Kataluinarekin elkartasun ekimenak asteburu honetan

Asteburu honetan Gure Esku Dagok bi ekimen antolatu ditu Kataluinari elkartasuna adierazteko:
  - Larunbatean egun osoko aldarrikapena eta festa izango da Oiartzunen.

  - Igandean elkarretaratzeak burutuko dira Hego Euskal Herriko 4 hiriburuetan. Donostiakoa 12:00etan izango da Bulebarrean.

Demokraziaren aldarria, lau hiriburutatik lau haizetara
Astebete barru galdeketa bat epaituko dute, Kataluniaren etorkizunari buruzko galdeketa bat, 2014ko azaroaren 9an egindakoa, non bi milioitik gora lagunek parte hartu zuten. Galdeketa haren antolaketan izandako parte hartzeagatik, orduko Generalitateko lehendakari Artur Mas eta orduko hiru kontseilari eraman dituzte akusatuen aulkira, auzibidean dauden beste hainbat arduradun politikoren artean. Baina otsailaren 6an ez dituzte soilik Generalitateko arduradun batzuk epaituko. Galdeketa hura egiteko herri borondatea ere epaituko dute, baita galdeketa hartan era batera edo bestera parte hartu zuten bi milioitik gora herritarrak ere

Traba, oztopo eta jazarpen judizial hauen guztien aurrean, Gure Esku Dagok elkartasuna eta babesa adierazi nahi dio Kataluniari. Helburu horrekin, euskal herritarrei dei egiten diegu otsailaren 5ean, datorren igandean, parte hartu dezaten Euskal Herriko hegoaldeko lau hiriburuetan egingo ditugun mobilizazioetan. Ez dugu lelo berririk asmatu; hitz bakar batekin erantzungo dugu: Demokrazia.

Demokraziaren aldarria lau hiriburutatik lau haizetara zabalduko dugu. Hori baita gure dinamikaren oinarria, herritarron eskubideen bermea, edozein herriren zutabea. Datozen hilabeteotan 110etik gora herritan galdeketak egingo ditugu, ariketa demokratikoak, etorkizuna erabakitzeko. Galdeketen bidea irmoki defendatzen eta jorratzen jarraituko dugu Euskal Herrian. Kataluniari bere etorkizuna erabakitzeko jartzen ari diren trabak euskaldunon kontra ere erabili ditzakete etorkizunean. Eta gaurtik argi utzi nahi dugu ez dugula onartuko herritarrei hautetsontziak jartzeagatik inor auzipetu eta epaitzea. Ez Euskal Herrian, ez Katalunian, ez inon.

Datorren igandean demokrazia hitza hiriburuen erdigunean kokatuko dugu. Eta dei egiten diegu herritarrei bat egin dezatela guztiona den aldarri honekin. Herritar bakoitzak gutunazal bat ekar dezala; herritarron bozka, erabakia eta hitza sinbolizatuko duen botopapera. Indarrak batuz, Kataluniari elkartasun demokratikoa adieraztera goaz eta, era berean, gure eskubideen oinarria hauspotzera. Demokrazian sakonduz soilik eraikiko baitugu etorkizun hobe bat. Gure esku dago!

Etiquetas: