Donostian Metroaren pasanteari buruz instituzioek herritarrei kontsulta egiteko inongo borondaterik ez dutela eta parte hartzeko biderik ez dagoela salatzen dute

Gipuzkoako Diputatuen Kontseiluak ezezkoa eman dio Donostian Metroaren pasanteari buruz herri galdeketa bat egiteko Satorralaia bizilagunen mugimenduak 8.916 donostiarren sinaduren babesarekin aurkezturiko eskaerari. Diputazioaren ezezkoak ez gaitu ustekabean harrapatu eta behin eta berriz salatu duguna egiaztatzen du: hirian desadostasun zabala pizten duen egitasmo honen inguruan instituzioek ez daukate inongo borondaterik herritarrei kontsulta egiteko eta parte hartzeko biderik ez dago.

Joan den uztailean kasik 9.000 donostiarren sinadura erregistratu genuen Foru Aldundian eta Eusko Jaurlaritzan, Metroaren pasantea geldiaraztea eta proiektuari buruz herri galdeketan amaituko den parte-hartze prozesu bat abian jar dadin eskatzeko. Euskal Gobernuak isiltasuna gordetzen duen artean, Diputatuen Kontseiluak ezezkoa eman dio egitasmoaren finantziazioan Foru Aldundiak iragarritako parte hartzearen inguruan herri kontsulta egiteko gure eskaerari. Alegatzen duenez, “beste erakunde baten eskumenekoa den proiektu edo politika bat laguntzeak ez du proiektu edo politika hori bere eskumenekoa bilakatzen”. Horrek ez dio planteaturiko kontsultaren gaiari erantzuten, ordea. Jarraian dio “egia dela Aldundiak proiektua diruz laguntzeko asmoa zuela, eta horretarako 400.000 euro aurrikusi zituen 2016 urteko aurrekontuetan. Egun ordea –gaineratzen du —, kreditu hori Gizarte Politikako Departamenduaren prestazioak finantzatzera bideratzera atxikita dago”. Hori dela eta, modu makiaveliko batean ondorioztatzen du: “Kasu honetan, Aurrekontuan jasota dagoen partida baten exekuzioaren inguruan proposatzen da galdeketa, eta lekuz kanpokoa ikusten da horren bueltan herri galdeketa bat planteatzea”. Bada, guzti hau iruzur bat eta eskaerari muzin egiteko eta milaka sinadurak paper errean bilakatzeko amarru bat besterik ez dela salatzen dugu.

Gaur-gaurkoz, argi dago Eusko Jaurlaritzak nahiz Donostiako Udaletxeak eta Diputazioak ez dutela Metro-pasantearen inguruko eztabaidan eta erabakietan herritarren parte-hartzea sustatzeko inolako borondaterik ezta zintzotasunik ere. Ilunkeria nabarmenak inguratuta dago proiektua. Honi dagokionean, Eusko Jaurlaritzak ez zion erantzunik ere eman parte-hartze prozesu baten beharra dagoela azaltzeko asmoz harekin biltzeko egin genion eskaerari. Eta Udaletxera herri-kontsulten udal.arautegiaz baliatuz parte-hartze prozesu bat abian jartzeko egon ziztezkeen bideak aztertzeko asmoz jo genuenean, berriz, Eneko Goia Alkateak ziurtatu zigun Udaletxeak ez omen zuela Metroaren aferan inongo eskumenik eta gai honen inguruan ezin omen zuela ezer egin. Handik hilabete gutxira jakin genuen, ordea, udalak hiriko Plan Orokorra aldatzeko asmoa duela Eusko Trenek Eason dituen lurrak birkalifikatzeko eta operazio honen bidez Metroaren pasantearen obrak finantzatzera zuzenduko diren 30 milioi euro inguru lortzeko. Antza denez, orain baditu eskumenak. Ildo honetan, Eneko Goia Alkateari obrak hasi ahal izateko falta diren nahitaezko udal tramiteak zein diren argitzeko eskatzen diogu.

Hori denagatik, gure agintariek “parte-hartzearen”, “demokrazia partehartzailearen” eta “gardentasunaren” inguruan darabilten hitzontzikeria eta hipokresia salatu nahi ditugu, herritarrek eztabaidagai garrantzitsuen inguruko erebakietan modu errealago batean parte hartzeko saialdi oro eragozten dutelako. Esaten dutenez, horiek omen dira herritarrek gure aldarrikapenak eta eskakizunak bideratzeko erabili behar ditugun bideak, baina zein dira emaitzak? Zerk eragozten du, gaur egun, Metroaren pasantearen gaineko parte-hartze prozesua abian jartzea? Zein dira instituzioek herritarrei parte hartzeko eskaintzen dizkiguten aukerak, eztabaida publikoa eta gardena izan dadin, eta erabakiak modu askean eta informatuan har daitezen? Donostiako bizilagunen artean Metro-pasantearen egitasmoak oniritzia daukala hain ziur badaude, zeren beldur dira?

Metroaren pasantea gelditzeko Satorralaia bizilagunen mugimendua

Etiquetas: