28an Hondarribiko Udaletxeko balkoian ortzadarraren bandera egongo da

Hondarribiko EH Bildu.- Aurreko astean egin zen Udal Osoko Bilkuran, EH Bilduk aurkeztu genuen  Aniztasun eta Identidade Sexualen aldeko adierazpena onartu, eta ekainak 28an (bihar) Sexu Askatasunaren Nazioarteko egunaren kari, elkartasun keinu moduan, egun horretan Udaletxeko balkoian ortzadarraren bandera jartzea onartu zen.

Bide beretik, EH Bildu bezala gure elkartasuna adierazteko helburuarekin eta adierazpenaren onarpena ospatzeko, gaur, ekainak, 27, arratseko 20.00etan Muaran geratu gara ortzadarraren banderarekin argazki bat atera eta sare sozialetan zabaltzeko, eta zu ere gonbidatuta zaude, noski!

Zatoz hortaz argazkian parte hartzera!

Onartutako adierazpena:
HONDARRIBIKO UDALEKO ALKATE LEHENDAKARI JAUN TXIT AGURGARRIA

HONDARRIBIKO EHBlLDUko BOZERAMALEA DEN Lore Erriondo Korostola andereak,honako ADIERAZPEN hau aurkezten du udalbatzak bere egin dezan.

Aniztasun eta identitate sexualen aldeko adierazpena

Ekainaren 28an mundu osoko kaleak, Euskal Herrikoak ere bai, kolorez eta aldarrikapenez jantziko dira LGTBI kolektiboaren hamarkadatako borroka nabarmentzeko. 2016. urtean 47 urte beteko dira Stonewalleko (New York) matxinadatik. Egun hau askatasun sexualaren mugimenduaren baitan berezia da oso, erakunde politiko, polizial eta erlijiosoek lesbianen, gayen, bisexualen, trans eta intersexualen aurka ezarritako errepresioaren kontra egiteko mugarri izan

baitzen.

Orduko mobilizazioek sexu askatasunaren aldeko antolakuntza bultzatu eta lanerako indarra eman bazuten ere, 47 urte geroago diskriminazio egoerak ez dira amaitu. Are gehiago, zenbait kasutan bestelako diskriminazio egoerekin batu dira eta baztertze egoera larrietan utzi ditu lesbiana, gay, bisexual, transexual, transgenero eta intersexualak, beren ongizatea kinka larrian jarriz.

Izan ere, Hego Euskal Herrian oraindik ere homofobia, lesbofobia eta transfobiaren erasoak egunerokoak dira: kaleko eraso fisiko zein ahozkoak, euskaltzaindiaren generoaren araberako izenen katalogazioa, familia eredu bakarraren inposizioa eskubideak bermatzeko, liburu eta eduki multimedia sexista, etab.

Horrexegatik, elkartasuna ardatz izango duen kontzientzia aldarrikatzen dugu, jarrerak aldarazi eta LGBT kolektiboarekiko aurreiritziak, fobiak eta gorrotoak desagerraraziko dituena, alor guztietan ezinbestekoak diren lege eta gizarte aldaketak eginda: hezkuntzan, osasungintzan, komunikabideetan edota herritar askatasunetan. Horretarako ezinbestekoa izango da ahalduntze politikak bultzatzea gizarteko sektore ezberdinetan eta eraso, jazarpen edota errepresio oro

gaitzetsi eta salatzeko jarrera izan.

Horrelakoak errepika ez daitezen, bere eskura dituen baliabide guztiak erabili beharko lituzke udaletxeak, prebentziorako, detekziorako, asistentziarako eta laguntzarako.

Pertsona askeek osatutako herri askea eraikitze bidean, antolatutako mobilizazioekin bat egitera deitzen dugu eta udaletxeko balkoian, mugimendu honen adierazle den ortzadarraren bandera jarriko dugu.

Etiquetas: