako eskaera.

Arretxe Ugaldeko kirol gune estalia. Auzotar eta eragile ezberdinekin bideratutako prozesu partehartzaile ireki bat egin zen “Hiritik at” enpresaren dinamizazioarekin (Udalak kontratatutako taldea). Arretxe Ugalde gunean zer nolako kirol gune  estalia nahi genukeen adostu zen inguruko biztanle askok kirola egiteko aukera eskainiko lukeelarik: Katea (Porcelanas ere bere barruan dagoelarik), Belaskoenea, Oinaurre, e.a. Une honetan prozesu partehartzailean adostutakoa garatzeko egitasmoa negoziatzea falta zaigu. 2015-2019 Udal Gobernuaren Programan jasota dago.

Harmugarrieta kaleko asfaltoa eta ur jarioa. Auzo elkartetik behin eta berriz eskatu da. Duela hilabete batzuk bideratua.  

Katea auzoko tren geltokitik Café Irunerako oinezko sarbidea. Egitasmoa onartua eta lizitazioa burututa dago nahiz une honetan egiteke dagoen. Elizatxo hiribiderako sarbidea hobetzen da, hiribide horretan espaloia eraikiko da eta Café Irunera modu seguruan gurutzatzeko botoizko semaforo bat jarriko da. Gune honetan gurutzatzen dutenentzat aurrera pausu nabarmena da, une honetan oso arriskutsua baita.   

 Zentzu honetan, Auzo Elkartetik, Café Irunetik parean dagoen Industriagunera, Letxunborro hiribidea gurutzatuz, modu seguruan gurutzatzeko aukera aldarrikatzen jarraitzen dugula adierazi nahi dugu.  

“Auzoa bizituz coloreando el barrio”: auzoa modu eta baliabide ezberdinekin itxuraldatzeko egitasmo handia da. Alde batetik zuhaitz eta hiri-altzariak “hiritar-gantxiloa” bezala ezagutzen den artearekin edertu dira eta bestalde, Auzo Elkartearen sarrerari ere, mural handi baten bidez, itxuraz aldatu diogu. Ekintza hau auzoko eragile ezberdinen  elkarlanarekin burutu ahal izan dugu: hasieran zein ideia azaldu nahi genuen adosten saiatu gara eta gainera, margotzeko unean, auzotarren inplikazio nabarmena izan dugu. Une honetan sarrera abegitsuagoa dugu eta bizikidetza eta elkarrekiko errespetua aldarrikatzen duten mezuak ikus ditzakegu. Guzti hau auzoko babesa eta inplikazioarekin egin da eta bide berriak eraikitzen jarraitzea da gure asmoa.

Auzo elkartearen inplikazio eta lanak,  auzotarren partehartze aktiboarekin batera, auzoko hobekuntza eta bertako auzotarron bizitza baldintzen hobekuntza ahalbidetzen du. Auzotarren parte-hartze aktiboak sustatu egiten du trabatutako egoerei irtenbide berriak aurkeztea, irtenbideak bilatzen laguntzea eta udalarekin, auzo osoari eragiten dioten gaietan,  harreman errazagoa izatea ahalbidetzen du. Auzo elkarteen lana oso garrantzitsua da, baina era berean, auxotarren babesa eta partehartze aktiboa ezinbestekoa da hobekuntza eta garapena lortzeko. Hau da sustatzen jarraitu behar den herritarren partehartze eredua, beste prozesu partehartzaile batzuekin bateragarriak direnak: gizarte mailan, ingurumenaren inguruan, berdintasunean, kulturalean… eta beste arloetan ematen direnekin uztartzea ezinbestekoa da. Landetxa Auzo Elkarteak horrela ulertzen du. Bide honetatik jarraitzeko asmoa dugu: bai aldarrikatzen ditugun arloetan bai eta bestelako ekintza sozial, kultural informatibo, eztabaida gune, aisi, e.a. ekimenetan, partehartzea sustatzea da gure erronka eta lan egiteko modua. Bestalde auzoko beste eragile hauek egindako ekarpena gogoratu eta babestu nahi dugu: Elatzetako IGE, “Maraguri Baratza-komunitarioa”, Landetxako errealzaleak, Gazte Landetxa, Zelaiburu (jubilatuak), Landetxa Kirol Elkartea, Kateko, Hegazti, Elatzeta,… Guzti horrek agerian uzten du auzo bizia garela.

Etiquetas: