Sortu berriak diren enpresentzako eta enpresa ideia berrientzako diru-laguntzak

Irungo eta Hondarribiko Udalek, Bidasoa Bizirik-en bidez, enpresen sorkuntza babesteko eta ekintzailetza sustatzeko egiten duten lanaren baitan, zenbait diru-laguntzaren eskaeran laguntzen eta aholkularitza eskaintzen ari dira: Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuak argitaratu berri dituen  “proiektua ezartzeko” eta “enpresa proiektua egonkortzeko” diru-laguntzak, eta Irungo Udalak ematen dituen beste bost diru-laguntza ezberdin.

Lanbideren ekintzailetza eta proiektuen egonkortzea
Joan den ostiralean, uztailak 28, pertsona ekintzaileei zuzendutako diru-laguntzen deialdiaren berri eman zuen Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkariak. Zenbait babes neurriren multzoa da, negozio ideia bat eta hura martxan jartzeko aukera aztertu nahi duten pertsona ekintzaileei, zein haien kabuz jarduera bat martxan jarri duten pertsonei, enpresa proiektua ezartzeko eta egonkortzeko.

“Proiektua ezartzeko” diru-laguntzak, 2017ko urtarrilaren lehenaren eta diru-laguntzak argitaratu ziren egunaren artean (uztailak 28), haien kabuz jarduera ekonomiko bat martxan jarri duten pertsonei zuzenduta daude, ondorengo formuletako bat erabiliz: banakako enpresariak, ondasunen komunitatea edo sozietate zibila. 5.000 eurotik gorako inbertsioa egin behar izan dute, aktibo finkoetan (makineria, instalazioak, tresnak, altzariak, informatika tresneria), Jarduera Ekonomikoen gaineko Zergan (JEZ) izena-eman aurreko eta ondorengo hiru hilabeteen artean.

Diru-laguntzak jasotzen dituzten pertsonek ondorengo baldintzak bete beharko dituzte: EAEn erroldatuta egon eta bertan bizilekua eduki, JEZen izen-emate datan Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuan lan eskatzaile gisa izena-emanda egotea, eta JEZen izen-emate dataren aurreko sei hilabeteetan jarduera berdina haien kabuz burutu ez izana. Bestalde, enpresa jarduerak EAEn eduki beharko ditu egoitza soziala eta fiskala, eta lantokiak ere bertan kokatua egon beharko du.

Diru-laguntzaren gutxieneko kopurua 3.500 eurokoa izango da, %15 handituko delarik, pertsona eskatzailea 18 eta 30 urte artekoa baldin bada, eskaera egiteko momentuan. Beste %15 handitu ahal izango da, eskatzailea emakumezkoa baldin bada.

“Proiektua egonkortzeko” diru-laguntzak, 2016ko apirilaren 16aren eta diru-laguntzak argitaratu diren egunaren artean (uztailak 28) jarduera ekonomiko bat martxan jarri duten pertsonei zuzenduta daude, enpresari indibidual, ondasunen komunitate edo sozietate zibil formuletako batekin.


Sortu berria den enpresaren promozioarekin, funtzionamenduarekin eta enpresaren gestioarekin lotutako gastuetarako jaso ahal izango dira diru-laguntzak (Gizarte Segurantzako edo Mutualitate Profesionaleko kuotak, komunikazio eta publizitate gastuak, web guneen diseinua eta RRSSa, aholkularitza eta coaching-a, formazioa), diru-laguntzaren ebazpena jakinarazi ondorengo sei hilabeteei dagozkienak.

Diru-laguntza jasotzen duten pertsonak EAEn erroldatuta egon beharko dute, eta bertan eduki beharko dute bizitokia. Aurreko deialdietan diru-laguntza berdina jaso ez duten pertsonak izan beharko dira. Enpresa jarduerak EAEn eduki beharko ditu egoitza soziala eta fiskala, eta lantokia ere bertan kokatua egon beharko da.

Gutxieneko kopurua 2.500 eurokoa izango da, %15 handituko delarik, pertsona eskatzailea 18 eta 30 urte artekoa baldin bada, eskaera egiteko momentuan. Beste %15 handitu ahal izango da, eskatzailea emakumezkoa baldin bada.


Irungo Udalak ere babesa eskainiko du, 5 deialdirekin
Hiriko proiektu ekintzaileei eta enpresei zuzendutako diru-laguntza ekonomikoak eskatzeko bost deialdiren epea zabalik du Irungo Udalak.

Ondorengo helburuak dituzte deialdiok: sortu berriak diren komertzioek edo zerbitzuetako enpresek udalerriko zenbait gunetan lokalak aloka ditzaten sustatzea; lokal komertzialen errehabilitazioa bultzatzea; enpresen sorkuntza erraztea, enpresa proiektu berritzaileak edo gazteek kudeatutakoak babestuz, e-gazte eta e-berritzaile diru-laguntzen bidez. Bestalde, Irunen kokatutako enpresei zuzendutako beste bi diru-laguntza lerro ditu, 30 urtetik beherako gazteak kontratatzeko, edo Lanbiden izena emandako langabeak kontratatzeko.


Pertsonalizatutako aholkularitza jaso nahi al duzu?
Bidasoa bizirik-ek, Mirarietako Ama Birjinaren kaleko bulegoaren bidez (“Ama Xantalen” adinekoen Udal Egoitzaren parean), diru-laguntza hauen tramitaziorako aholkularitza eta laguntza eskaintzen ditu. Interesa duten pertsonek 943 63 39 37 telefono zenbakira deitu, edo bulegoetara jo dezakete, zuzenean.

Etiquetas: